Kopia faltsuen loraldi garaia

Ivan Santamaria / 2016-05-12 / 1132 hitz

Nazioarteko merkataritzan gaur egun salerosten diren produktuen %2,5 dira faltsutzeak. OCDEren arabera, urtero 400.000 milioi euro mugitzen dituen negozioa da, eta ekonomia ezkutuari ekarpen handiena egiten dion sektorea, «ziur aski narkotrafikoaren gainetik».

Itxura ona zeukaten, berde ilun koloreko oliba distiratsuak, baina arazo bat zegoen: faltsuak ziren. 85.000 tona oliba konfiskatu zituela jakinarazi zuen Italiako Poliziak joan den otsailean. Egiaz, oliba zaharrak ziren, eta faltsutzaileek kobre sulfatoarekin tratatu zituzten, jatorriko kolorea itzultzeko asmoarekin. Hemeretzi lagun atxilotu zituzten operazio horretan. Beste sarekada batean, 7.000 tona oliba olio konfiskatu zuten poliziek. Merkatuko oliorik onena —birjina estra— zela zioen etiketak, baina DNA probek frogatu zuten oliben jatorria ez zela Italia, Turkia edo Siria baizik.

«Ez da bakarrik denok buruan dugun supererlojua», zehaztu du Rolf Alter OCDE elkartean gobernu publiko saileko zuzendariak. Globalizazioaren eskutik, faltsutzeak asko zabaldu dira. Marka ezagunetako arropari eta luxuari leporatu ohi zaion gaitza da, baina aduanetan ikuskatutako salgaien azterketak bestelako irudi bat eskaintzen du. Produktuak sailkatzeko 90 kategoria erabiltzen dira, eta 60tan aurkitu dituzte kopiak. Ia edozeren kopia piratak egiten dira: poltsak eta erlojuak, noski, baina baita jostailuak, janaria edo tresna medikoak ere.

Fenomenoa neurtzeko ahalegin berria egin du OCDEk. Kasu honetan, 2011. eta 2013. urteen artean aduanetan konfiskatu diren milioi erdi produktu fisikoen datuak izan ditu eskura, 90 herrialde baino gehiagokoak. Azterketaren bidez, produktu faltsuen inportazioari eta esportazioari argia ematen saiatu da, EUIPO EBko Jabetza Intelektualeko Bulegoarekin elkarlanean. Hau da, batetik bestera mugitzen den merkantzia faltsutzeaz ari da, eta ez herrialdeen barruan edo Interneten egiten denaz.

Atera dituzten ondorioekin harrituta daudela onartu dute egileek. Neurriak espero zutena gainditu du. «Ondasun faltsuen komertzioak eragin erraldoia du nazioarteko merkataritzan, eta handitzen ari da», ohartarazi zuen EUIPOko buruak, Antonio Campiñosek, txostenaren aurkezpenean. Mugaz gaindiko inportazio-esportazio eragiketetan dauden produktuen %2,5 faltsuak dira. 2008. urtean inportazioen %1,9 zirela kalkulatu zuten. Europako Batasunean are handiagoa da kopurua: %5. Logika ere badu. Bloke aberatsa da Europa, eta kopia ekoizleentzat halako merkatuek dute benetan balioa.

Hau ez da korridore ilunetako tailer txikietan egiten den iruzurra. Produktuak lantegi handitan ekoizten dira, seriean, eta mundu osora banatzen dira gero. Urtero 400.000 milioi euro mugitzen dituen negozio erraldoia da. OCDEren ustez, munduko ekonomia ezkutuari ekarpen handiena egiten dion sektorea, «ziur aski narkotrafikoaren gainetik». Kaltea bi norabidetan egiten zaio ekonomia arruntari. Batetik, faltsututako produktuen jatorriko jabeei eragiten die, baina, bestetik, zergapekoak ere galtzaile ateratzen dira. «Produktu faltsuek ez dute zergarik ordaintzen», azaldu zuen Campiñosek.

OCDEk aipatu du, kasu batzuetan, «terrorismoa» eta erakunde kriminalak finantzatzeko erabiltzen dela produktu faltsuen salmenta. Txostenak ez du gaian sakontzen, baina iaz Europolek ateratako beste dokumentu batean, atzetik dauden sareen inguruko informazio gehiago bildu dute.

Oro har, faltsutzeen negozioa beste negozio sare batzuen barruan dagoela ziurtatu du Europolek, eta, normalean, droga edo pertsonen trafikoari edo diru garbiketari lotuta agertzen dira talde horiek. «Ondo antolatuta dauden taldeak dira, eta nazioarte mailako logistika, hornidura eta banaketa sareak dituzte, dirua garbitzeko egiturekin batera», laburbildu dute txostenean.

Hainbat adibide ematen ditu Europolek. Bulgaria, Txekia, Alemania, Hungaria eta Serbiako mafia bat atxilotu zuten, garbigarri eta xanpu faltsuak mugitzen zituena. Albaniako mafiak ere aipatzen ditu, zigarreta faltsuen ekoizpen eta komertzioan aritzen direla egotzita.

Adibide interesgarriena, ziur asko, Italiako Camorraren eta Txinako mafien arteko elkarlana da. Markarik ez duen arropa sartzen da Napoliko portuan —ez da legez kanpoko inportazioa—, eta ondoren marka ezagunen logoak josten zaizkio, Europan zehar banatzeko. Europolek onartu du ez dituela terrorismoa eta produktu faltsuen salerosketa zuzenean lotzeko datu zehatzik, baina Interpolen ikerketa bat aipatu du. Mokhtar Belmokhtar Magrebeko Al-Qaedako ustezko burua Mediterraneoan zigarreta trafikoan aritzen dela ondorioztatu du Interpolek.

Txinatik datoz

Produktu faltsuen jatorriak ez du zalantza askorako lekurik uzten. 2013an atzemandako kopia faltsuen %63 Txinatik iritsi ziren. Hong Kong gehituta, %84 adierazgarri batera igotzen da kopurua. Asiako erraldoiak ondasunen piraterian jokatzen duen rola egia deseroso bat izan ohi da nazioarteko merkataritza foroetan. Munduko fabrika bihurtu zuten Txina ekonomia aurreratuek, baina anbizio horrek buelta izan du. OCDEk ez dio aparteko garrantzirik eman Txinaren nagusitasunari. Aldiz, azpimarratu du gero eta legez kanpoko kopia gehiago egiten zaizkiela Txinako enpresen salgaiei, eta, jatorria argi izanda ere, produktu faltsuak pasatzen diren 168 herrialde zenbatu dituztela. Hots, mundu ia osoa zeharkatzen dutela.

Denek ez dute Txinako egoerarekin axola gabe jokatu nahi. Adibide bat ikusi da asteon. Gucci markaren AEBetako filialak utzi du Faltsutzeen Aurkako Nazioarteko Aliantza. Elkarte horrek munduko enpresa handiak biltzen ditu, patenteen eta jabetza intelektualaren defentsan. Guccik protesta egin nahi izan du, elkartearen ateak ireki zaizkiolako Txinako Alibaba merkataritza konpainiari. Aliantza utzi duen beste talde batek, Michael Kors diseinatzailearenak, «aurkari arriskutsu eta kaltegarritzat» jo zuen Alibaba, produktu faltsuen salerosketa ahalbidetzen duela egotzita. Txinako enpresak ukatu ditu akusazio horiek.

Jabetza intelektualaren eskubideak dituztenei balio ekonomikoa ematen dien edozer bihurtzen da faltsutzaileen jomuga. Oinetakoak agertzen dira lehenbizi gehien kopiatzen diren produktuen zerrendan. Luxuzko kontsumoari lotutakoak ere lehen postuetan daude: erlojuak, larrua, edo lurrinak. Edozer kopiatzea posible da: botikak, jostailuak, kosmetikoak edo janaria bera. «Botika, ordezko pieza edo jostailu faltsu batzuk oso kalitate eskasekoak dira, eta osasun nahiz segurtasun arrisku esanguratsuak sortzen dituzte», ohartarazi dute egileek.

Lau marka ere propio aipatzen ditu ikerketak: Nike, Louis Vuitton, Ray Ban eta Rolex. Faltsutzaileen gogokoenak dira. Konfiskatutakoaren balioari erreparatuta, bost eurotik bat jatorrian AEBetako enpresen jabetza diren salgaiei dagokie. Italiako enpresak (?14), Frantziakoak (%12) eta Suitzakoak (%11) agertzen dira kaltetuen artean. Negozio ereduari zuzenean eragiten dio. Produktua bera egiteko baino gehiago, gero eta enpresa gehiago ari dira milaka milioi gastatzen marka eraiki eta euren burua bereizteko ahaleginean.

Bezeroak jokoan

Edozein merkatuk bi bide ditu. Eskaintza handia dago, bistan da, baina horrek agerian uzten du eskaera ere ez dela txikia izango. Hots, badirela produktu faltsuak nahita bilatu eta erosten dituzten bezeroak. Logika du, baina kontrakoa ere gertatzen ari dela ohartarazi du OCDEk. Produktu pirata batzuek lortzen dute merkatu arruntetan sartzea, eta zilegizkoak balira bezala saltzen dira. Iruzurraren irabaziak biderkatzen ditu horrek.

Jabetza intelektualaren eta kopien inguruan dagoen iritzi publikoa jasotzen ahalegindu dira Europako erakundeak. Joan den urtean inkesta zabal baten emaitzak jakinarazi zituzten. Oro har, oso handia da herritarek jabetza intelektualari aitortzen dioten balioa; baina emaitzak tentuz hartu beharrekoak dira, gauza bat delako herritarrek zer egiten duten eta beste bat zer onartzeko prest dauden.

Inkestaren arabera, Europako Batasunean soilik herritarren %4k onartu dute aurreko urtean produktu faltsuren bat nahita erosi izana. Azterketa zabalagoa da, eta egoeraren araberako jarrera ere neurtzen saiatu dira. Hala, herritarren %14k justifikatzen dute kopiak erostea originalak luxuzko gaiak direnean, eta %17k kalitateak axola ez duenean.

Beste baldintza batzuetan moral apur bat lausoagoa dute herritarrek. Ia laurdenek onartu dute produktu faltsua erostea benetakoaren prezioa oso garestia denean. Erantzun deigarrienak aldarrikapenarekin du zerikusia. Herritarren %38k uste dute bidezkoa dela kopiak erostea protesta egiteko merkatu ekonomiaren eta marka handien aurka.

Bezeroaren ikusmoldea kritikoa da jabetza intelektualaren defentsa egiten duten erakundeentzat. Izan ere, Interneteko merkataritzak eta digitalizazioak inoiz baino errazago egin dute produktuak herrialde batetik bestera mugitzea. Hala, konfiskatutako produktu gehienak modurik errazenean garraiatu ziren: posta bidez. Jendea konbentzitzeko asmoz, prezio merkearen itzalean badagoela beste kostu bat argudiatu du EUIPOk: Europan enpleguaren %35 eta kanpo esportazioen %90 jabetza intelektualean intentsiboak diren industriei esker lortzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.