Ander Perez / 2016-04-25 / 170 hitz
2015ean argitaratutako liburuen artean Agirreren Atertu arte itxaron eleberria izendatu dute obrarik gogokoen akademiako kideek. Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok nobelarekin lehiatu da.
1997. urtean Beterriko Liburua izendun saria sortu zuenetik, euskaraz argitaratutako libururik “gogokoena” hautatzen du urtero 111 Euskal Literaturazaleen Akademiak. Aurtengo bozketan 197 akademiakidek hartu dute parte, eta urtarriletik hona eginiko bozketa prozeduraren ostean, ebatzi dute aurtengo irabazlea: erabaki dutenez, Katixa Agirreren Atertu arte itxaron izan zen 2015eko euskarazko obren artean akademiako kideen gustukoena.
Hiru bozketa txanda izan dira azken emaitzara iritsi aurretik. Lehenengoan, 2015ean kaleratutako euskarazko libururik gogokoena aukeratzeko eskatu zitzaien akademiako kideei. Proposatutako guztien artean boto gehien zuten bost obrak igaro ziren bigarren fasera: Imanol Murua Uriaren Ekarri armak, Jon Alonsoren Hiri hondakin solidoak, Joxemari Iturralderen Perlak, kolpeak, muxuak, traizioak, Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok eta Katixa Agirreren Atertu arte itxaron. Saizarbitoriaren lana izan zen gehien bozkatua txanda horretan, baina, botoen %40ko langa gainditu ez zuenez, bigarrenarekin, hots, Agirreren eleberriarekin pasatu zen lehiara. Azkenean, idazle gasteiztarraren road movie-a aukeratu dute akademiakideek. Maiatzaren 5ean jasoko du saria Agirrek, Andoaingo Bastero kulturgunean.