Printze txikiak 80 urte bete ditu

BERRIA ikasgela / 2023-04-19 / 340 hitz

Antoine de Saint-Exupery idazlearen ‘Printze txikia’ liburua 1943an argitaratu zen lehenbizikoz, eta pizten duen ikusmira ez da apaldu. Gaur egun, 500 hizkuntza edo dialekto baino gehiagotan irakur daiteke nobela; Bibliaren ondotik, hizkuntza gehienetara itzulitako lana da.

Printze txikia-ren arrakasta aspaldi da zalantzan jarri ezinezkoa. Edonola ere, liburuan jasotakoek ez ezik, egileari buruzkoek ere lilura nabarmena sortu ohi dute. Izan ere, haren idazle Antoine de Saint-Exuperyk (Lyon, Frantzia, 1900) esparru militarrean zuen ogibidea, literaturan baino gehiago: gerra pilotua zen. Lyongoa zen sortzez, baina AEBetara erbesteratu behar izan zuen Bigarren Mundu Gerran, Alemaniarekin kolaboratzea egotzi baitzitzaion. Hori leporatzeak eta sorterria utzi behar izateak nabarmen atsekabetu zuen. Tristezia arintzeko, gutun mordoa idazten zien lagunei, eta mutiko ilehori kizkurdun bat marraztu ohi zuen orrien ertzetan. Hitz eta zirriborro horietan omen du jatorria Printze txikia-k.

Saint-Exupery Lyongoa zen sortzez, baina AEBetara erbesteratu behar izan zuen Bigarren Mundu Gerran, Alemaniarekin kolaboratzea egotzi baitzitzaion.

Jatorrizko testua frantsesez idatzia izanagatik ere, liburua ingelesez argitaratu zuten lehenbizi, Katherine Woodsen itzulpenean, 1943ko apirilaren 6an, eta handik egun batzuetara atera zuten frantsesez —apirilaren 20an—. AEBetako Reynal & Hitchcock argitaletxeak eman zituen bi bertsio horiek, AEBetan, eta, kontrabandoan salbu, liburua ez zen 1946ra arte ailegatu idazlearen sorterrira, Frantziara; izan ere, mundu gerra bukatutakoan kaleratu zuten han. Gallimard argitaletxeak eman zuen, eta idazlea zendua zen ordurako: Mediterraneo itsasoan galdu zen, 1944ko udan, gerra misio baterako hegazkin bat gidatzen ari zelarik, Marseilla inguruan (Frantzia); handik urtebetera, hiltzat jo zuten. Hortaz, sekula ez zuen eman eleberriaren gaineko azalpen askorik. Susmoak dituzte oinarri teoria denek.

Printze txikia, idazlearen ‘alter ego’-a

Eleberriaren bigarren kapituluan aurkezten da istorioaren abiapuntua: pilotu bat Saharako desertuan galduta dago, bere hegazkina hondatu ondotik. Idazleak inoiz halakorik aitortu ez bazuen ere, irakurle askok iritzi diote pilotu hori Saint-Exuperyren alter ego-a dela, antzeko pasarte bat bizi izan baitzuen 1935ean. Liburuan, pilotuak topo egiten du beste planeta batetik iritsitako printze txiki batekin, eta hark kontatzen dionak harilkatzen du istorioa: unibertsoko asteroide askotara bidaiatzen du printzeak, baita Lurrera ere, eta, hala, askotariko izakiak ezagutzen ditu.

Lanaren poetika eta introspekzio ahalmena goraipatu ohi dituzte adituek; are gehiago, bada liburua lan filosofikotzat duenik. Izan ere, haurrentzat idatzia izan arren —edo hala dirudi, behintzat, luzeran eta hizkeran—, Saint-Exuperyren obrak sakon eta kritiko lantzen ditu gai unibertsal asko, hala nola nostalgia, inozentziaren galera, bizitzaren zentzua, laguntasuna eta maitasuna.

Haurrentzat idatzia izan arren, Saint-Exuperyren obrak sakon eta kritiko lantzen ditu gai unibertsal asko.

Nobelak kritika egiten dio helduen munduari, helduek gauzei begiratzeko eta egoeren aurrean jokatzeko duten moduari. Besteak beste, iradokitzen du nagusiek alferrik korapilatzen dituztela berez aski sinpleak direnak, eta nekez ulertzen dituztela gauza asko. Helduentzat, ispilura begiratzearen modukoa izan daiteke liburuaren irakurketa.

Bost milioi aletik gora saltzen da urtero

Zenbakiei begiratzeak franko laguntzen du nobelaren itzal handia neurtzen, marka asko hautsi baititu. Gallimardek emandako datuen arabera, bost milioi aletik gora saltzen dira urtean. Halaber, Bibliaren ondotik, Printze txikia da hizkuntza gehienetara itzulitako lana. Bostehun itzulpen ofizial baino gehiago egin dira jadanik. Sarri euskaratu da: adibidez, lehenbiziko aldiz, 1970ean, Xalbador Garmendiak, Plan/Beobide argitaletxearekin; ondotik, 1985ean, Iñaki Sipirik, Txertoa argitaletxearekin; eta gero, 2001ean, Patxi Zubizarretak, Elkarrekin. Begiekin ez ezik, hatz mamiekin ere irakur daiteke liburua: braillean eman zuten 2014an, bi liburukitan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.