Every Noise at Once: aurkikuntza musikalak egiteko tresna

Azkue Fundazioa / 2017-10-23 / 264  hitz

Argi dago jende askoren afizioa dela musika, baina beti musika bera entzuteaz gogaitzeko arriskua izaten da. Hori ekidin eta artista berriak ezagutzeko aukera ematen du Every Noise At Oncek.

Musika generoen mapa da Every Noise at Once. Atzealde zuri baten gainean 1.300 musika genero baino gehiago aurkezten dira. Glenn McDonald sortzaileak azaldu zuenez, mapa ordena logiko batean dago ordenatuta, nahiz eta lehen begiratuan ez iruditu. Behealdean genero organikoak ageri dira, goialdean mekanikoak, ezkerraldean sendo eta atmosferikoak, eta eskuinaldean zorrotzak.

Genero bakoitzean klikatuz gero, estilo horretako abesti baten zati bat entzun ahal izango du erabiltzaileak. Entzundakoa gustatu bazaio, gehiago ikertu eta ezagutzeko aukera izango du, generoarekin izenaren alboan ageri den gezitxoaren bitartez.

Every Noisek bi baliabide erabiltzen ditu ahalik eta eduki interegarri eta erabilgarriena eskaintzeko; alde batetik Spotify, eta bestetik, The Echo Nest.

Spotifyren bitartez, erabiltzaileak musika entzuteko aukera izango du, gauza berriak ezagutu eta gozatuz. The Echo Nestek aldiz, arlo informatiboagoa lantzen du, genero eta artisten zerrenda bat egitea ahalbidetuz.

Oso erabilgarria izan daiteke Every Noise at Once. Kontsulta tresna bat da, erabiltzaileak ezagutzen duen musika aurkitu ahal izango baitu bertan. Baina aukera horretatik haratago doa; aurkikuntza musikalak egiteko baliabide bat ere bada. Genero eta artista berriak ezagutu ahal izango da, modu arin, erraz eta dinamiko batean.

Euskal musika

Hainbeste genero eta artista batzen dituen web orrialdea izanik, euskal ekoizpenei ere egin diote lekutxo bat. Basque Rock izeneko atalean daude Euskal Herriko ehundaka musikari. Nahiz eta rock izena jarri dioten, genero guztietako euskal musika aurkitu daiteke azpiatal honetan.

 

Interesatuta dagoenak, gainontzeko kategoria eta musika estiloekin erabiltzen den mekanismo berarekin aurkitu eta entzun ahalko ditu euskal artistak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.