8.000koa ilunabarrean jaitsi du

Igor Susaeta / 2013-11-27 / 658 hitz

Aingeru Epaltzak Nafarroako konkistaren harira osatutako trilogia bukatu du ‘Gure Jerusalem galdua’-rekin.

Nafarroako konkistaren (1512) harira osatutako Erresuma eta Fedea trilogia idaztea 8.000 metrotik gorako mendi bat igotzearekin parekatu du Aingeru Epaltzak (Iruñea, 1960). Ia 11 urte igaro ditu lana ontzen, eta «akituta, nekatuta», heldu da beheko kanpamentura. «Izozketarik gabe iritsi naiz, baina prozesuan nire gorputzaren eta osasunaren zati bat utzita». Zapaldu du gailurra, eta jaitsi ondoren, Gure Jerusalem galdua (Elkar) abenturazko nobela entregatu du, ilunabarrean, tonu hori duelako hain zuzen ere. «Puntu melankoliko bat badu, etsiagoa-edo…». Izan ere, Mailuaren odola (2006) trilogiako lehena «epikoa» zen, eta Izan bainintzen Nafarroako errege-k (2009), bigarrenak, «komedia ukitua» zuen. Joanes Mailu fikziozko pertsonaia, «Nafarroako Erresumaren azken gudaria», eta Pedro Agerre Axular dira protagonistak. Gertakari historikoei ahalik eta leialena izaten saiatu da, baina, Epaltzaren irudiko, fikzioak pisu handiagoa dauka.

Trilogia idazteko arrazoiak, ordea, errealitatean bilatu behar dira. Orain dela hamar urte pasatxo, Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena hurbiltzen ari zela eta, auzia berpizten hasi zen, eleberriaren egilearen iritziz. «Hasi ziren historia eta dibulgazio liburuak kaleratzen, eta bertsio kontrajarriak ikusten nituen». Beraz, benetan zer gertatu zen jakiteko gogo bat sortu zen Epaltzaren barrenean. Bere buruari galdetzen zion ea hain konparagarriak ote ziren garai haiek eta gaurkoak, eta, harriduraz, jabetu zen Amaiurko gazteluko gudaldiaren ondoren ziklo bat ixten zela. «Eta gero? Deus gertatu izan ez balitz bezala…».

Mailu erregearen odoleko seme sasikoa da protagonista. «Nahiz eta baztertua izan, bai Nafarroako Erresumari eta baita fedeari ere oso fidela da». Eta Axular da haren ifrentzua —trilogiako lehen nobelan ere agertu zen—, bestaldekoa, etsaia, eta hura ere oso leiala, baina beste erresumari eta fedeari. Axular propio bat sortu du Epaltzak. «Pertsonaia batzuei buruz jakiten dugu noiz eta non sortu ziren, non eta noiz hil, baina ez dugu jakiten nolakoak izan ziren». Hortaz, literatura sortzaileek izaten dituzten «abantailak» baliatu ditu idazle iruñearrak kasu honetan.

Ohartu da, gainera, bidaia liburu bat ere badela trilogia. Aurrenekoan Nafarroa Behereko eta Biarnoko lurretan ibili zen; bigarrenean Frantzian barrena, baina Parisen batez ere; eta azkenekoa Iruñean — «gure Jerusalem galdua»— kokatu du bereziki, baina badira pasarte batzuk Parisen, Mediterraneo itsasoaren kostaldean, eta baita Afrikan ere. Baina bidaia hori zirkularra izan dela iritzi dio, «Mailu sorterrira itzuli baita».

Bidaia zirkularra

Eta bidaiek asko izaten dute abenturatik. Traza hori hartzen dio Epaltzak eleberriari. Haren ustez, nabarmen edaten du XIX. mendeko abentura nobela klasikoetatik, baina baita XVII. mendean Espainian eta Alemanian egiten zen eleberri pikareskotik.

Orduko gertakari historiko eta ingurune sozialari fidela izaten ahalegindu da. Esaterako, idazten ari zela, zera galdetzen zion bere buruari: «’Esaldi hori bota zezakeen XVI. mendearen amaierako edo XVII. mendeko inork?’». Kontzeptuari berari dagokionez eduki ditu zalantzak, ez, ordea, hitzak aukeratzerakoan. Zeregin horretan denbora asko galdu duela aitortu zuen atzo Donostian egindako aurkezpenean. «Egunak eta gauak galdu ditut zerbaiten bila, eta batzuetan obsesionatu ere egin naiz». Adibidez, garai hartan ispilurik ba ote zegoen jakiteko orduan, edo, bigarren nobelan, sasoi hartan sardexkarik erabiltzen zuten ikertzen hasi zenean. «Historialariren batek hanka sartze handiak daudela esango du beharbada, baina sinesgarritasunaren mesedetan ahalik eta zorrotzena izaten saiatu naiz». Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak jakinarazi zion alde horretatik hainbat historialarik goraipatu dituztela trilogiako lehen bi aleak.

1512. eta 1610. artean gertatutakoa kontatu du hiru liburuetan egileak, eta azkenekoa 1586an abiatu. Mailu jada «zahartua» eta «mila jipoi» hartua dago. Epaltzak ere «unatuta» amaitu du 11 urteko lana. «Gustura ibili naiz XVI. eta XVII. mendeetan barrena egindako bidaian,baina oso pozik itzuli naiz XXI. mendera», bota zuen atzo txantxetan. Badaki alpinista batentzat gailurretik beherakoa izaten dela arriskutsuena, hor gertatzen dela istripu gehien. «Literaturan ere azken txanpan gertatzen dira hanka sartze handienak». Halere, beheko kanpalekura onik ailegatu dela pentsatzen du.

Uste berekoa da Mendiguren. «Azken urteetan nobela historikoaren popularizazio bat gertatu da: asko idatzi da, eta asko kontsumitu, era berean. Baina generoa degradatu da, eta literatura kaskarra egiten da. Topikoak erabiltzen dira, eta pertsonaien psikologia osatzerakoan, trama egituratzerakoan, eta baita idazterako orduan ere, leku komunak gehiegi erabiltzen dira. Aingeru [Epaltza] honetan hasi zenean arnasaldi bat hartu nuen, benetako idazle batek idatzitako obra delako».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.