Googleren betaurrekoak

Aitor Aretxaga / 2013-01-23 / 555 hitz

Iragan urteak utzitako berrikuntza teknologikorik azpimarragarriena da Googleren errealitate areagotuaren proiektua. Haiei esker, etorkizuna zientzia fikziotik gertuago izango baita.

Errealitate areagotua da mundu errealean ikusten denari elementu birtualak gehitzen dizkion teknologia multzoa; software nahiz hardware erakoa. Elementu gainjarri horiek informazio gehigarria dira; errealitatea era osoago batean ulertzeko ezarriak. Hori antzemateko bitartekaritzat hainbat konpainiak garatutako betaurreko bereziak hasi dira agertzen; besteak beste, Googleren Project Glass izeneko prototipoa.

Gainbegiratu bat egite aldera, errealitate areagotuko aplikazioek, eskuarki, norbere begien aurrean agertuko diren datuz osatutako geruza bat eskaintzea daukate helburu. Horren lekuko litzateke, nabigazio aplikazio berrietan sartu nahi duten ezaugarria, GPS jarraibideak bakoitzak zapaltzen duen lurraren gainean irudikatuz; posta elektronikoaren sarrerako erretiluko mezuak begi aurrean flotatzen ikuskatzea; edo lagun bat dagoen lekura begiratze hutsarekin haren Facebook orriko azken eguneraketa jaso ahal izatea. Etorkizunera begira, gauza asko espero daitezke, eta, gaur egun teknologia horiek ikusmenean zentratzen badira ere, batzuk hasiak dira ukimenera eta usaimenera bideratzen ere.

Helburua litzateke, telefonoa patrikatik atera beharrean informazio gehigarri horretaz baliatzeko, informazio hori begien aurrean zuzenean jasotzea uneoro. Horregatik, askotan entzuten da errealitate areagotua zibernetikaren adar bat dela, eta duela azken jomuga duela gizakiengan txertatuko liratekeen inplanteak garatzea, gure zentzumenen muga naturalak gainditzeko balioko luketenak.

Joerari eusten bazaio, beraz, maila desberdinak gainditu beharko dira aurrena; eta alde horretatik, hasiak dira agertzen betaurreko itxurako euskarriak. I+D mintegiek HUD edo Head-Up Displays deitzen diete gailu horiei. Bideo joko baten pantaila izango balitz bezala, bakoitzaren ikusmenean informazio geruza bat erakusteko ahalmena daukaten gailuak baitira. Google da atentzio handiena ematen ari dena ikerketa esparru honetan, besteen aldean txiki eta meheagoa den gailua erakutsi baitu.

Google Glass

Itxaropen handia dago jarrita Googleren proiektuaren barruan. Gainera, beste askotan egin duten bezala, badirudi haien zerbitzu batzuekin integratu nahi dutela; eta hori erabiltzailearen mesedetan dago beti. Besteak beste, Google Now ahots bidezko aginterako zerbitzu berria betaurrekoetan txertatuko luketela aipatu dute. Googleren betaurrekoek, sakelakoetan adierazten den moduko informazioa irudikatuko dute aurki, begi aurrean, Internetez baliatuta; eta guztia, hizkuntza naturalaren bidez jasotako aginduen bidez. Horretaz arduratzeko sistema eragile betaduna —norbaitek zalantzarik balu ere— Googleren Android berbera izango da. Gailuaren garapena aurreratuta dago; hainbat kirolarik sarbidea izan dute betaurrekoetara, haien praktikak zuzenean grabatu eta hodeiaren bidez partekatzeko. Hobetzekoen artean, bateriaren iraupena dagoela diote, haien asmoa baita arazorik ez sortzea egun guztian jarrita erabiliko lukeen jendeari.

Laser bidez proiektatutako teklatua, azken patentea

Erakutsitako prototipoa minimalista den arren —aluminiozko tira bat, sudurrerako euskarriarekin—, etorkizunean jendearen betaurreko arruntetan barneratzeko aukera iragarri dute hainbat iturrik. Kaleratze eguna ere ez dago argi, baina 2014. urtera arte ez dela eskuragarri izango esan daiteke. Prezioari dagokionez, aldiz, Googlekoek esan dute egungo smartphonen bueltan ibiliko direla betaurrekoak.

Kontzeptu gisa bainoago mugimenduan ikustea nahiz gero, Youtuben Project Glass: One Day… bideoa bilatzea besterik ez dago, eta gutako edozeinen bizitza nola alda daitekeen irudikatu.

Berriki, albiste izan da Google Glass, gailuari lotutako patente ziragarri bat erregistratu baitute. Laser bidez proiektatutako teklatuak merkaturatzeko gutxi falta den seinaletzat ikusi dute askok. Eman duten deskribapenetik jaso daitekeenez, Googleren errealitate areagotuko betaurrekoen besoetatik irtengo diren izpiek gure beso edo esku ahurraren gainean teklatu edo interfaze bat irudikatuko lukete; eta ukipenezko aginte gisa erabili ahal izango lirateke. Eskuen mugimenduak interpretatzea edo epe baterako tatuaje bidez funtzionatzea posible dela uste duenik ere bada.

Aukerak askotarikoak dira, eta, agian, horiek izan beharrean, beste ezaugarri batzuk integratuko ditu gailuak kaleratzean. Hilabete batzuk isilik igaro ostean, garrantzitsuena dena da Googleren Project Glass ekimena aurrera doala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.