Pozoia darama, gezian darama

Mikel Asurmendi / 2013-03-24 / 441 hitz

  • Izenburua: Lehen amodioa
  • Egilea: Arantza Ibarra
  • Argitaletxea: Hiria

Liburuaren azal zurian Arantza Ibarra Basañez eta Lehen amodioa hitzak nabari dira. Kupidok arkua tenkatzen du. Kupido eta desioa bat-bedera izaki, gezia jaurtitzeko gertu. Parnasoa saileko poesia liburua da. Amodioa thriller izaten da nerabe garaian: kitzikapena, bihotz-zirrara, bihotz-estura, ikara eta dardara. Oi amodioa, nerabezaroko zarrastada!

Lehen amodioa nerabeentzako amodio-poema bildumatzat jo dezakegu, nobela baten antzerakoa. Lehenengo amodioaren nobela! Horra, demagun, kapituluka.

1. Lehenengo inpaktua nerabe norberak baino ezin du deskribatu, inpaktuaren grina intransferiblea baita, helezina. Nork bere bihotzean esperimentatzen du Kupidoren gezi pozoitsuaren dasta. Argiaren abiaduran jasotzen ditu geziak, norberaren atalasetik pasatzen dira, egunero berritzen direlarik. Bihotzaren gordinean (h)il(tza)tzen diren gezi balakatuak dira, gezi pozoitsuak.

2. Gezi pozoitsuak itxaropen gerizatuan balakatzen dira, sabeletik gora lehenik, sabeletik behera gero. Mintzoen mizto boteretsuek belarria pozoitzen diote nerabeari, belarrien desirak —adimenaren sorburuak— menpeko desirak bilakatzen zaizkio. Horiek horrela, nerabearen gorputza ez da horrezkero inperio —edo izate— sendoa. Gorputza erroiztu izaten da, gain behera amilduz.

3. Nerabearen izatea eta arima Kupidoren —maiteñoaren— gogamenaren menpe izatera iragaten dira. Maitasunak zauritutako neofitoen klubeko kide bilakatzen da nerabea, maitale neofito balakatua. Nortasunak ihes egiten dio. Eta lehen aldiz bizitzan, zeruko bizitzatik —linbotik— lurrekoen bizitzara nola, maitasunak jauzi egin du bere baitara.

4. Erromantizismoaren garaian murgildu da bete-betean. Imajinazioak multiplikatutako sentimenduek gidatzen dituzte bere irrikak, bestelako hausnarketaz hornitzen den garaia baita nerabezaroa. Mila buelta emanda ere, bihotza ainguratuta dauka, gatibu dago. Jakin-minez eta irritsez bizi da, bere buruarekin ernegatuta, maiteñoaren zain.

5. Nerabea beste bat da harrezkero. Galduta batzuetan, minak eta ezerezak zulo beltzera bultzatua bestetan: «Ezin maiteñoa alde batera utzi», diotso bere bihotz filosofikoak. Gaitza zaio bere pentsamendua taxutzea, niarekin borrokan jardutea. Batzuetan urrun egon nahi du, baina maiteñoa beti dauka ondoan. Azaleko harremanak beti ditu deika, musu asegarriak musu nekagarriak dira.

6. Nerabearentzat gauak magnetikoak izaten dira udaberrian, maitasuna berritu ohi zaio udararen atarian. Bere izatearen atea ixten badu ere, ongi disimulatzen ikasi arren, sekretuak ezkuta ezinak zaizkio lagunen aurrean. Amodioaren beroak eta beharrak jota, azaleko kilimak daramatza agerian. Egarria baretzen ikasten du, eztiki, azaleko maitasunak barrentasuna eta mamitasuna kausitzen baititu. Kimika berriaz konforme dago, amodioaren oparotasunaz ase. Berba eta berba ari da, hitz platonikoen xerka.

Horra, demagun, neronek paratutako Lehen amodioa-ren zenbait atal!

Nerabearen maitasuna nolanahikoa izanik ere, nerabeak artean ez daki maitasuna etengabeko ahalegina eta ezintasuna dela. Maitasuna astroen menpe artegatzen dela gau luzeetan. Nerabeak ez daki amodioa ez dela gordailuan sartzeko ernatua, ez daki, artean, astelehenak indargeagoak direla igandeak baino. Ez daki Kupidoren geziak pozoia daramala.

Hori, noski, Arantza Ibarraren poesia sorta neronek nobela gisara sailkatua. Nolanahi den ere, nire inpresioa besterik ez da. Nerabe garaiak urrun ditudala, Kupidoren gezien zarrastaden zauriak ustez sendatuak edo ezeztatuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude