Astro Pi, bidali zure programazio-kodea espaziora

Sustatu.eus / 2016-03-10 / 250 hitz

2015eko abenduaren 15ean aireratu zen Tim Peake astronauta britaniarra Nazioarteko Espazio Estaziorantz, berarekin eraman zituen moldatutako bi Raspberry Pi ordenagailu. Bere misioaren parte izango da bi ordenagailu horiekin esperimentuak egitea, ikasleek sortutako kodearekin. Astro Pi izena eman diete Nazioarteko Espazio Estaziora bidali dituzten moldatutako Rasperry Pi hauei.

Lehenago ere aipatu izan dugu Raspberry Pi Fundazioaren helburuetako bat dela programazioaren kultura hedatzea. Ekimen honetan Erresuma Batuko espazio agentzia eta Europako espazio agentziarekin elkarlanean dihardu.

Astro Pi gailu hauek ondorengo osagaiak dituzte:

  • Raspberry Pi ordenagailua, 1 B+ modeloa.
  • Sense HAT gehigarria.
  • Kaxa sendo bat.
  • Astro Pi bakoitzak bere kamera dauka. Batak infragorria eta besteak ohiko kamera.

Sense HAT gehigarriak espazio-ontzi barruko giroa neurtu dezake, espazioan nola mugitzen ari den neurtu eta lurraren eremu-magnetikoa detektatu, eta ondorengo sentsoreak ditu:

  • Giroskopia
  • Azelerometroa
  • Magnetometroa
  • Tenperatuta neurgailua
  • Presio barometriko neurgailua
  • Hezetasun neurgailua

Bestalde, Raspberry Pi Fundazioak Python libreria bat prestatu du sentsoreetara sarrera emateko garatzaileei.

Programazio erronka

Erresuma Batuko ikasleei zuzendutako erronkak bota ditu Astro Pi ekimenak. Iaz hasi ziren ikasleei programazio-erronkak eginez eta hemen ikus daitezke iazko irabazleak (tripulazio-kideen detektagailua, NEE herrialde jakin baten gainetik igarotzean bere bandera erakusten duen aplikazioa, besteak beste). 2016an beste txapelketa bat ireki dute eta martxoaren 31 baino lehen bi hauetakoren bat programatu dezakete:

  • MP3 musika jogailu bat, Tim Peake astronautak musika entzun dezan.
  • Sonic Pi musika sortzea, MP3ak joko duen musika, programazio bidez sortu behar dena (ikusi Sonic Pi ekimenaren sortzaileak ekimena aurkezteko eman zuen hitzaldia).

Lastima ekimena Erresuma Batuko ikasleei soilik zuzendua egotea. Jarraitu Astro Pi ekimenaren Twitter kontua informazio gehiagorako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.