Arnegi eta Luzaide, hezkuntzak baturik

Maddi Ane Txoperena / 2016-04-20 / 608 hitz

Martxan da Baxenabarre eta Nafarroa Garaiko bi herrietako ikasleak elkartuko dituen proiektua. Heldu den irailetik aitzina ikasiko dute elkarrekin. Euskaraz, frantsesez eta gazteleraz eginen dute.

Erreka txiki bat baino ez dago muga administratiboak banatzen dituen Luzaide eta Arnegiko herrien artean. Baxenabarreren parte da Arnegi, eta Luzaide, berriz, Nafarroa Garaiaren barnean dago. Bata Frantziaren eta bertzea Espainiaren menpe izanagatik ere, harremana atxiki dute bi herriek, hurbiltasunez. Eta, bereziki, kontuan harturik elkarrengandik hurbilago daudela bakoitza parte den herrialdeko hurrengo herritik baino: Luzaidetik Orreagara hamabi kilometroko portu bihurgunetsu bat dago. Arnegitik Donibane Garazira, berriz, zortzi bat kilometroko bidea.

Alde bateko zein bertzeko hezkuntza sistemek banandu egiten zituzten bi udalerriak orain arte. Baina heldu den irailetik aitzina, ezta horrek ere, bi herrietako eskoletako ikasleek elkarrekin ikasiko baitute. Nafarroako Gobernua eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua ari dira proiektua garatzen, elkarlanean. Eta oraindik hitzarmen idatzirik ez badute ere, egin eginen dutela segurtatu dio BERRIAri Pierre Barriere Paueko Akademia ikuskariak: «Dena ez dago lotua, baina printzipiozko akordio bat dugu Nafarroako Hezkuntza Sailaren eta gure artean». Azken hilabeteotan hainbat bilkura egin dituzte bi aldeetako agintariek, eta bi herrietako gurasoen oniritzia ere jaso zuten joan den hilabetean.

Bi ereduez bat

Luzaideko eta Arnegiko eskolak ez dituzte fisikoki bateratuko, ordea. Izan ere, bi herrietan atxikiko dute eskola, eta ikasleak arituko dira joan-etorrian. Txandaka eginen dute: Arnegiko ama eskolako ikasleak Luzaidera joanen dira goizetan, eta euskaraz ikasiko dute bertan, Luzaideko Haur Hezkuntzakoekin batera. Arnegiko lehen mailakoak, aldiz, ez dira mugituko. Arratsaldeetan, Luzaideko Lehen Hezkuntzakoak joanen dira Arnegira, eta frantsesezko eskolak izanen dituzte han, Arnegiko lehen mailakoekin. Euskaraz, frantsesez eta gazteleraz ikasiko dute denek, beraz.

Joan-etorri horiek baino buruhauste handiagoak eman dizkie bertze zenbait elementuk, halere. Opor egutegi ezberdinak dituzte bi herrietan, programa ezberdinak, ikasgaiak… Barrierek azaldu duenez, bakoitzak atxikiko ditu bere lurraldeari dagozkion ezaugarriak. Hasieran Arnegiko zenbait ikaslek zuten arrangura ere lasaitu du: Arnegikoek ez dute erlijio irakasgaia egin beharko, hain zuzen. «Saiatu gara antolatzen sistemetan deus irauli behar izan gabe, ahalik eta gauza gehien egin ahal izateko bakoitzaren beharren arabera».

Bi eskolen arteko garraioa nola eginen duten ez dute zehaztu oraindik, baina Barrieren erranetan, ez da arazorik izanen: «Anitzez zailagoa da Arnegiko baserrietan bizi direnak herrira ekartzea Arnegitik Luzaidera eramatea baino». Giza baliabide gehiago ere jarriko dituzte proiekturako: «Nafarrek baliabide gehiago ezarriko dituzte, eta guk ere bai. Postu erdi bat gehiago aurreikusi dugu eskola kartaren barnean heldu den ikasturterako». Bi eskolak elkartu ez balira aurkakoa gerta zitekeela ohartarazi du: «Gela bakarreko bi eskola bakartu izan zitezkeenek azkenean onurak aterako dituzte indarrak batuta. Funtzionatuko dugu bi gelako eskola bat izanen bagenu bezala». Hain justu, bateratzeari esker maila guzietako ikasleak ez dira nahasian aritu beharko denbora guzian. Luzaiderekin elkartu ez balira antzeko proiektu bat Baxenabarreko herriren batekin egitea zaila litzatekeela gehitu du Barrierek: «Arnegi urrun dagoenez bertze eskola frantsesetatik, ezin izanen genuke bertze modu batera soluziorik atzeman». Luzaidekoarekin elkartuko ez balitz, ixtear legoke Arnegiko eskola, ikasle eskasiagatik.

Herriak biziberritzen

Eskola proiektu hutsetik harago doa Luzaide eta Arnegiren artekoa, alta. Izan ere, halako herri txikietan garrantzitsuak dira eskolak herrien bizia atxikitzeko. Hala uste du Kattin Begue Luzaideko alkateak. «Herriaren bizia hasten da lehen-lehenik eskolatik: haurrak eskolan, beren herrian… Herria maitatzen dute, eta haurren artean ere bada harreman bat segitzen dena handitzen direlarik». Hori dela eta, poztu egin da bateratzea aitzina doala ikusirik. Haurrek ez ezik, bi herrietako biztanleek ere indartuko dute lotura, alkatearen ustez: «Bi herrien artean badira jadanik harremanak, baina horrek sortzen ahalko ditu bertze gehiago. Lehenik haurren burasoen artean, beharko baitituzte elkarrekin gauza batzuk muntatu».

Irailera bitarte izanen dute lana oraindik alde bateko zein bertzeko irakasleek, programak bateratzeko orduan bereziki. Baina Barrierek uste du antzeko bertze proiektu batzuen aitzindari izan daitekeela behin gauzatuta: «Nafarroa euroeskualdean sartu izanak ere lagunduko du».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.