Arantxa Iraola / 2018-11-16 / 249 hitz
Botiketan saltzen jarraitzeko prozeduran sartu dira 2.008 produktu; aztertu egingo dituzte
«Abiapuntu on bat da; ardatz estrategiko on bat». Hitz onekin baloratu zuen atzo Farmaciencia elkarteko ordezkari Borja Garcia de Bikuñak —botika bat du Deustun, Bilbon— gobernuak aurkeztutako plana. Hain justu, Farmaciencia da planerako ekarpenak egin dituen elkarteetako bat. «Ebidentzia zientifikotik» lekora dauden produktuak botiketatik baztertzeko ahaleginetan ari da, eta plana iritsi da, justu, botiketan saltzen diren gai homeopatikoen geroa kinka aski berezian dagoen unean; izan ere, farmazietan saltzen jarraitzeko eskea onetsi zaie 2.008 produkturi, baina ez dago argi baimena lortuko duten edo zein eratakoa izango den.
«Homeopatiak botika tipifikazioa du egun», gogoratu zuen atzo Garcia de Bikuñak. «Badira sendagileak homeopatia preskribatzen dutenak, eta botika gisara tipifikatuta nola dauden, gurean saldu behar dira produktu horiek. Baina gu horren kontra ari gara, ez baitago botika horien inguruko ebidentzia zientifikorik». Botiketan saltzen jarraitzeko egin berri duten eskeari lotuta, administrazioak zer erantzun ematen duen ikusi beharko da. Orain arte bezala ezingo dutela jarraitu esan du Farmacienciako ordezkariak. «Ikusiko da botiketatik desagertzen diren, edo Deus ez du egiten dioen ohartarazpen batekin saldu beharko diren». Uste du Europako Batasuneko araudia ardatz, onartuak izateko zirrikitu bat izan dezaketela. Hala ere, jakina da Espainiako Gobernua horren aurka ari dela. Frantziako osasun sisteman, segida handia dute produktu homeopatikoek, eta gobernuak gastuaren %30 finantzatzen du. Aztergai du orain hori.
Erregistratuta dauden 2.008 produktu homeopatiko horiek bakarrik eskura daitezke egun botiketan, gainerakoak erretiratu egin dituzte. AEMPS Espainiako Medikamentuen Agentziaren arabera, hamabik bakarrik egin dute indikazio terapeutikoa duten botika gisara saltzeko eskea.