Doako GPS baliza bat sortu dute

Bidatz Villanueva Etxague / 2016-10-15 / 587 hitz

Seekios du izena mundu osoan dohainik erabil daitekeen lehen txip geolokalizatzaileak. Euskal Herriko gazte talde batek sortu du enpresa, eta Angelun (Lapurdi) dute egoitza. Urte bat daramate proiektuan lanean.

Arrautza txiki baten tamainako gailua da. iOS eta Android sistema duten sakelako telefonoekin bateragarria den aplikazio bat jaitsi, eta GPS balizarekin sinkronizatu behar da lehendabizi. Horrela, erabiltzaileak gailua non dagoen jakin dezake momentu oro. Halaber, perimetro bat jar dakioke GPSari, ezarritako eremutik ateraz gero telefonoan abisu bat jasotzeko. Larrialdirako botoi bat ere badu, eta, hori sakatuz, aurretik ezarritako lagunek jasoko dute abisua. Nahi beste Seekios sinkronizatu daitezke sakelakoarekin. Beste pertsona batzuek Seekiosaren kokapena eta alertak jaso ditzaten aukera ere badu. Doakotasuna da GPSaren berezitasuna. Baliza erosita erabiltzaileak ez du hilabeteko kuotarik ordaindu behar kokapen zerbitzua erabiltzeagatik.

Munduko 70 herrialdetan izanen da doakoa, eta gainontzekoetan roaming-ak ezartzen dituen prezioen arabera ordaindu beharko dute erabiltzaileek. Telefono konpainiekin negoziazioetan dago enpresa Seekiosaren doako zerbitzua zabaltzeko.

Stephan Arnas 24 urteko gaztea da proiektuaren fundatzailea. Musika talde batean jotzen du, eta, aireportu batean gitarra lapurtu ziotelarik, GPS bila ibili zen halakorik berriro ez gertatzeko. Arnasek ez zuen aurkitu gustukorik, eta, ingeniaria denez, haren beharretara egokitutako GPS bat sortzeari ekin zion. «Saltokietako GPS mota horiek ordainpekoak dira, eta hileroko kuota bat ordaindu behar izaten da. Horretan datza Seekiosen berrikuntza nabariena, dohainik dela», azaldu du Joanes Andueza enpresako komunikazio arduradunak.

Zerbitzua dohainik izatearen trukean, kokaleku zerbitzua erabiltzerakoan publizitatea agertuko da telefonoaren pantailan. Googlerekin egin dute hitzarmen bat. Erabiltzaileak publizitatea saihestu nahi izanez gero, hilabeteko harpidetza bat ordaintzeko aukera izanen du.

Banaketa, aurki

Arnas proiektuarekin hasi zenean, merkatuan lehiakorra izanen zen GPS bat sortzea zuen helburu. Baliza merkeenek 100 euro balio dute, eta, hasiera batean, 70 eurotan saltzeko asmoa zuen Arnasek. Helburu hori, ordea, ezin izan zuen bete eta 99 eurotan dago salgai. Lehen produkzioan 3.500 gailu eginen dituzte. Horren aurretik, ale batzuk jada jaso dituzte enpresan, ongi funtzionatzen duela egiaztatzeko eta aplikazioari azken ukituak emateko.

Egun, Seekios GPS eredu bat besterik ez dute, baina hainbat tamaina eta formatutan produzitzeko asmoa dute, Anduezak dioenez: «Orain banatuko dugun GPS baliza txakur handi bati jartzeko erabil daiteke, baina handiegia da katu bati jartzeko». Erabilera espezifikoko GPS balizak egin nahi dituzte hurrengo produkzioetan.

«Etikoki zilegi den asko galdetzen digute», aipatu du Anduezak. Izan ere, ondasunak kontrolpean izateko balio dezake gailuak, baina zilegi ez den erabilera eman ahal diote askok. Norbait kontrolpean edukitzea, adibidez. «Guk segurtasun parametro batzuetan sortu dugu. Hasieratik, hori izan da gure irizpide nagusia».

Izan ere, txip geolokalizatzailea kontrol mekanismo gisa erabil daitekeela kontziente dira proiektuaren sortzaileak: «Guk gauza jakin batzuetarako sortu dugu, baina ezin dugu kontrolatu jendeak zein erabilpen eginen duen». Auto bat edukitzearekin parekatu du: «Auto bat arma gisa erabil liteke, nahiz eta saltzen duenak helburu horrekin ez egin». Dena den, erabilera gida bat sortu dute, erabiltzaileak kontuan har dezan. «Pertsona bat kontrolatzeko erabiltzea delitua da», oroitarazi du Anduezak.

Azaro erdian hasiko dira gailua banatzen. Eskaerak jada jaso dituzte hainbat herrialdetatik. Saltokietan Ipar Euskal Herrian eta Frantzian soilik jarriko dituzte, baina beste herrialdetako merkatuetan eskuragai jartzeko asmoa dute.

Merkaturatu baino lehenago jaso duten eskari kopurua handia izan da, baina hala behar zuen aurresalmentak. Horregatik, banaketa eta gailuak daraman SIM txartelaren zerbitzua dohainik dira.

Hamalau lagunek osatzen dute Seekios, baina urte amaierarako hogeira handitu nahi dute langile taldea. Milioi bat euro baino gehiagoko kapitala du enpresak, eta ehun bat akziodun ditu, gehienak Ipar Euskal Herrikoak. Hazkundea nabaria izan da. Hastapenean, 2015eko apirilaren inguruan, hiru akziodun zituen enpresak, eta 3.000 euro inguruko kapitala. Enpresa pribatuek eta banakoek eginiko inbertsioaren bidez lortu dute. Kickstarter kanpainaren bidez,1.200 herritarrek baino gehiagok egin diote diruzko ekarpena proiektuari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.