Historiaurrearen mapa osatzen. Betetzen ari den hutsunea

Ainhoa Larrabe Arnaiz / 2017-03-19 / 1592 hitz

Aldatzen ari da Euskal Herrian Paleolitoak izan duen mapa. Azken hamarkadetako aurkikuntzek zalantzan jarri dute historiaurreko historiografiak euskal lurraldeetan marraztutako «hutsunea». Labar artea duten leizeak dira horren adibide: hamazortzi aurkitu dira 2000. urtetik hona.

Nekez ikusiko dute zerbait aldez aurretik ezer ez dagoela sinetsia duten begiek. Miopia duenari betaurrekoak jartzeak sortzen dion efektu bera sorrarazi du Diego Garate arkeologo eta labar artean adituak azken urteetan. Mañariko Askondo (Bizkaia) leizezuloaren sarrerako orban gorriak ezkerrera begira dauden bi zaldi direla azaldu zuen 2011n. Orbanak lehen, betaurrekoak jarri, eta duela 25.000 urte gizakiak egindako margoak orain. Herritarren artean ezaguna da Askondo haitzuloa, eta indusketa arkeologikoak ere egin zituzten bertan XX. mendean. Duela sei urtera arte inork ez ditu margoak ikusi, ordea. Gauza bera gertatu da beste hainbat tokitan ere. Euskal Herrian Paleolitoko labar artedun dozena inguru haitzulo zegoen 2000. urtera arte. 34 dira orain. Historiaurreko aztarnategien eztanda izan da Euskal Herrian azken bi hamarkadetan, eta horren adierazlea da margotutako leizeen aurkikuntza. Betetzen ari da paleolitoko labar artean Euskal Herriak izan duen «hutsunea», Garateren arabera. Bat dator Alvaro Arrizabalaga EHUko Historiaurreko irakaslea ere. «Gure ikuspegia aldatzen duten hainbat aurkikuntza egin dira azken hamarkadetan».

Oasi bat izan da Euskal Herri inguruko lurraldeek dituzten Paleolito garaiko margoekin alderatuz gero; eta hutsune gisa ikusi dira euskal lurraldeak horregatik. Garate: «Kantaurialdea, Pirinioak eta Perigord oso aberatsak izan dira Paleolitoaren ikerketarako XX. mendean. Hiruki itxura hartzen dute hiru lurraldeek, eta horien erdian gaude gu». XX. mendean kobazulo handiak aurkitu ziren Euskal Herrian, Ekain (Gipuzkoa) eta Santimamiñe (Bizkaia) gisakoak; «katedralak», Garateren hitzetan, eta «santutegi txikiagoak ala xumeagoak» falta zirela dio arkeologoak. Asturias eta Kantabrian, adibidez, labar artedun berrogeita hamarna leize inguru daude, eta horien artean %80 txikiak dira: bost eta hamar irudi artean dituztenak, alegia.

Halakorik ez zen ezagutzen Euskal Herrian, duela hamazazpi urtera arte. «Euskal hutsunea zegoela esaten genuen, baina hutsunea nola azaldu falta zen». Industrializazioak eragindako paisaia aldaketak edo leizeak ohiko dituzten karst eremu falta izan dira margodun leizeen urritasuna azaltzeko erabili diren arrazoietako batzuk. «Hipotesiak baino gehiago, ulertu ezin zen zerbait azaltzeko aitzakiak ziren arrazoi horiek guztiak». Lotura lurraldea izan da Euskal Herria historiaurrean, pasabidea. Horregatik uste du Garate, ezin dela lurralde bakartu gisa ulertu. Bestelako argudioa izan du arkeologoak labar arteari dagokionez zegoen «euskal hutsunea» azaltzeko. «Egon bazeuden, baina oraindik aurkitu gabe». Ez da okertu arkeologoa, eta baieztapena berretsi du azken urteetan egindako aurkikuntzekin.

Paleolitoko aztarnategiak ikertzeko begirada zabaltzea beharrezkoa da Alvaro Arrizabalaga EHUko irakaslearen arabera. Telesforo Aranzadi etnografoaren esaldi bat izan du ahotan: «Ezagutzen dutena bakarrik ikusten dute begiek; bilatzen dutena topatzen ez badute, esaten dute ez dagoela ezer». Uste batzuen arabera egin dira azken mendeetako historiaurreko ikerketak, Arrizabalagaren arabera. Gurpil zoroaren gisara aurkeztu du arazoa: «Lurralde batean Paleolitoko aztarnak egotea ezinezkoa dela esaten baldin badizute, ez dira bilatzen. Eta bilatzen bada, ez da aztarnategirik aurkitzen. Aztarnarik ez dagoenez, ez da existitzen». Norbaitek zerbait aurkitu eta ordura arte sinetsitako usteak birplanteatzen diren arte.

Lurraldearen ikuspegia

Historiografiak ildo sendoa du Euskal Herriko lurraldearen artikulazioaz, Arrizabalagaren arabera. Ekialdetik mendebaldera marraztutako kantabriar korridorea du ardatz ikuspegiak, eta lerro horren barruan kokatzen dira euskal lurraldeak ere. Korridore horren barruan, bigarren mailako lurraldea izan da Euskal Herria. Asturiasen eta Kantabrian baino aztarnategi gutxiago izanik, bakartuta egon da. Azken hamarkadetako aurkikuntzek paradigma aldaketa ekarri dutela dio Arrizabalagak. Eta aldatu egiten dutela orain arte Paleolito garaian nabarmendutako lurraldearen korridore izaera hori.

Ondorio horretara iristeko adina froga badagoela uste du EHUko irakasleak, eta bota du adibidea ere. «Araban eta Nafarroan Goi Paleolitoko aztarnategiak aurkitzea ezinezkotzat jotzen zen. Leku garaiak dira, eta muturreko klima zegoen garaietan pentsaezina zen kokalekuak aurkitzea». Aire zabaleko hainbat aztarnategitan azaldu dira Goi Paleolitoko arrastoak azken bi hamarkadetan. Tartean, Portugain (Olatzagutia), Pelbarte eta Hego Mugarduia (Urbasa) Nafarroa iparraldean; eta Atxoste (Araia), Socuebas (Pobes), Martinarri (Trebiñu) eta Majada de Pipaon (Pipaon) Araban. «Lehen, basamortu gisa ikusten ziren lurraldeak, eta beste planteamendu bat egiten da orain». Antzerako joera nabari da Bizkaian eta Gipuzkoan Behe Paleolitoari dagokionez: garai horri dagozkion aztarnategiak ugaritu dira azken hamarkadetan.

Espero ez zen tokietan aztarnategiak aurkitzeak ikuspegi aldaketa eskatzen duela uste du EHUko irakasleak. «Beste hipotesi bat ari gara sendotzen: Euskal Herriko lurralde esparruaren rola oso desberdina dela, alegia. Gurutzebide bezala funtzionatu du lurraldeak, eta, beraz, Iberiar penintsula populatzeko korridore gisa erabili zuten». Populazioa soilik ez, asmakuntza, harreman eta ideien zeharkaldia ere izan da Euskal Herria Arrizabalagaren arabera. Eta aztarnategien kokalekuak logika horren arabera bilatu behar direla dio. Euskal Herritik harago doazen lurraldeetan ere eragina du ikuspegi aldaketak. «Paleolitoko gizakiak talde ibiltariak dira, eta leku garaietan agertu dira aztarnak orain, uste zenaren kontra». Iberiar penintsulan eragina duela dio. «Gurutzebidetik sartu eta ateratzen dira populazioak, eta Ebro arroan eragina du horrek».

Artea duten haitzuloekin, adibidez, bete-betean baieztatu da ikuspegi hori, Arrizabalagaren arabera. Bat dator Garate ere. Labar artedun haitzuloekin mapa berri bat osatu da azken hamarkadetan, eta errealitate hori berriz aztertzea beharrezkoa da. «Azken hamarkadetan egin diren interpretazioak baldintzatuta daude, eta aurkitu dugunak bestelako paisaia utzi digu orain». Hamazortzi haitzulo aurkitu dituzte margoekin. «Egoera berri hau aintzat hartu beharrekoa da».

Garapen teknologikoa

Margoak dituzten kobazulo berriak aurkitu dira azken urteetan. Baina aldez aurretik ezagunak ziren leizezuloetan agertu dira gehienak. Eta hori berezia da Garaterentzat. Lumentxan (Lekeitio), adibidez, 1926. eta 1929. urteen bitartean aritu zen Jose Migel Barandiaran indusketak egiten, eta 1960ko hamarkadan itzuli zen berriz. Haren ondoren, beste arkeologo talde bat ere izan zen 1980ko hamarkadan. Ez zuten arterik ikusi paretetan. «1,70 metroko bi bisonte daude Lumentxako koban, kolore gorrikoak, eta 2012an aurkitu genuen».

Gauza bera gertatu zen Atxurran (Berriatua). 1934an induskatu zuen Barandiaranek, eta inguruko herritarren artean oso ezaguna da. «Barandiaranen lanetatik 80 urte pasa ondoren leizea miatzea erabaki genuen, baina ia esperantzarik gabe joan ginen». Emaitza: 100 irudi baino gehiago aurkitu zituzten. «Euskal Herrian dagoen santutegi handiena izan daiteke, margo kopuruari dagokionez». Lumentxa bezala, ezaguna zen Atxurrako haitzuloa, eta bietan indusketa arkeologikoak egin dituzte XX. mendean. Bada, zergatik ikusi dituzte orain margoak?

Hiru arrazoi nabarmendu ditu Garatek. Espezialista kopuruaren gorakada, lehenik; iraultza teknologikoa, bigarrenik; eta arkeologoen eta espeleologoen arteko elkarlana, hirugarrenik. «XX. mendeko arkeologoek denetik egiten zuten. Barandiaran, adibidez, arkeologoa zen, etnografoa eta baita antropologoa ere». Ikuspegi orokorrak onurak izan ditzake, baina zehaztasunean espezializatzea zaildu egiten du. «Gaur egun oso bestelakoa da lan arkeologikoa. Oso era zehatzean lan egiten da. Labar artean ere askoz ere formazio handiagoa dago».

Iraultza teknologikoak ere asko lagundu du ikerketan. «Gaur egun ditugun fokuak izugarriak dira, San Mames futbol zelaia argizta dezakete. Joan den mendean erabiltzen ziren linternekin zure oinak ikustea ere lan nekeza zen». Argazki kameretan izandako teknologia garapenak ere izan du zerikusia. «Ondo ikusten ez den orban bati argazkia atera eta iragazki bat erabiliz kolorea nabarmendu daiteke, begi bistara azaltzen ez diren koloreak ikusteko». Tokian tokiko espeleologoek egiten duten lana oinarrizkoa da arkeologoaren hitzetan. «Guretzat beharrezkoak dira, badakite kobazuloa non dagoen eta nola mugitu behar diren barrutik; guk begiak entrenatuak ditugu labar artea ikusteko. Osagarriak gara, nolabait».

Azken urteetan egin diren aurkikuntzek kokapen zehatza dutela azpimarratu du arkeologoak. «Lea eskualdean sei haitzulo aurkitu dira labar artearekin, bertan lan handia egin dugulako; baita Deba ibarrean ere. Antxieta Arkeologia Taldea dago hor, eta gogor aritu dira lanean». Enkarterrin, Durangaldean eta Urumean aztarnategi gehiago izan behar direla uste du Garatek. «Eremu horietan ez gara sartu ere egin, baina lan asko dago egiteko. Auskalo zer agertzen den». Irriz dio pixkana ari direla lanean. «XX. mendean agertu ez dena ezin da hamar urtean aurkitu».

Ipar Euskal Herrian ere labar artedun aztarnategi gehiago izan behar dira. «Azken 60 urteetan ez da ikerketarik egin bertan». Adituak sortzea falta dela dio. «Unibertsitatea Pauen dute, eta ez dago historiaurreko espezialitatea». Eta ezagutzen diren aztarnategi apainduak berriz aztertzea beharrezkotzat jo du arkeologoak. «Izturitzen eta Etxegorrin 1950ean egin ziren azken ikerketak. Informazioa berriztu egin behar da. Oro har, Euskal Herriko lurralde guztietan lan handia egin behar da bide horretan». Azterketak egiteko metodologia nabarmen aldatu da azken hamarkadetan, eta datu gehiago atera daitezke horri esker.

Berrikusketen beharra

Mari Jose Iriarte EHUko Historiaurre irakaslearen arabera, gakoa da metodologian izan den iraultza. «Labar artea datatzeko lagin minimoa behar da orain, adibidez. Duela 30 urte pentsaezinak zitzaizkigun datuak lortzen lagundu du garapen tekniko eta metodologikoak». Bada Iriartek aipatu duen beste aldagai bat ere: espezialitate ezberdinen arteko elkarlana. «Biologoek, fisikoek, paleontologoek, historialariek… elkarlanean lan egiten dugu». Koordinazio horri esker askoz datu gehiago ateratzen dituzte gaur egun.

Garapen teknologiko eta metodologikoak aztarnategien berrikusketa eskatzen dutela dio Iriartek, eta aire zabalekoetan egin du indar. «Paleolitoko gizakiak haitzuloetan bizi zirela jakina da, aztarnak ondo mantentzen direlako bertan. Aire zabaleko aztarnategiak ez dira ondo kontserbatzen, ordea. Baina badakigu egon badaudela». Desoreka handia dago haitzuloetan eta aire zabalean agertutako aztarna kopuruen artean, Iriarteren arabera. «Kontserbatzen denaren arabera egiten dira gaur egungo miaketak. Baina badira arrastorik uzten ez duten hainbat gauza ere, eta badakigu egunerokoan oinarrizkoak izan zirela».

Landarediaz ari da EHUko irakaslea. «Euskal Herriko lurrak azido asko du, eta oso zaila da egunerokoan gizakiek erabiltzen zituzten landaredien arrastoak aurkitzea. Baina ez aurkitzeak ez du esan nahi egon ez zirenik, eta hori aintzat hartzea beharrezkoa da». Teknologia berrikuntzek gero eta gehiago laguntzen dute azterketa zehatz eta espezifikoak egiten. Polenaren ikerketa da horren adibideetako bat. Iriarteren arabera, garrantzitsua da orain arte ikertutakoa berrikustea.

Euskal hutsunea desagertuz doa Garateren hitzetan. Baina zerekin bete aztertu behar da orain. «Zer aurkitu dugun aztertu eta interpretatu behar dugu. Euskal Herria estrategikoa zen Dordoina [Frantzia], Pirinio eta Kantauri aldeko harremanak ulertzeko. Hortaz, hemen bilatu behar da, hemengoa zelako bide bakarra». Denbora asko behar da oraindik, eta azken urteetan aurkitutako guztia ikertzea da egin beharreko lehen urratsa. «Azken urteetan egindako aurkikuntzak ondo aztertu behar dira. Ziur nago aurrerantzean ere gehiago aurkituko direla». Asteburuetan eta aisialdian aritzen da Garate haitzuloetako pasabideetatik gora eta behera, beste hainbat aditu bezala. «Honek guztiak aurrera egin dezan beharrezkoa da talde batzuk iraunkortzea, eta, horretarako, baliabideak behar dira».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.