Euskal skateboardak 50 urte

Amatiño / 2016-02-21 / 251 hitz

Skateboardak ere berrogeita hamar urte betetzen ditu aurten. Sancheski enpresak 1966an ekoiztu zuen lehena. “Patinete” harek ez zuen hasieran batere harrera onik izan, jendeak ez zekien-eta zertarako balio zezakeen ere. Gero etorri ziren etorri beharreko amarruak eta trikimailuak.

Espainiar merkatuan fabrikatu zen lehen “monopatina” Irungo Sancheski enpresa familiarrak egin zuen, 1966an. Zurezkoa zen, burdinazko gurpilekin. Eta urteak behar izan zituen merkatuan zabaltzeko,  gazte jendea ez baitzen gauza, hasieran, gainean zutik jartzeko ere.

Zailtasun haren adierazgarri zehatza da, zenbait urte geroago beste euskal enpresa batek sortu zuen modeloaren izena: “Zutik Nai”, euskaraz ez zekitenek pentsatu arren japoniarra edo izan zitekeela.

Nire sasoikook ere uste genuen Sancheski enpresa kanpotarra zela, hungariarra edo. 1960ko hamarkadan Duruko maldetan (Arantzazu gainean) estreinako jantzi genituen eskiak Sancheski ziren, marka atzerritarra zelakoan. Urteak behar izan genituen konturatzeko Sanchez-sky bi izenon kontrakzioa baino ez zela.

Esan bezala, Irungo Sancheski eski-fabrikatzaileak ekin zion duela 50 urte “patineteak” edo “monopatinak” egiteari. Hurrengo bospasei urteetan hasi ziren beste marka batzuk agertzen, egurrezkoak ez ezik, plastikozkoak eta  zenbait zuntz artifizialezkoak. Euskal Herritik atera beharrik gabe, ordukoak dira harako skateboard berriak: Zutik Nai, Skider, Amaya eta Moby Board markak.

Moby Board zen Eibarko GAC-ren marka. GAC (Garate, Anitua y Compañia, S.A) 1848an sortua zen, pistolak eta errifleak egiteko. 1915ean bizikletak egiteari ekin zion; 1951an, berriz, Mobylette ziklomotorrak, eta, 1970etik aurrera, baita Moby Board skateak ere.

GACren Moby Board patinetea da, hain zuzen, nire semerik gazteenak mutikotan erabili izan zuena, eta oraindik ere etxean gordeta daukana.

Itxura denez, aitaren ezpalekoa da. Gauzarik arraroenak gordetzen dituztenetakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.