Traizio eta prezisio

Iratxe Esnaola / 2013-04-24 / 474 hitz

  • Izenburua: Txostena niri buruz
  • Egilea: Gregoire Bouillier
  • Itzultzailea: Angel Erro
  • Argitaletxea: Pasazaite

Idazlearen bizitzako gertaerak berariaz itxuraldatu gabe lortu den materialari txosten deitzea (orijinalean rapport) askotxo da niretzat. Txostenari egozten diodan objektibotasun eta zehaztasun portzentajeagatik izango da. Halabeharrez, norbere memoriaren interpretazioan iragazi egiten dira zehatz oroitu uste ditugun baina batere zehatzak ez diren usteak, aieruak, interpretazioak. Eder da hala izatea. 2002an egileak argitaratutako lehen obra arrakastatsua izan zen honako hau, eta ordutik, L’invité mystère (2004) eta Cap Canaveral (2008) lanak ekarri ditu argitara. Horrez gainera, Sophie Calle artistari loturik agertzen zaigu ezinbestean, bien arteko harreman sentimentala amaitzeko idazleak bidali zion e-mail famatua tarteko. Calle artistak Prenez soin de vu artelana osatu zuen profesio ezberdinetako 107 emakumeri Bouillierrek berari bidalitako hauste e-maila birbidaliz eta haien interpretazioak jasoz. Idazle honen obra eta ingurumariak bere bizitzara ze loturik dauden ikusteak harritzen nau, dela bere eskutik, dela gertukoenetik, streptease emozionalean beti. Bouillierren biluzte joerak aurkitzaile konpultsiboan duela jatorria iruditzen zait. Errealitatean gertatu zaiona ulertzeko, harrapatu eta hertsatzeko obsesiozko beharra.

Aljerian jaio zen, 1960an, baina Parisen kokatu zen umezaroan eta bertatik idazten du ordutik. Apenas lau orri gainditzen dituzten ziztada laburrez ordenatzen du testua, zehar elkarrizketez, dosifikazioan maisu. Jaiotzatik hasi eta nerabezarora bitartekoa kontatzen zaigu, bere oroitzapenak, bizipenak eta aita-amek kontatutakoak baliatuz. Hari nagusia horixe izan arren, lotura bitxiei esker helduaroko atalak ere ezagutzen ditugu. Bitxiak diot, sineskeria edo kausa efektu harrigarrietan sinesten duelako narratzaileak. Hiru aste zituela hegazkina hartu eta ekaitza izan zenez, bere bizitza bizitzeko modua ekaiztsua dela uste du. Pertsonek on edo kalte egiten diote haien izenen edo izenen letren arabera, edo jaiotze daten arabera, bestela. Bere existentzia hizkuntzak estrukturatua dagoela uste du. Hasieran jolas literario moduan hartu nuen. Gauza serioa delakoan nago orain. Gertakari guztiak elkarri loturik daude harentzat. Ez dira bere baitan amaitzen baizik beste ondorio batean harilkatzen. Umetako eritasuna etorkizuneko harreman gaixo baten hazia da. Esaten nuena. Txosten batean bildu nahi du bizitza, dena ulertu, dena lotuta utzi. Alabaina, bera da enpresa horren ezintasuna intuitzen aurrena. Dena esplikagarri ezin izatearen dramak bizi du, ze oroimenari fedea izan eta oso atxikia egonagatik, ohartzen da traizio egiten diola.

Familiak eta bereziki amak hartzen du lekua txostenean. Amaren jarrerek, gertaerek, bizi ereduak berari nola eragin dioten konturatzen goaz, nahiz luzaroan amarekiko sentimendurik adierazi gabe idatzi, gero, pixkanaka, umearen sufrimendua agertzen joateko. Bigarren maila batean, aita eta neba ere badira protagonista, baita izan dituen emakumeekiko harremanak ere. Gatazkatsuak, sufrimenduzkoak, betiere umezaroko gertakizunen haragitze bezala ulertuak. Historia liburuek aipatzen dituzten gertakizun handien itzala badabil orriotan, izan Aljeriako gerra, berdin 69ko Maiatza, baina ez dira eragiten dioten mugarri, atzeko fondo baizik. Eleberriaren amaierak hasiera bat iradokitzen du, nerabezaroaren atarian geratzen baita esnatze sexualaren goitibeheretan, irakurlea bizi-bizi eta jakin nahiez utziz, amaitu gabeko eskala baten egonezinez. Klausurarako joera duen buru baten ordenamendu eta logika zehatz bitxia duzue hauxe, txosten batek eskatzen duen hoztasun eta prezisioz aurkeztua eta traizio deliziosoz betea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.