Suntsipenaren bihotzetik

Iñigo Astiz / 2016-09-08 / 965 hitz

Hondamendiaren bihotzera eraman nahi izan du kamera Koldo Serra zinemagile bilbotarrak Gernika filmarekin. Ia hogei minutu eskaini dizkio pelikula amaiera ikusgarrian Kondor Legioko hegazkinek 1937ko apirilaren 26an herrian eragindako txikizioa erakusteari.

Bonbez ihesi doaz protagonistak, eta haiei segika kamera: detaile guztiak harrapatzen ditu. Infernuan daude. Arropak apurtu eta belztuta, etxeko ataria giltzaz irekitzen ari da emakume bat, adibidez, baina jadanik ez dago etxerik. Auto azpian babes hartu nahi izan du gizona batek, baina orain ez da gorpu erre bat baizik. Babeslekura sartu da emakume bat, baina inork ez du bertan nahi, semea faxistekin dagoelako. Gorpuzkiak eroritako eraikinetan. Eta erasoa amaitzean, eta soilik erasoa amaitzean, Mikel Laboaren musika, baina hondamendiaren irudiekin. Picassoren koadroaren irudiekin uztartzen dira gero pelikulako irudiak. «Koadroa atera beharra genuen», dio zuzendariak. Eta ez du ukatzen ere, sei milioi euroko aurrekontuarekin, James D’Arcy, Jack Davenport, Maria Valverde eta Barbara Goenaga aktoreek ostatutako aktore talde garran- tzitsuarekin, eta Sony etxearen banaketarekin bere Gernika osatu nahi izan du berak ere. Malagako zinema jaialdian aurkeztu zuten lehenengoz bonbardaketaren urteurrenean, atzo aurrestreinaldia eskaini zuten Bilboko Guggenheim museoan, eta ostiralean estreinatuko dute aretoetan.

Gidoia martxan zela jaso zuen enkargua Serrak, eta harrituta gelditu zen ordura arte bonbardaketari buruzko filmik ez zegoela jakitean. «Ekoizleek deitu nindutenean, nik uste nuen gaiari buruzko hirugarren edo laugarren pelikula izango zela nirea, eta Gernikari buruzko fikziozko beste pelikula bat izango zela nirea, baina bilatu nuen han, bilatu nuen hemen, eta ez zegoen ezer. ETBk egindako telefilm bat dago, eta kito».

Euskal Herrian egin dituzte filmaketaren parte batzuk, gainera, eta, Serrak kontatzen duenez, bonbardaketako biktima batzuk ere izan dira filmaketetan. «Aktoreek zuzenean hitz egin ahal izan zuten haiekin, eta ikaragarria izan zen. Haiek bertan egotea eta haien onespena jasotzea oso polita izan zen. Ongi ari ginela sentitu genuen, eta lasaigarria egin zitzaigun jende hura bertan eduki ahal izatea. Filma jende askok ikustea nahi dugu, baina oso benetakoa eta oso serioa den zerbait kontatzen ari gara».

Pelikula nazioarteratzea izan da asmoa hasieratik, eta, horregatik, ingelesa da filmeko hizkuntza nagusia. Hala ere, euskaraz, gazteleraz eta alemanez ere mintzo dira pertsonaiak, testuinguruak hala eskatzen duenean. Ingelesez ari dira nazioarteko kazetariak, esaterako. Euskaraz eta gazteleraz gernikarrak, aurrean duten pertsonaren arabera. Eta alemanez Kondor Legioko militarrak.

Bonba arteko maitasuna

Gerran kokatutako drama erromantiko bat da filma funtsean, eta maitasun istorio bat du ardatz. Kontra dute giroa, baina maitemindu egiten dira errepublikako propaganda eta komunikazio arduradun Teresa (Maria Valverde) eta ofizioarekiko lilura erabat galdua duen Henry izeneko kazetari estatubatuarra (James D’Arcy). Haiek dira filmeko protagonistak, eta haien bidez garai baten erretratua ere eskaini nahi izan dute gidoigileek eta zinemagileek. Izan ere, 36ko gerran berriemaile aritutako figura ezagunei egindako omenaldia ere bada pelikula. Izen-abizenez aipatzen dira, adibidez, George Steer, Martha Gellhorn, Robert Capa eta Ernest Hemingway, baina berriemaile haiek propaganda aparatuen zentsurarekin izandako gorabeherak ere ikus daitezke.

Errepublikaren alde, baina nazioarteko kazetarien testu eta komunikazio guztiak zaintzen eta haietariko batzuk zentsuratzen ageri dira, adibidez, Valverde eta Goenagak jokatzen dituzten pertsonaiak. Serra: «Kanpoko kazetari baten begiradaren bidez kontatzen dugu pelikula, eta hori gustatzen zait. Gainera, iruditzen zait alemaniarrek zer egin zutena aski argi dagoela, eta inork ez duela jartzen zalantzan Francok edo Molak gertatutako hartan izan zuten zerikusia. Gidoiak hainbeste landu ez den ikuspegi hori eskaintzen du, eta gustatzen zait hori. Oso interesgarria da, gerretan ez baitago onik eta gaiztorik, bi aldeak daude gaiztoz eta onez beteta, eta azken batean, gerra beti da gerra».

Euskal Herrian kokatuta dago akzio guztia, eta 1936ko gerra da ikusten dena. Ageri dira gudariak lubakian borrokan, ageri dira frankistak ere planoren batean, baina bereziki pisu berezia hartzen dute Sobietar Batasuneko ordezkariek eta pilotu naziek. Ez da kasualitatea. Izan ere, 1936ko gerrari buruzko filmekin baino gehiago, II. Mundu Gerrari buruzko filmekin lotu nahi izan du Serrak Gernika. «Alemaniarrentzat II. Mundu Gerrarako entsegu moduko bat izan zen Gernikaren aurkako bonbardaketa. Gerra hartan hastapenetan ikusi daitezkeen informazioa manipulatzeko metodoak ere garatu egin ziren gero. Eta nik neuk ere, formalki pelikulari II. Mundu Gerra atariko itxura bat eman nahi nion. II. Mundu Gerrako gerrak izan ditut etengabe erreferentziatzat horregatik, eta iskin egin nahi izan diet Gerra Zibilean topiko bilakatu diren sepia eta okre kolore horiei».

Emakumeen presentzia

Serrak dioenez, film klasikoen estetika eman nahi izan dio Gernika-ri Serrak, eta horregatik saiatu da plano garbi eta dotoreak errodatzen. Azken 20 minutuetako bonbardaketaren kaosak erabat desegiten du, ordea, sekuentziaz sekuentzia eraikitako estetika hori guztia. Nahita. «Oso argazki politarekin hasten da dena, gero dena suntsitzen amaitzeko. Pelikula osoan dago nire eskua, baina egia da azken zati horretan nabarmenagoa dela».

Koadroa ezagutzen zuen James D’Arcy aktoreak, eta gidoiari esker izan zuen Gernikan gertatutakoaren berri. «Banekien zerbait Espainiako Gerra Zibilari buruz, baina ez Gernikako bonbardaketari buruz, eta ikaragarria izan zen gidoia irakurri ahala hemen gertatutakoa II. Mundu Gerrarako prestaketa bat izan zela ulertzea, eta hor sentitu nuen istorio hau kontatu egin behar zela». Oso lan giro ona izan dute taldean, dioenez, eta bonbardaketa eszena da gogoratzen duen zatirik zailena. «Eguzkiak gogor jotzen zuen, bonbak lehertzen ziren, korrika saioak egin behar izan genituen, eta gure inguruan zuzendariak nahita bilatutako kaos giro hori zegoen».

Ingelesez, gazteleraz eta euskaraz aritzen da filman Maria Valverdek jokatzen duen pertsonaia, eta euskara lantzeko esfortzu berezia egin behar izan duela dio. «Aholkulari izan dudan emakumea bikaina izan da, eta gainera inspirazio iturri izan zait nire pertsonaia lantzeko». Aktore berririk onenaren Goya saria jaso zuen Valverdek La flaqueza del Bolchevique pelikulan egindako lanagatik. Pertsonaia indartsua jokatzea suertatu zaio orain Gernika-n. «Dirdira berezia dute emakumezko pertsonaiek filman: gogorrak dira guztiak, orduan gogor izan behar zutelako».

Pozik Barbara Goenaga ere emakumezkoen karakterizazioarekin. «Hori da gidoian gehien gustatu zitzaidana: emakumeak beti egon dira hor eta paper garrantzitsua bete dute, baina ez da beti ikusi. Baina berriemaileen paperarekin batera emakumeena ere argi erakusten du Gernika-k». Lan taldean izandako giroa azpimarratu du, eta filma jatorrizko bertsioan ikusteko gomendioa egin du. «Oso garrantzitsua da hizkuntza aberastasun hori testuingurua ulertzeko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.