Edurne Elizondo / 2016-11-02 / 582 hitz
Bost minutu eskatu dizkiete Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako biztanleek Nafarroako Parlamentuko kideei. Bost minutu, lege bat onartzen duten bakoitzean arau horrek eskualde horretako herritarrengan izanen duen eraginari buruz pentsa dezaten. 1.400 pertsonak baino gehiagok egin dute bat jada eskaera horrekin, Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiak eta Bizirik Gaude elkarteak sarean martxan jarri duten sinadura bilketaren bidez. “Mugimendua eragin nahi dugu; kontzientzia hartu, eta bat egin dezatela herritarrek, gure gabeziak eta arazoak mahai gainean jartzeko”.
Gabeziak, arazoak eta desorekak. “Bazter” direla sentitzen dute Ekialdeko Pirinioetako biztanleek. “Bigarren mailako herritarrak” direla nabarmendu du Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kide Joseba Martinezek. Aurizberrin bizi da, eta argi du herria ez duela utzi nahi. Eskualdean etxebizitzaren, enpleguaren eta hezkuntzaren arloan dauden arazoek, ordea, jende anitz bultzatzen dute herriotatik herri handiagoetara edo Iruñera. Herriak hustuz joan dira, eta kinka larrian gelditu dira zerbitzu anitz. Egoera hori irauli nahi dute hango herritarrek, eta horregatik jarri dute martxan sinadura bilketa. Merezi duten arreta jaso nahi dute. Horretarako eskubidea badutelako. “Zergak ordaintzen baititugu, bertze edozein herri edo hiritako herritarrek bezala”.
Ekialdeko Pirinioetako ibarretako hiru dira Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzukoa. Herriotako populazioaren mugimenduak erakusten du Martinezek azaldu duen errealitatea. Erronkarin, populazioak goia jo zuen 1910. urte aldera, 4.704 biztanlerekin. 2.344 ziren 1975. urtean; 1.644 2005ean; eta 1.423, berriz, 2015ean. Aezkoan, 3.679 pertsona bizi ziren 1857. urtean; 1.546 ziren 1975ean; 1.046 biztanle zituen ibarrak 2005. urtean; eta 903 baino ez iazko datuen arabera. Populazioak behera egin du, halaber, Zaraitzun: 4.073 ziren 1857. urtean; 2.448 1975ean; 1.704 2005. urtean; eta 1.478, azkenik, iaz.
Populazioaren beherakada ez da arazo bakarra. “Orografiak eta klimak ere eragiten digute. Gutxi gara, eta sakabanatuta gaude, gainera. Eskoletan ahaleginak egin behar ditugu ratioak betetzeko eta eutsi ahal izateko”. Osasunaren arloan, anbulantzia herrietara ailegatzeko “zailtasun handiak” daudela erantsi du Martinezek, eta etxebizitzaren eta enpleguaren esparruan dauden “eredu zaharkituek”, berriz, ez dutela aukera ematen herrien husteari aurre egiteko.
Legeak eta justizia
Martinezek argi eta garbi erran du: “Nafarroako Gobernuari dagokio zerbitzu publikoak bermatzea”. Eta, horretarako, ustez denentzat egindako legeek sor ditzaketen “desorekei” so egiteko eskatu diete Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kideek herrialdeko agintariei. Eskolako ratioen adibidea aipatu du, berriz ere. “Lege bat denentzat izateak ez du erran nahi lege horren oinarrian justizia dagoenik”. Ekialdeko Pirinioetako herrientzat bertze hainbat txokotako herrietan baino anitzez ere zailagoa izan baitaiteke legeak ezarritakoak betetzea.
Pirinioko herrien errealitatea “desitxuratzen” duen bertze elementu bat aipatu du Martinezek. Pirinioak erraten denean zer herri eta ibar aipatzen diren, hain zuzen ere. “Agoitz, Zangoza eta Baztanen gisako udalerrietako errealitatea eta gurea ezberdinak dira”. Ondorioz, Martinezek uste du Pirinioetaz hitz egiteko herriotako datuak sartzen dituztenean benetako errealitatea ezkutatu bertzerik ez dutela egiten. “Agoitzen, adibidez, industria dute, baina guk ez”. Sinadura bilketa martxan jarri dutenek zehaztu dute Ekialdeko Pirinioek zer eremu hartzen duten: Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Artzibar, Erroibar, Orreaga, Auritz, Luzaide, Orotz-Betelu eta Nabaskoze almiradioa.
“Gure eskualdean lehen sektorea inportantea da, baina egoera, egun, ez da ona”, azaldu du Martinezek. Turismoak azken hamarkadan izandako gorakada nabarmendu du, halaber. “Jende anitzek egin du horren aldeko apustua; herriko etxea moldatu, eta landetxe bilakatu dute”.
Hiriko jendearentzat, hain zuzen ere, asteburua edo oporrak pasatzeko tokia dira, neurri handi batean, Pirinioak. “Guri ongi iruditzen zaigu jendea honat etortzea asteburua pasatzera; baina kontuan hartu behar da gu hemen gelditzen garela haiek joaten direnean”.
Turismoaren esparrua bakarrik bultzatzeak ere ondorioak izan ditzakeela uste du Martinezek. “Turismotik bizi bagara, kontuan izan behar dugu gure herrietan kulturaren arloko eta bertze hainbat alorretako aldaketak gertatzen ahal direla”. Egungo testuinguruan “etorkizuna bermatzea” zaila dela erran du Martinezek, eta horrek eragiten dio tristura. “Izan beharko genuke aukera hemen bizitzeko, nahi dugulako, orekari eutsiz”. Parlamentariak Pirinioetara begira jarri nahi dituzte. Aurrera egiteko.