Zenbat denbora beharko dut telesail bat osorik ikusteko?

Sustatu.eus / 2016-11-08 / 265 hitz

Telesailen urrezko aroan bizi gara. Ikusleok sekulako eskaintza daukagu gure esku, eta izugarrizko kalitatea. Eskaintza zabal horren aurrean, telesail bat edo beste aukeratzeko orduan, zenbait irizpide jarraitzen ditu ikusleak, eta horien arteko bat izaten da denborarena: zenbat denbora beharko dut telesail jakin bat osorik ikusteko? Sarean badaude zenbait tresna hori kalkulatzen dizutena, hala nola Tiii.me edota Binge

Azken urteotan izugarri handitu da telesailetarako zaletasuna. Garai bateko Hollywoodeko zinemaren urrezko aroa izan zen bezala, azkenaldian telesailen (edo telebistaren) urrezko aroa bizi dugula esan ohi da. Kalitateaz gain, ikusleok eskaintza zabala ere badugu gure zain. Aukeran, baina, batzuetan zabalegia da eskaintza hori. Horregatik, ikusleak zenbait irizpide eta tresna beharko ditu telesailik aukerakoena hautatzeko, eta irizpide horien artean egon daiteke, besteak beste, denborarena. Zenbat ordu (edo egun) beharko ditut telesail jakin bat osorik ikusteko?

Galdera hori, behin telesail bat ikusi ondoren ere egin diezaiokezu zeure buruari: “zenbat denbora ‘galdu’ dut telesail hau ikusten?“.

Bada, horixe da sareko zenbait tresnak kalkulatzen dizutena. Horietako xinpleenetako bat da Tiii.me, software librean garatua, The Movie Database APIa erabiliz garatua eta GitHub-en kontsulta daitekeena. Eta horren antzekoa da Bingeclock webgunea ere, non ehunka telesailen inguruko informazioa metatzen duten.

Horien bidez jakin dezakegu, adibidez, Game of thrones maratoi bat egiteko, eta oso-osorik ikusteko, 2 egun eta 11 ordu beharko ditugula. Sherlock ikusteko, ostera, nahikoa direla 19 ordu; horretara jarriz gero, egun betean ikusteko modukoa. The Simpsons ikusteko, berriz, 12 egun eta 13 ordu behar dira, eta Big bang theory hasi-eta-buka egiteko, 4 egun eta 11 ordu.

Guzti horrek zertarako balio digun? Ziurrenik ezertarako ere ez. Baina gutxienez jakingo dugu Doraemon ikusteko nahikoa direla 13 egun 15 ordu eta 37 minutu. Zuri luzeago egin zaizkizu, ezta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.