Pozoian botika?

Asier Fullaondo / 2013-02-14 / 455 hitz

Parazeltsok aspaldi esan zuen: «Ezer ez da pozoia eta dena pozoia da: aldea dosian dago». Hainbat botikak dosi altuan hil gaitzakete, eta, baita ere, jakina da hainbat pozoitatik hasita botikak lortu direla. Pozoiak hainbat iturritatik lor daitezke; Euskal Herrian pozoidun animalia gutxi dago; aldiz, landare eta onddo pozoitsuak nahiko arruntak dira. Bakterioak ere pozoi iturri dira, eta azkenaldian zenbait nahiko arrunt bihurtu dira, hala nola Botox delako pozoia, zahartzearen kontrako tratamendu estetikoetan oso erabilia dena.

Animalietan jatorria duten pozoiez hitz egiten hasita, betidanik suge pozoitsuek izugarrizko lilura eragin didate, erakargarriak eta beldurgarriak, aldi berean. Sugeen inguruko lilura hau nahiko zabalduta dago, eta, horregatik, sugeen inguruko dokumentalak hain ohikoak eta arrakastatsuak dira. Dokumental horietan askotan aipatzen dute sugeek hainbat motatako pozoiak dituztela, batzuk neurotoxikoak —nerbio sistemari eragiten diotenak—, beste batzuk hemolitikoak —globulu gorrien apurketa eragiten dituztenak— eta abar. Pozoiek dituzten propietate horiek oso interesgarriak izan daitezke medikuntzan, gaixotasunen tratamenduan erabil baitaitezke. Adibide pare bat emateko, hipertentsioaren aurkako Capoten botika Bothops jararaca sugetik eratorri da, eta itsas barraskilo pozoitsu batetik min kronikoaren aurkako farmakoa ere aurkitu zuten, Ziconotide.

Ikerlari askok esaten dute pozoietan egon daitezkeela konposatu terapeutiko oso interesgarriak izan daitezkeen molekulak, eta horiek hainbat gaixotasun tratatzeko baliagarriak izan daitezkeela. Kontua da azterketa hori egiteko estrategia eta teknologia berriak behar direla. Hori dela eta, hainbat ikerketa talde pozoien azterketan zentratu dira, sugeen, armiarmen edota bestelako animalia pozoitsuen azterketan.

Animalien pozoiak peptidoz eta proteinaz osotuak daude; peptidoak proteina txikiak dira. Peptido ugari eta desberdinak aurki daitezke pozoietan; beraz, ikerlarien lana peptido bakoitzak zer egiten duen aztertzean datza. Pozoiek zein eragin duten ezagututa susma dezakegu peptidoak zertan ari diren —neuronengan eragitean….—. Pozoiaren eragina peptido eta molekula guztien efektu konbinatuaren ondorio da; beraz, baliteke peptidoak banaka aztertuz bakoitzak efektu desberdin bat izatea eta horietako peptido batzuek aukera terapeutikoak eskaintzea.

Kontua da ikerketarako esparru berri bat hor dagoela; landareetan egiten den bezala, pozoietan ere farmakoak bilatzea badago.

Orain hiru hilabete, Nature aldizkarian manba beltzaren sugearen azterketaren artikulu bat argitaratu zuten. Manba beltza Afrikako suge arriskutsuenetako da, pozoiaren 10-12 mg nahikoak dira pertsona bat hiltzeko, eta, batez beste, ziztada batean 100 mg ziztatzen ditu.

Suge hori aztergai hartuta, ikerlari talde batek manbaren pozoiak zituen konposatu kimikoak banatu eta aztertu zituen, eta horien artean, peptido berezi bat aurkitu zuten, eta Mambalgin izendatu zuten. Mambalgin-a oso analgesiko indartsua da, bereziki erreduren kontrako minean. Saguetan egindako azterketek erakutsi dute minaren analgesian morfina baino indartsuagoa dela, eta, gainera, nahiz eta dosiak errepikatu, ez da tolerantzia arazorik izaten; beraz, ez da dosia gehitu behar tratamendua aurrera joan ahala. Ezaugarri horretaz gain, Mambalginak ez du toxikotasunik erakusten, eta ez ditu morfinaren albo efekturik.

Argi dago naturan oso leku arraroetan aurki daitezkeela onuragarriak izan daitezkeen molekulak; beraz, naturaren biodibertsitatea mantentzea garrantzitsua da, nahiz eta horretarako izaki pozoitsuak zaindu behar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.