Oinatza sakonegia ez izateko

Iker Tubia / 2017-03-08 / 955 hitz

Azken urteetan gorakada handia izan dute mendiko lasterketek Euskal Herrian. Hori ikusita, hainbat eragilek kezka agertu dute, lasterketek ingurumenean eragin ditzaketen kalteengatik. Oreka beharrezkotzat dute guziek.

Naturaz gozatzea eta natura errespetatzea. Lehenbizikoa egiteko, bigarrenak beharrezko baldintza behar du izan. Bien arteko orekari eusteko jarraibideetan, ordea, desadostasunak egon litezke. Zapatilak lotu eta mendian lasterka egitea boladan dago, eta horren lekuko da Euskal Herrian antolatzen diren mendi lasterketa kopurua: iaz 166, eta aurten 110 baieztaturik daude dagoeneko. Sektore batzuk kezkaturik daude geroz eta lasterketa gehiago dagoelako, jende anitzek parte hartzen duelako eta, azken batean, horrek inguruan eragina duelako. Beste batzuek uste dute traba sobera jartzen direla. Dena den, parte guziak bat datoz afera batean: oreka behar da. Oreka, utzitako oinatza sakonegia ez izateko.

Gipuzkoako Mendizale Federazioak jarri du gaia mahai gainean. Egoerak kezka sortu du elkartean, eta iaz gisa horretako lasterketen azterketa egin zuten. Horren harira, hainbat proposamen egin dituzte mendiaz gozatzen duten guzien arteko orekari eusteko, eta, batik bat, lasterketek ingurumenean izan ditzaketen ondorioak ahalik eta txikienak izateko.

Batzuek uste dute zorrotzegiak direla baimenak ematerakoan; beste batzuek, arinegi ematen direla. Badira egunez aldatu behar dituzten lasterketak, baita bertan behera utzi dituztenak ere. Adibidez, iaz Hiru Handiak lasterketaren eguna aldatu behar izan zuten, natur parkeetako animaliak errespetatzeko. Ekainean egin ohi zen, baina Urkiolan sai zuria eta landare endemikoren bat babeste aldera, ez zuten baimenik jaso. Irailean egitea pentsatu zuten gero, baina garai horretan marrualdia da. Urrian da orain. Apuko Extrem lasterketa ere aldatu dute ingurumenari lotutako arrazoiak direla medio.

Beste batzuk bertan behera geratu dira. Aurten, Galarleiz mendi maratoi sonatua eta aitzindaria ez da mendira itzuliko, 22 urtez egin ondoren. Ordunte mendia KBE kontserbazio bereziko eremua da; beraz, Bizkaiko Diputazioak debekatu egin du han jendetzak parte hartzen duen ekitaldirik antolatzea. Basoko espezie babestuak bizi dira han: sai zuriaren gisako sarraskijaleak eta landareak, txilardi hezeak eta Narcissus bulbocodium tartean.

«Natura guztiona da, baina gozamenaren barruan badago zaintza ere». Ivan Ortuzarrenak dira hitzok. Talde ekologista bateko kidea eta korrikalaria da. Begi onez ikusi du GMFren txostena, geroz eta lasterketa eta parte hartzaile gehiago daudelako. Hark lasterka egin du mendian ere, betikoak «asperturik» bestelako alternatibak bilatu dituelako. Baina mugak ere badaude. Parte hartzaile kopurua, adibidez: «Leku babestu batean, geroz eta gutxiago hobe; 1.000 edo 2.000 pertsona gehiegi da. Babestutako tokiak ezin ditugu nolanahi erabili». Galarleizen 1.000 lagunek parte hartu zuten iaz.

Xabier Petrirena Nafarroako basozainak alde onak eta txarrak aipatu ditu. Alde batetik, uste du landa eremuko herri txikietako turismoa bultzatzen dutela lasterketok. «Herri txikiak atzenduta daude batzuetan, eta horrelako lasterketekin sona hartzen dute». Hala ere, dena ez da ongi. «Batzuetan proba hauen xarma da leku babestuetatik pasatzea. Masifikazioa dago, eta jakin behar dute bertara joaten direnek leku babestuetan neurriak hartu behar direla». Petrirenak basoa gimnasioarekin parekatu du. «Gimnasioan dena ongi eta txukun harrapatzea gustatzen zaigu. Mendiari kalte egiten segitzen badugu, ezinen ditugu lasterketak egin. Horretarako, masifikazioa eragotzi behar dugu».

Lagun anitzen oinatzak

Mendiko lasterketen ondorioekin oso larrituta dago Txema Hernandez, Kristinaenea fundazioko zuzendaria. «Horrenbeste lasterketa egiterakoan, kaltea bada. Prozesu bat da, urtetik urterakoa, eta lurrak, nahiz eta babestuta egon, kaltea sufritzen du. Hausnarketa egin behar da: bada mugarik? Lasterketa guztiak onartu behar dira? Uste dut hori ez dela pentsatu». Esan duenez, zaila da lasterketa batek eragin ditzakeen kalteak neurtzea.

Adibidez, parte hartzaile kopurua kontuan hartzen da, baina askotan ez da aurreikusten zenbat jende joanen den ikustera eta zenbat ibilgailutan joanen diren. Horiek ere lurra zapaltzen dute, eta Hernandezek dio agian ez dutela hainbesteko konturik. Megafonia ere aipatu du: «Han beste animalia batzuk bizi dira, eta haien ingurunean sartzen gara kalte akustikoa eginez».

Egoera horren aurrean, Hernandezek uste du neurriak hartu beharko liratekeela. Are, uste du gune babestuetan zorrotzago jokatu beharko litzatekeela lasterketekin. «Ikusleak nondik doaz? Zer kalte egingo dute? Hori ez da aurreikusten, adibidez. Oso ohikoa da poltsak aurkitzea, jende asko baitago. Zorrotzago balira, ez litzateke hainbeste baimen egongo».

Kristinaeneak hiru urtez antolatutako Berde Bidea lasterketa «xumea» aipatu du, lasterketak ingurumena zainduz egin daitezkeela erakusteko. Janaria, garraioa, dutxa, hondakinen kudeaketa… alderdi horiek ere zaindu behar direla uste du.

Baina lasterketen antolatzaileak baimenak lortzeko oztopoengatik kexu dira normalean. Baita korrikalari batzuk ere. Oihana Kortazar mendi korrikalaria da, eta berak begi onez ikusten du mendi lasterketek hartu duten indarra eta hedapena. «Egia da lasterketa asko daudela, baina asko eta kilometraje ezberdinekoak izanda, hautatzeko aukera dago», azaldu du. Aitortu du sona handia hartu dutela, baina ohartarazi du igo den bezala jaits litekeela sukar hori. Bera «kirol alternatiboen» zalea izanda, gustatzen zaio orain lasterketa hauek duten indarra.

Kortazarrek onartu du espezie batzuk babesteko batzuetan ezin dela ingurune natural batzuetan lasterketarik egin, baina ez luke arazorik egon beharko zapaldutako lurrarengatik, eta denak kontziente badira ezin dutela zaborrik lurrera bota, orduan ere arazorik ez. «Lur eremu batetik bostehun korrikalari pasatu ondoren oso lokaztuta gelditu arren, euria egin orduko edo egun batzuk egon orduko berriz bere itxura hartzen du». Hark uste du batzuetan gehiegizkoak direla lasterketen kalteez esaten direnak. «Jendearentzat osasungarria da kirola, eta, naturarekin kontaktuan egiteko aukera izanda, pena da pertsona batzuek hainbeste oztopo jartzea».

Arauak eta betebeharrak

Ortuzarrek uste du arau orokorrak zehaztu behar direla, eta betearazi. «Ezin dira aholkuak izan, araudia baizik; denek jakiteko eta betetzeko. Betetzen ez bada, zigortu egin behar da». Halere, uste du korrikalari gehienek begirunez jokatzen dutela naturarekin. Kortazarrek esan du lasterketa batzuetan zigorrak jartzen dizkietela arauak betetzen ez dituztenei. Korrikalarien gelak kontatzea, materialak markatzea… eta gisako kontrol neurriak hartzen dira lasterketa batzuetan. «Baina lasterketa gutxitan gertatzen da. Bestalde, hainbeste pertsona eta toki hain zabalean, zaila izaten da kontrolatzea».

Oreka eta araudi orokorra, biak beharrezkotzat jo dituzte lasterketen antolatzaileek eta mendiaren inguruko eragileek. Dena den, Petrirenak esan du Nafarroan arauturik daudela lasterketak. «Hainbesteko arrakastaren ondorioz, masifikazioa dago mendietan, boometik ez da hainbeste urte igaro, ez da astirik egon federazioak eta interesaturik dauden aldeak elkartu eta arau komunak idazteko». Adostasuna eta errespetua, oinatza betikotu ez dadin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.