Nerabe ero hauek?!

Imanol Mercero / 2012-11-11 / hitz

  • Izenburua: Motoa
  • Egilea: Juan Kruz Igerabide
  • Argitaletxea: Alberdania

Eleberria izateko neurri juxtua duen narrazioarekin etorri zaigu oraingoan Juan Kruz Igerabide. Euskal Herrian kokatua, gure etxeko atarian bertan gerta litekeen kontaketa eskaini digu.

Eleberri honetan, egun guztiak ez dira igualak, telebistak mar-mar bera du, baina ezer ez da atzo zen bezalakoa. Gurasoen hausturaren ondoren, aitak beste harreman bati ekingo ote dion beldur da Igor, protagonista. Arrebak gaizki hartu bide zuen gurasoena, zeren lehen txolin eta parrandazalea zenak orain amaorde batek baino estuago jokatzen du Igorrekin. Aita lur jota dago, lan ezin kaskarragoan etsipenak itota, Igorrek behar duen arreta eskaini gabe. Eta Igor, etxeko txikia, nerabezaroak dakarren eraldaketa gobernatzen saiatzen da, iraganari saminez begiratzen, aldaketekin gustura ez. Mutiko lotsatia da, hitz gutxikoa eta ahots itsusikoa, esan nahi duena bost minutu beranduago ahoratzen duena. Ez, ordea, koldarra. Heroiaren arketipo klasikoa bete-betean irudikatzen duena izaki, ausarta eta kementsua da une erabakigarrietan, eta hautu zuzenak hartzen dakiela erakusten du atakarik zailenean ere. Baina nerabea da, eta ezin du jasan bere inguruan gertatzen dena. Bere bihotz-begietan dena dago oker: amaren desagerpena ezin jasaneko mina da, zauri irekia, ihes ulertezina. Aitaren etsipena zama handia da, amaren abandonuaren parekoa ia. Kalean, makurkeria eta droga edonon dago, nerabeen artean batik bat. Jokabide okerreko jendeak gobernatzen du euren artekoa, eta dena zikintzen du, adiskidetasuna, parranda, sexua. Badaude, beharrik ere, salbuespenak, arnasa ematen dioten harremanak. Bizilagunen bat, arrebaren jarrera gogorraren atzean dagoen maitasuna, aitaren presentzia.

Lau ardatzen inguruan mugitzen zaigu kontaketa, nerabezaroan dauden gaztetxoen erretratua eginez. Batetik, familia dago, liskartsua eta elkarbizitza zailekoa, ulertu ezinak maitasunarekin konpontzen. Bestetik, nerabeen mundu aldakorra dago, indar ezezagunek gobernatua, basatia eta gordina, ezatsegina askotan, erakargarria denaren gainetik. Parez pare, hirugarrenik, betiko harremanak daude, harreman zintzoak gure eleberrian, Tripazorro deitzen dioten mutiko batek eta bere familiak haragi-mamitzen dutena. Azkenik, protagonistaren barne mundua dugu, bere ezaugarri propioekin, motoan ibiltzeak ematen dion askatasunarekin, nortasunak eskaintzen dizkion dohain eta mugekin.

Nire iritziz, eleberri interesgarria eta gomendagarria izanagatik ere, nerabeen mundua gehiegi itsustu du Igerabidek, gazteen bizimoldea karikatura bihurtzeko arriskuan jarriz. Asteburuetan zerbezak edan edota porroak erretzea bizi-galbidearen pareko jartzea gehiegizko iruditzen zait. Horren aurrean irtenbidea kirol eta naturazalea den bizimodua dela aldarrikatzen digu, baina, tamalez, bi joerak bateragarriak ez balira bezala aurkeztuaz, dikotomia manikeoa eraikitzen du.

Baina, beno, esanak esan, abileziaz eraikitako narrazio gomendagarria da, nire ustez urteko emaitzarik onenetakoa. Aurkezpenean, Alberdaniako editore Inazio Mujika Iraolak zera zioen: «Ez da arina gaia, ez da arina kontatzen duena, baina arin doa irakurketa, moto gainean bezala…».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.