Felix Zubia / 2021-03-28 / 326 hitz
Pandemiaren okerraldi berri honetan, eta txertaketaren erritmo etsigarria noiz igoko zain, garbi dago neurri eraginkorren beharra. Geroz eta nabarmenagoa da aerosolen bidez ematen direla kutsatzerik gehienak, ondo egurastu gabeko eremu itxietan.
Ildo horri jarraiki, Espainiako Estatuko hainbat zientzialari eta osasun langilek gutun bat igorri diete gobernuari eta erakunde ezberdinei, aerosolen aurkako neurri eraginkorrak azalduz, eta haiek martxan jartzeko eskatuz. Gutuna Interneten erraz topatu dezakezue, nik hemen bilduko ditut neurri nagusienak.
Musukoak oso eraginkorrak dira aerosolik sor ez dadin. Badira, baina, eraginkorrak ez diren motak, sare itxurazkoak esaterako, debekatu beharko liratekeenak. Horretaz gain, musukoen erabilera egokia azaldu eta indartu beharko litzateke, bestela, alferrikakoak direlako. Era berean, lantoki eta lanpostu guztietan musukoa erabiltzen dela bermatu beharko litzateke, bi metroko tartea izan arren.
Eremu irekietan kutsatzeko arriskua askoz ere txikiagoa denez, ahalik eta jarduera gehien aire librean egin beharko lirateke. Zenbait kasutan izan diren parke eta plazen itxiera burugabea da, eta jendea beraietan egotera bultza behar da, toki itxietan egon beharrean.
Kanpoko aireaz gelak egurastea neurri eraginkorra da, bultzatu eta zabaldu beharrekoa. Aireztapenak gurutzatua izan behar du, gelaren bi aldetan leiho edo ateak zabalduz, eta jarraitua. Neurri hauek zabaldu eta indartu behar dira, eta udaberrian gaudenez, betetzen errazak dirudite. Mantendu beharreko aireztapena neurtu liteke, CO2aren sentsoreak erabiliz. Sentsore hauek merkeak dira, eta ongi egurasten ari garen ala ez adierazi diezagukete, muga 700-800 ppm-tan ezarriz.
Jarduerak ireki edo ixterako garaian, edo baimentzerako garaian, aireztapena eta CO2 sentsoreak erabili litezke, inguru ziurrak ditugula bermatu asmoz. Legedia garatu eta aplikatu beharko litzateke, zein jarduera baimendu ala ez parametro objektiboagoekin egin dadin, eta ez modu orokortu edo zabarrean.
Eskola eta ikastetxeetan bereziki landu beharko litzateke, informazio egokia emanez, aireztapen naturala bultzatuz, eta CO2 neurgailuen erabilera zabalduz.
Azkenik, herritarrei informazio zuzena eta argia eman, aerosolen garrantzia indartuz, eta aireztapena bultzatuz, neurri eraginkor eta erraz moduan.
Badugu zer egina, beraz, denok gure inguruan. Eta ez dezagun ahaztu birusentzat egun guztiak berdinak direla, eta oporretan egon arren, bizikidetza ezberdinetako pertsonak elkartzen garenean, kutsatzeko arriskua biderkatu egiten dela.