Etxebeste Aduriz, Egoitz / Elhuyar aldizkaria / 2023/03/03 / 753 hitz
Asteartean, obulu egokiak bilatu; asteazkenean, espermatozoideekin jarri; ostegunean, errezatu; eta, ostiralean, mikroskopioz begiratu. Horrela aritu zen, sei urtez, Miriam Friedman Menkin; harik eta, ostiral batean, mikroskopiotik begiratu eta ikusi zuen arte azkenean lortu zuela: obulua eta espermatozoide bat fusionatu, eta zatiketa zelularra hasia zen; ernalketa gertatu zen. Emakume baten gorputzetik kanpo sortutako lehen enbrioia zuen begien aurrean.
Gakoa zein izan zen konturatu zen. Astearte gaua ia lorik egin gabe pasa zuen, urte-erdiko alaba zaintzen. Hurrengo egunean, “hain nintzen nekatuta eta logura, ezen, mikroskopiotik espermatozoideak obuluaren inguruan nola zebiltzan begira ari nintzela, bat-batean ohartu bainintzen ordubete pasa zela”, kontatuko zuen, gerora, Menkinek. Protokoloak agintzen zuenaren bikoitza zen hori. “Aitortu behar dut, sei urtez huts egin ondoren, arrakasta lortu nuela, ez bikaintasun-une bat izan nuelako, baizik eta lanean lo hartu nuelako”.
Ez zen horraino iritsi, ordea, lotan egonda. Letonian jaioa, 1901ean; bi urte zituela Estatu Batuetara migratu zuen familiak. Aita medikua zuen, eta bizitza erosoa izan zuten. Cornell Unibertsitatean graduatu zen Histologian eta Anatomia Konparatuan. Ondoren, Genetika ere ikasi zuen Columbiako Unibertsitatean. Eta Medikuntza egin nahi zuen, baina ez zuten inon onartu. Garai hartan emakumeak nekez onartzen baitzituzten medikuntza-eskoletan.
Valy Menkinekin ezkondu zen. Hura Medikuntza ikasten ari zen Harvarden, eta, senarrak ikasketekin jarraitu ahal izan zezan, lanean hasi zen Miriam, idazkari. Hala ere, lortu zuen Bakteriologia eta Enbriologia ikastea, eta senarrari laborategiko esperimentu batzuetan laguntzea. Hala ezagutu zuen Gregory Pincus biologoa, eta hark lana eskaini zion. Pincus ezaguna zen untxiekin in vitro ernalketa egitea lortu zuelako. Menkin untxiei pituitariotik hormonak erauzi eta uteroan txertatzen aritu zen, untxiek gehiago obulatu zezaten lortzeko.
Alabaina, Pincusek Harvardeko lanpostua galdu zuen, eta, ondorioz, baita Menkinek ere. Baina jakin zuen John Rock medikuak, ugalkortasunean espezialista, gertutik jarraitu zuela Pincusen lana, eta hark animaliekin erabilitako teknikak klinikara eraman nahi zituela, haurrik ezin izan zuten zenbait emakumerentzat aukera bat izan zitekeelakoan. Menkinek lana eskatu zion Rocki, eta, Pincusekin aritua zela jakin zuenean, ez zuen zalantzarik izan.
Brooklingo Free Hospital for Women karitate-ospitalean histerektomiak egiten zituen Rockek. Asteartero, goizeko 8:00etan, kirofanoko atean egoten zen Menkin zain. Dena ondo bazihoan, obulutegi erauzi berriaren lagin bat emango zion Rockek, hur baten tamainako folikulu bat. Ziztu bizian jaisten zen Menkin, hiru pisu beherago zegoen laborategira. Eta han, folikulua disekzionatzen hasten zen, obulu preziatuen bila. Rocken “obulu-ehiztaria” zela esan ohi zuen Menkinek, harro.
Astea joan eta astea etorri, 138 saiakera egin zituen, sei urtean. Hainbat prozedura-aldaketa probatu zituen. Baina, ostiralero, gauza bera ikusten zuen mikroskopioan: ernaldu gabeko obulua, hildako espermatozoideen artean.
1944ko otsailaren 3an, asteartea, lau haur izan ondoren uteroaren prolapsoa izan zuen emakume baten obulu bat atera zuen Menkinek, eta, ohiko moduan, inkubatzen utzi zuen. Asteazkenean, espermarekin eduki zuen, protokoloak zioen baino denbora gehiagoz. Eta, ostiralean, mikroskopiotik begiratu orduko, oihu bat atera zitzaion. Zalantza egin zuen ongi ikusten ari ote zen. Baina ingurukoek baieztatu egin zioten: bi zelulako zigoto bat zegoen han, ernalketa gertatu zen! Pixkanaka, jendez bete zen laborategia.
Hurrengo asteetan beste hiru ernalketa lortu zituen Menkinek: bat akastuna, beste bat bi zelulako fasera iritsi zen, eta, azkena, hiru zelulako faseraino. Science aldizkarian argitaratu zituzten esperimentu haiek, 1944ko abuztuan.
Ordurako, ordea, Menkin ez zegoen Rocken laborategian. Senarrak lana galdu, eta Ipar Carolinan lortu zuen berria, Duke Unibertsitatean. Menkinek dena utzi behar izan zuen, gailurrean zegoenean.
Hurrengo urteetan, ahalegin guztiak egin zituen in vitro ernalketan ikertzen jarraitzeko. Baina, alferrik. Gehienez ere, laborategiren batean arratsaldeko bostetatik aurrera eta asteburuetan aritzeko baimena eskaini zioten, inolako ordainsaririk gabe. “Baina bi haur txikiren ama nintzen, eta ez genuen bizitzeko leku finkorik ere”, kontatuko zuen gerora; eta proposamen haiek “irrigarriak” ziren.
Hala ere, saiatu zen goizez ordaindutako lan bat egin eta arratsaldez bere ikerketarekin jarraitzen. “Sekulako grinaz nago teknika errepikatu eta lau zelulako eta gehiagoko fasetara iristeko”, idatzi zion Rocki, 1946an. Horretarako, ordea, obuluak behar zituen. Kide batek eskaini zion bere autoan joango zirela ospitalez ospitale. “Uste dut sistema bat diseinatuko dugula, baina ordurako seguru Valyk beste lan bat izango duela herrialdearen beste muturrean”, idatzi zion Rocki, kezkati. Eta, halaxe izan zen: Philadelphiara joan behar izan zuten.
Senarrarengandik banandu, eta Bostonera itzuli zen Menkin. Rockek han zegoela jakin zuenean, lana eskaini zion. Baina ordurako beste ikerketa-lerro batean zebilen Rocken taldea. Menkin joan zenetik, ez zuten lortu obulu gehiago ernaltzerik, eta, orain, ernalketa eragozteko metodoak bilatzen ari zen Rock (pilula antikontzeptiboen garatzaileetako bat izan zen, Pincusekin batera).
Hurrengo urteetan hainbat gai ikertu zituen Menkinek, hala nola zaldien antzutasuna, argiaren bidez hilekoa egonkortu ote zitekeen, edo galtzontziloak berotuz gizonezkoak aldi baterako antzutu ote zitezkeen. “Zoritxarrez, ezin izan dugu arlo horretan ikertzen jarraitu [in vitro ernalketan]”, idatzi zuen Menkinek.