Naziak, sionistak eta txanpon bat

Beñat Hauch Embarek / 2016-02-04 / 720 hitz

Mohammed Suleiman, Ammar Souf, Tamer Souf, Ali Shamlawi eta Mohammed Kleib palestinarrak dira, 16 eta 17 urte artekoak. 13 eta 14 urte bitarte zeuzkatenean sartu zituzten kartzelan, 20 delitu baino gehiago leporatuta. Familiek 136$ ordaindu behar dituzte hilero bakoitzarengatik, estatuak ziegaren alokairua kobratzen baitie.

Inguruko lurrak okupatzen zituen kolono sionista bat autoan zihoan bere bi urteko alabarekin. Palestinar batzuk bere kotxeari harrika ekin zioten, eta kolonoak aurretik eraman nahi izan zituen. Maniobra ez zuen ondo kalkulatu, baina, eta istripu bat izan zuten. Handik hilabete batzuetara Adelle Biton, bi urteko haurra, ospitalean hil zen. Ikerketa batzuen arabera pneumoniak jota hil zen neskatoa, epaitegiek istripuarekin lotzen duten arren.

Ez dago gazteak bertan kokatzen dituen testigantzarik. Atxilotutakoan torturatu egin zituzten gazteak, eta aitormen faltsu bat sinatu behar izan zuten. Ezaguna egiten zaigu, ezta?

Mahai gainean jarri berri dudan kasu hau zer da ba? Itsasoan tanta bat ez besterik. Benetan diot, eta egunerokotasunak garbi uzten digu: Israel munduan dagoen gauza okerrena da. Ez dute parekorik. Euskalduna naiz, baita sahararra ere. Bizilagun txarra egokituz gero, bera da munduko petralena, besterik ezagutzen ez dugulako; eta hala eta guztiz ere, ez espainiar ez marokoar estatua ez dira Israelen mailara iristen.

Baina zer da Israel? Sekula ez dut oso ondo ulertu zer dela eta hitz egiten den “herri juduaz”. Ez dago “herri kristaurik”, “herri islamiarrik” edota “herri budistarik”. Budistak Nepalekoak, Indiakoak edo Tibetekoak izan daitezke; musulmanak Indonesiakoak edo Eskoziakoak, kristauak bezala. “Herri judua” kontzeptuari usain politikoa dario, eta ardatza sionismoa da.

Judutarrek beti hitz egin dute “agindutako lurrera” itzultzeko asmoaz, baina kontzeptu edo nahi erlijioso bat zen beste ezer baino gehiago. XIX.mendean, ordea, nazionalismoa ez zen gurera soilik iritsi, eta judutar gutxi batzuk dotrina politiko berri bat eraiki eta zabaltzen hasi ziren: sionismoa. Hau da, “herri judua existitzen da, beste kultura batzuekin bizikidetzan egotea ezinezkoa da eta estatu hebrearra behar dugu, Israel, Palestinan kokatuko dena“. Sionismoa ideologia politiko bat da, Israelen sorrera ahalbidetu duena; judutarra izatea beste gauza bat da, aldameneko irudiak agerian uzten duen bezala.

Sionistak bitarteko eta erraztasun asko jartzen hasi ziren judutarrak hara bideratzeko, baita orduan kontrola zeukan otomandar inperioak ere. Kontua da Europan bizi ziren judu askorentzat ideia hura astakeria bat zela. Errusiarrak eta juduak, poloniarrak eta juduak, alemaniarrak eta juduak sentitzen ziren, ez juduak bakarrik. Gehienek ez zeukaten beren etxeak eta bizitzak alde batera uzteko asmorik eurena ez zen lurralde urrun batera joateko.

Baina 30eko hamarkada iritsi zen. Alemania naziak hainbat buruhauste ekonomiko zituen, eta horren harira adostu zen nazien eta sionisten arteko akordio ekonomikoa: Haavara. Judutarrei emigratzeko erraztasunak eskaini zizkien estatu naziak, baina kondizioa Palestinara emigratzea zen. Judutar aberatsenek zerga bat ordaindu behar zuten, eta gainontzekoek euren jabetzen zati handiena atzean utzi behar zuten; hori zen naziek jasotzen zuten ordaina. Alemaniatik Palestinara joaten ziren juduak svastika zeukaten itsasontzietan iristen omen ziren. Estatu naziaren izenean akordio hau negoziatzen Eichmann egon zen, ondoren Israelen egin zioten epaiketan frogatu zen bezala. Eichmann, “Mr.Holocaust” bezala ere ezaguna.

Sionistek ghettoak kontrolpean zeuzkaten taldeak maneiatzen  zituzten, Judenrat izenekoak: kudeaketa zeraman kontseilua alde batetik, eta nazien zein sionisten aginduak betetzen zituzten polizia indar zipaioak bestetik. Judenrat kontseiluan nor deportatu eta nor ez erabakitzen zen, noren inguruan zer informazio pasa naziei, nola antolatu ghettoetako jendea… Sionismoak bere dotrina politikoa bertan zabaldu zuen, eta men egiten ez zutenak (judutar sozialista edota komunistak, esaterako), zerrendan lehenak izaten ziren, Palestinara beharrean kontzentrazio eremu batera eramango zituzten trenetara igotzeko.

Nazien eta sionisten arteko elkarlan estuak beste elementu historiko interesgarri bat utzi zuen. Txanpon bat. Palestinarrak datu historiko hau tresna politiko bezala erabili izan dute, sionismoa eta nazismoa txanpon beraren bi aupegiak direla esateko. EIN NAZI FÄHRT NACH PALÄSTINA (Nazi batek Palestinara bidaiatzen du), UND ERZÄHLT DAVON IM ANGRIFF (eta Angriff-en kontatzen dizue). Angriff Goebbelsen egunkaria zen.

Nazismoa eta sionismoak antagonikoak dirudite, baina eskutik helduta egon ziren baita milioika judu labeetan erre zituztenean ere. Orain sionismoa eta muturreko islamismoa elkarrekiko antipodetan daudela esan daiteke, hedabideek erakusten diguten jokoa aintzat hartuz gero.

Edozein azterketa politiko egiterako garaian, galdera garrantzitsuena hau omen da: “Beno, eta honek nori egiten dio mesede?” Muturreko islamismoak gerra egin zion Sadam Husseini, gerra egiten dio kurduei, Hezbollari eta Siriako Baath alderdikoen ingurukoei. Zabaltzen dituzten bideoetan behin baino gehiagotan mehatxatzen dute Europa, eta denok dakigun bezala, ez dira mehatxu hutsean geratu.

Israelek ez du muturreko islamismoaren eraso bakar bat pairatu; eta hori gutxi balitz, islamismo erradikala inguruan dituen etsai guztiei gerra egiten ari da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.