Internet gehiago, botiloi gutxiago

Gazteberri / 2020-01-08 / 564 hitz

Aisia teknologikoa gazteen jarduera nagusia da. Tabernetara edo diskoteketara joateko interesak behera egin du.

Espainiako 15-29 urteko gazteak gero eta teknologikoagoak dira. Denbora librean gehien egiten duten jarduera txateatzea edo Interneten nabigatzea da (% 74,6k hala adierazi du). Gainera, gero eta gutxiago ateratzen dira gauez, tragoak hartzera, tabernetara, diskoteketara edo dantzara. 2019. urtean, gazteen % 22,7k bakarrik adierazi du gaueko aisialdi mota hori egiten dutela sarritan.

Horixe da, hain zuzen ere, Centro Reina Sofía sobre Adolescencia y Juventud de Fadek egin duen Jóvenes, ocio y TIC. Una mirada a la estructura vital de la juventud desde los referentes del tiempo libre y las tecnologíastxostenaren ondorio nagusietako bat. Txostena Telefónicak eta Santanderrek finantzatu dute eta IKTak gazteen aisialdirako guneetan nola sartu diren aztertzen du.

Jarduera nagusiak

Gaur egun, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiek baino gehiagok hiru jarduera egiten dituzte, nahiko edo oso maiz: % 75ek dio “txateatu eta/edo Interneten nabigatu”; % 68,5ek dio “telesailak eta/edo filmak aktiboki ikusi, streaming bidez edo nahierara”, eta % 54,6k, berriz, “lagunekin besterik gabe egotea” adierazi du.

Bigarren maila batean, gazteen % 40-45ek honako jarduerak aipatu ditu: online katalogoak begiratu (% 42,4); bideo-jokoekin edo kontsolekin jolastu (% 41,5), etxetik kanpo bazkaltzera edo afaltzera irten (% 40,8) edo kirola egin (% 40,6). 

Aisialdi digitaleko jarduerak maizago egiten dira 15 eta 19 urte bitartean eta, nagusiki, emakumeen artean. Bideojokoak eta apustuak maizago erabiltzen dira 15 eta 19 urte bitartean, baina kasu horretan, nagusiki, gizonen artean.

Azken urteotako aisialdi-jardueretan izan den berritasun nagusia tresna teknologikoen erabileraren nagusitasuna da. Mende honen hasieratik, ordenagailuaren eta Interneten erabilerak gero eta pisu handiagoa hartu du aisialdiaren eta denbora librearen egituran, eta, gaur egun, aukera nagusia da gazte gehienen artean.

“Telebista ikusi” aukerak hierarkia horretan behera egin du, eta, aldi berean, “streaming edo online telesailen edo filmen jarraipena” jarduera ohikoenen eta nagusienen artean dago. Aldatzen ez den gauza bat “lagunekin egotea” da, nahiz eta ezer berezirik egin gabe egon, sailkapeneko lekurik altuenetan egon baita eta egoten jarraitzen baitu.

Online egiten diren erosketak, dendetan egiten direnak baino gehiago, indartsu sartu dira aisialdiko jarduera nagusien artean, “kirola egitea” aukeraren pareko mailan. Azken hori ere nahikotxo hazi da azken urteetan.

Baina ikuspegi historikotik ikusita, agian daturik azpimarragarriena honako hau da: gaueko irteerek behera egin dute eta horrek alkoholaren kontsumoan modu zuzenean eragin du. Fenomeno hori modu ezberdinean islatzen da adinaren arabera. Horrela, gauez irtetea (tabernetara nagusiki) ohikoagoa da adinak gora egin ahala. Gazteenen artean, berriz, aukera nagusiak botiloia eta dantzalekura joatea lirateke. 

Sare sozialei buruz espezifikoki galdetuta, gazteen erdiak baino gehiagok (% 55,1) uste du sare sozialek aisialdian zeregin garrantzitsua edo oso garrantzitsua betetzen dutela, eta % 31,8k garrantzi erlatiboa ematen die.

Aisialdian sare sozialak erabiltzearen inguruan nabarmentzen diren alderdien artean, bereziki, honako hauek aipatzen dira: jende gehiago ezagutzeko eta egiten diren gauzak beste pertsona batzuekin partekatu edo komunikatzeko aukera. 

Gazteek euren burua definitzeko erabiltzen dituzten ezaugarriak

Gazteen ezaugarri bereizgarriei buruzko pertzepzioari dagokionez, 2019an gazteak, batez ere eta kolektibo gisa, “teknologikoak, langileak, arduradunak eta zintzoak” bezala definitzen dira.

Ezaugarri horiek guztiek, 0 eta10 bitarteko eskala batean, batez beste, zazpi puntu baino gehiago lortzen dituzte eta gazteen % 65,4 eta 
% 69 artean ezaugarri horiek euren burua definitzeko oso egokiak direla adierazten du.

Aurten bertan jasotako datuak 2006an jasotako datuekin alderatzen badira emaitza oso adierazgarria da: gazteak identifikatzeko erabiltzen diren ezaugarri-motak guztiz aldatu dira. 2006an, gazteen autoirudia kontsumismotik, presentismotik, errebeldiatik eta egoismotik adierazten zen bitartean; 2019an, berriz, lanetik, arduratik, zintzotasunetik eta tolerantziatik adierazten da.

Epe luzera begiratuta, azpimarratzekoa da gizarteratze-printzipioek balio handiagoa dutela indibidualtasunetik abiatuta, eta, aldi berean, mantendu egiten da harreman pertsonalei egozten zaien garrantzia, aisialdiko jardueren ardatz gisa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.