That’s entertainment

Montserrat Auzmendi / 2016-03-04 / 332 hitz

Berrogeita hamarreko urteetan abesti famatuak esaten zuen bezala, taula gainean gertatzen den edozein gauza harrigarri izan daiteke espektakulua. Eta Lang Lang pianista txinatarra espektakulu hutsa da. Batzuei ikaragarri gustatzen zaie, beste batzuek gorroto diote, hain muturrekoa baita bere jotzeko era. Baina, hori bai, inor ez da aspertzen bi ordutan zehar eskaintzen dituen emozio, berezitasun eta exzentrizitate musikalekin.

Nik, egia esan, ez dakit zer esan. Edo bai. Gaur egungo piano jole konpletoenetako bat da. Bere teknika benetan akatsgabea da. Pianotik ateratzen duen soinuak nortasuna du. Dohain apartak ditu musika egiteko Lang Lang-ek. Gero, bakoitzaren gustua dator. Edo gustuak. Jantziekin gertatzen den bezala. Posible da oso klasikoa izatea janzterakoan, kutsu intenporala izatea, baina noizean behin oso ondo dator zeozer koloretsu edo estrabagantea, ttantta ‘fashion’ bat emateko armairuari. Ba hori da: gaur egun hainbeste miresten den ortodoxia historizista, doia, austeroa, oso ondo dago. Halere, askotan zerbait desberdina, ‘kitsch’, ezohikoa behar dugu esnatzeko. Eta hori da Lang Lang-ek eskaintzen duena. ‘Rubato’ exageratuak egiten ditu, batzuetan itsusiak, lekuz kanpoko kontraste dinamikoak, barneko diseinu musikalak azpimarratzen ditu, abiadura estrainioak askotan… Dena pilatuta gehiegi izan daiteke, baina Lang Lang da.

Txaikovsky-ren ‘Urtaroak, op. 37a’ lan zoragarriarekin hasi zen espektakulua. Hasiera batean konpositore errusiarrak interprete amateurrentzat egindako pieza adierazkor hauek ez dira batere sinpleak. Badute misterioa, sonoritate joko ederrak eta sentimendu delikatuak. Hori guztia kubora jaso zuen Lang Lang-ek. Emaitza: enpalagarri samarra suertatu zen interpretazioa, baina, lehen esan bezala, dibertigarria.

Jarraian, interpretazio ortodoxoena entzun genuen. Bach-en ‘Kontzertu italiarra’ obra aproposa izaten da estiloz kanpoko Bach jotzeko, baina aldi honetan, sorpresa gisa, piano joleak mugatua mantendu zuen bere oparotasun naturala, eta bertsio indartsua eta alaia egin zuen, baina puristentzako onargarria.

Saioaren bigarren zatia benetan gozagarria izan zen. Chopin-en ‘4 Scherzi’ benetan bordatu zituen. Bakoitzari izaera partikular bat eman zion. Kontraste pila bat (eta ondo asmatuak) egin zituen eta, oro har, pentsatzen dut erreferentziazko bertsioa eman zuela, nahiko heterodoxoa, baina sakona eta interesgarria.

Propina pare bat oparitu zituen: dantza kubatar bat, ederra, eta Chopin-en bals bat, oso birtuosistikoa. Jendea txundituta utzi zuen musikariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude