Erregearen mezularia

Erregearen mezulariaEgilea: Toti Martinez de Lezea
Argitaletxea: Erein
Bilduma: Perzebal
Urtea: 2012
ISBN: 978-84-9746-747-6
R: 6.807

Eleberri historikoa da. Hauxe da liburuaren atzeko azalean datorren laburpena: “Santxo VII.a, Nafarroako erregea, Azkarra deitua, Marokora joaten da: emirraren alabarekin ezkontzeko itxaropena du. Kanpoan dagoen bitartean, bere lehengusu Alfontso VIII.a Gaztelakoak Gasteizko hiribildu-gotorlekua konkistatzen du.

 Otxoa Izurra mutil gaztea, Leireko mendietan aurkitutako eskuizkribu misteriotsu baten jabe dena, Afrikara joaten da, Iruñeko apezpikuarekin batera, erregeari Gasteizko hiri setiatua zein egoeratan dagoen adierazteko. Tom Kilpeck izeneko gaizkile ingeles bat Otxoaren atzetik dabil, eskuizkribuak kentzeko asmoz”.

Nafarroako Erresumarentzat gertakari eta une garrantzitsuetan lekuko izango da Otxoa Izurra.

Esan bezala, nobela historikoa da liburu hau. Liburuaren amaieran, narrazioa bukatu eta gero, “Azken oharra” izenburupean, egileak berak aitortzen du kontatutako istorio-historia erdi errealitate erdi fikzio dela, eta argitzen du zer den egiatan gertatutakoa eta zer den asmatua. Gainera, “Pertsonaia historikoak” izenburupean, liburuan zehar agertzen den pertsonaia historiko bakoitzaren inguruko zehaztasun txiki batzuk ere ematen ditu.

Liburua irakurtzearen helburuetako bat Historia era dibertigarrian ikastea izan liteke. Egia da istorio honek ez duela pasarte guztietan lortzen eta zenbaitetan astun samarra gertatzen dela (prosa ez da arina, gramatika eta puntuazio-akatsen batek edo bestek arreta desbideratzen dute, pertsonaia historiko dezente agertzen dira, toki-izen arrotz batzuk ere bai…). Hala ere, oro har, entretenigarria dela iruditzen zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.