Kateak askatuz

Urtzi Urkizu / 2013-11-27 / 1.468 hitz

Euskararen alde eta euskararen mesedetan XX. mendean lan egin duten herritarrak eta taldeak azaltzen dira ‘Euskararen kate hautsiak’ liburuaren azken 400 orrietan.

Ospeletik eguterara egiten du jauzi Euskararen kate hautsiak liburu mardulak bere bigarren zatian. Zapalkuntzatik eraikuntzara. Euskararen egunsentia marraztu duten pertsonak omendu ditu. Euskalgintza, euskararen gizarte mugimendua, ikastolak, euskaltegiak, Euskaltzaindia, euskal kulturgintza eta euskararen alde aritu diren pertsona zein elkarteen ekarpena jasotzen du liburuak.

Euskal Memoria Fundazioaren lanean jasotzen denez, 1950-60ko hamarkadetatik aurrera, Euskal Herrian «esnatu, altxatu, suspertu, antolatu eta eraiki» zen mugimendu «handia», euskalgintza eta euskal kulturgintza guztiz berritu zituena eta era guztietako emaitzak ekarri zituena. Hala alderdi praktikoan, nola teorikoan. «Ez frankismo giroak ez Frantziako Estatuaren tradizio eta praktika uniformizatzaileak ez zuten lortu euskal gizartean bizirik zeuden azpiko indarrak osotara deuseztatzea. Haatik, azpiko indar horiek erantzun jakin eta ikusgarri bat eragin zuten». Erantzun horren erakusle izan ziren kantagintza berria, antzerkigintza, bertsolaritza, argitaletxeak, literatura, zinema, ikastolen mugimendua, alfabetatzea eta euskalduntzea, aldizkariak, irratiak, euskararen defentsarako erakundeak eta erakundeen bilguneak.

Xabier Mendiguren Bereziartu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari ohiak gogora ekarri ditu liburuan Iker taldea, Saioka ikas-liburuak, Martuteneko itzultzaile eskola eta Kontseiluaren sorrera bera.

Paulo Agirrebaltzategi idazleak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren lanaren errepaso sakona egin du. 1956ko Arantzazuko Euskalzaleen Biltzarraren gorabeherak tartean. Arantzazun bildutakoen aurrean, Txillardegi «euskararen ederraren ametsetan zeuden euskaltzaleak esnatzera baino askoz harago joan zen». Euskararen orduko gaitz larrien diagnosia eginez, hori iraultzeko euskararen aldeko lankidetzara deitu zituen euskaldun euskaltzaleak. Areago, hilzorian zegoen euskara biziberritzeko bi ardatz markatu zituen: batetik, euskalgintzan ari zirenak euskara biziaz gero eta hobeto jantzi eta jabetu beharra. Eta, bestetik, euskara bera landu beharra: «Euskara gaitu, batu eta osatu».

Euskara batuaren aitatzat jotzen da Txillardegi. Eta, Jean Luis Davanten arabera, Koldo Mitxelena izan zen aitapontekoa. Mitxelenaren soslai bat ere bada liburuan. Eta Jean Haritxelhar Euskaltzaindiko presidente ohiak, zeina irailean hil zen, euskara batua sortu zeneko urteak oroitu ditu. Euskaltzaindiak egindako bideak eta hartutako erabakiak ditu mintzagai. «Interesgarria dena da Euskal Herri osoa hartu duela, erran nahi baita mugaz gaineko zerbait izan dela», dio Euskaltzaindiaz.

Euskara ikasi nahi duen herria

Euskararen irakaskuntzaren bidearen kronika ere egiten du Euskal Memoria Fundazioaren lanak, ikastolen mugimendutik hasita: «Euskal Herriak bere historian eraiki duen mugimendu sozial garrantzitsuena». Euskara eta euskaraz irakasteko ekinaldi hutsa baino askoz ere gehiago izan da ikastolen sorrera, liburuaren egileen arabera. Lehenbiziko aurrekariak XX. mendearen lehen herenekoak diren arren, ikastolen mugimendua 1960ko hamarkadan loratu eta lehertu zen, etxe-eskolek egindako zubi lanari esker hein batean. «Giro itogarri batean, euskara gogor jazarria eta zapaldua zen garai historiko batean, errepresioaren ezpata eta zama gain-gainean sentitzen ziren garai batean, izan zitezkeen beldur eta kezka guztiei gailendu eta han eta hemen ikastolak abiatzeko apustua egin zuten hainbat gurasok, irakaslek eta herrigintzako militantek». Irakasleen artean bat nabarmentzekotan, Elbira Zipitria (1906-1982). Gipuzkoako lehen euskal etxe-eskola sortu zuen, 1946an. Ikastola izango zenaren lehen hazia erein zuen. Eta 1969an Orixe ikastola sortu zuen beste hiru andereñorekin, Donostiako Alde Zaharrean. Aurreneko ikastolen nondik norakoak gogoratu ditu liburuan Kontxi Beitia irakasle ohiak.

Ikastolei ez ezik, euskaltegien mugimenduaren garapenari tarte zabala eskaintzen dio liburuak. Martin Ugalde zenak 1997ko Korrikarako idatzi zituen hitzak berreskuratu dituzte. Helduen euskalduntzeaz elkarrizketatu dituzte, halaber, Sagrario Aleman eta Julen Kaltzada. Udako Euskal Unibertsitatearen historia laburra ageri da, 1973. urtean Baionan sortu zela gogoraraziz. Joxe Manuel Odriozola idazleak, berriz, gau eskolei buruzko artikulu bat idatzi du: Gau eskolak: euskal nazionalismo kulturalaren emaitza.

Euskalgintzari lotutako adar gehiago aztertu ditu liburuak. Euskararen gizarte mugimenduen tartean, agiri historiko bat berreskuratu dute: Euskal Herrian Euskaraz elkarteak 1979ko azaroaren 4an argitara eman zuen testua. Pizkundea elkargunea, Euskal Konfederazioa, EKB Euskarazko Kulturaren Batzarrea eta euskara elkarteak aztertu dituzte, atelez atal. Ostera, EHEren bidea aztertzeko, Kontxi Erro elkarrizketatu dute, eta Euskal Konfederazioaren lanaz aritzeko, Mixel Oronos.

Komunikabideak eta kultura

Euskararentzat euskarazko komunikabideek duten garrantzia aintzat hartuz, bi data gogoratu dituzte: 1937 eta 2003. Aurrenekoan, euskarazko lehenbiziko egunkaria —Eguna— desagertu zen. Eta, bigarrenean, Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak. Lehendabizikoak ez zuen jarraipenik izan; bai, ordea, bigarrenak, BERRIA egunkariaren bitartez. Bi artikulu berezi ere berreskuratu dituzte: Lorea Agirre kazetariak Joxemi Zumalabe eta Euskaldunon Egunkaria-ri buruz idatzitakoa bata. Joxe Azurmendik 1984an Argia-n idatzitako Argia, 1000: Etxe barneko gogoetan bestea. Euskarazko irratigintzaren historia laburrean, bestalde, data eta jaialdi esanguratsu bat ekarri dute gogora: 1976ko 24 ordu euskaraz. Donostian egin zen jaialdi haren atzean ziren lanean Joxe Mari Iriondo, Joxe Mari Otermin, Joxe Ramon Beloki, Karmelo Otaegi, Txaro Arteaga, Iñaki Zubizarreta eta Nikolas Aldai, besteak beste. Euskarazko kultur aldizkarien ekarpena aztertzeaz Paulo Iztueta arduratu da. Tartean, erbesteko produkzio emana eraman du liburuko orrietara. Euskal prentsaren bilakaerari buruzko artikulu bat idatzi du, halaber, Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaranek. Pertsonaien soslaien artean, Martin Ugalde eta Piarres Lafitte.

Kulturgintza: euskara, jalgi hadi plazara izenburupean, 1960ko hamarkadatik aurrera euskal kulturgintzak izan zuen eztanda biltzen du liburuak. «Euskarak, Hegoaldean frankismoaren politika suntsitzailearen zama astunaren pean eta Ipar Euskal Herrian bazterketa sozial, kultural, politiko eta administratiboaren mendean luzaroan egon ondoren, kulturgintzaren bitartez plazara ateratzeko, euskaldungoa hauspotzeko eta arnasa hartzeko bidea aurkitu zuen». Rikardo Arregik 1966. urtean idatzitako Euskal kultura gure gaurko gizartean baliagarria da urte haien egoera ezagutzeko.

Bertsogintzari eskainitako tartean, 1935ean eta 1936an egin ziren Bertsolari Guduak nabarmentzekoak dira, Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusiaren aurrekaritzat hartzen baitira. Manuel Lekuona eta Aitzol izan ziren antolatzaileak. Oholtza gainean bertsotan, Pello Otaño, Basarri eta Kepa Enbeita, besteak beste. 36ko gerra etorri zen. Eta frankismoko lehen urte luzeak pasatu ostean, 1958an egin zuten gerra osteko lehendabiziko txapelketa: Bizkaikoa. Euskal Herrikoa 1960tik aurrera hasi ziren egiten. Eta historiara pasatu den txapelketa, 1967koa. Han bihurtu baitzituen Xalbadorren txistuak txalo. Finaleko buruz burukora Uztapiderekin batera aritzeko erabakia eman zuen epaimahaiak. Eta bost minutu eta erdi iraun zuen entzuleen txistualdiak. Xalbadorren erantzuna: «Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa / neure gustora nagonik / poz gehiago izango nuen / albotik beha egonik; / zuek ezpazerate kontentu / errua ez daukat, ez, nik… / txistuak jo dituzue bainan / maite zaituztet oraindik!». Bertsogintzaren garapena aztertzeko, Xabier Amuriza elkarrizketatu dute.

Bertsoetatik antzerkira. Tradizioa eta berrikuntza. Egileek gogorarazi dute Ipar Euskal Herrian askeago aritu zirela antzerkigileak Hegoaldean baino. Piarres Lartzabal erreferente. Daniel Landart apur bat geroago.

Euskal kantagintzaren olatu berritzailea aztertzerakoan, Ez Dok Amairu protagonista. 1965ean Mikel Laboa zenari egindako elkarrizketa bat irakur daiteke. Benito Lertxundiri 1968an egindako beste bat ere bai. Eta agiri historiko bat ere berreskuratu dute: Ez Dok Amairu: Agiria gure jokabidearen berri. 1970eko urtarrilean plazaratutako agiri hark zeresan handia eman zuen euskal kulturaren munduan.

Literatura aztertzeaz Paulo Iztueta arduratu da, Euskal letren eboluzio ideologikoa artikuluan. Epeka sailkatu du azterketa: Erbesteko literaturaren herrimina (1939-1949), literatura tradizionala auzitan (1949-1957), tradiziotik modernitatera (1957-1975) eta saiogintzaren agerpen berantiarra. Txillardegiri, Jon Miranderi eta Ramon Saizarbitoriari azpiatal bana eskaini dizkio. Iratxe Retolazak, berriz, Gabriel Arestiri buruzko artikulua idatzi du: Aresti, mailukari eta zubigile.

Liburuaren azkeneko zatian, euskararekin harremana duten berrien kronologia bat egin dute. 1900. urtean hasten da, eta 1999. urtean bukatu. Jasotzen den azken berria Interneteko Aurki bilatzaileari buruzkoa da. Aurkituko al du euskarak etorkizunean kateetatik askatzeko bidea?

Txillardegi

«Zerk egin du Euskal Herria? Zerk eman dio bere izakera berezia? Zerk egin du gure naziotasuna? Zerk bizi gaitu? Zerk bereizten gaitu? Zerk ematen digu gure euskal arima? Euskerak ez bestek» 2004

«Hizkuntza da herri baten sorkaririk funtsezkoena, bere nazio-jakintzaren oinarria. Hitz batez: Hizkuntza da herri baten arima» 1999

Rikardo Arregi

«Gure adiskideekin batera euskaraz irakurtzen eta idazten ez dakiten euskaldunei hori egiten erakusteko jokabide bat pentsatu dugu»

«Alfabetatzea ez da soilik irakurtzen eta idazten ikastea»

Martin Ugalde

«Inon baldin bada herritarrak eta haien emozioak dantzan eta airean jartzen dituen ekitaldia, Korrika da huraxe. Euskararen aldeko ekitaldi herrikoia, jendetsua, alaia, bizia da AEK-k antolatzen duena». Korrikari buruz. 1997

Jean Haritxelhar

«Euskaltzaindiak egin duen lana ikaragarria da. Nik uste dut euskara batuari buruz hizkuntzak baduela bere partea denen biltzeko. Hizkuntza bat baduzularik, denek ulertzen dutena, hori badoa batasunera, dudarik gabe». 2013

Joxemi Zumalabe

«Euskarak eta erdarak daramaten borroka, galdua du euskarak gaurko egoera sustraitik, errotik aldatu gabe. Eta baieztapen honetara iristeak ez die asko laguntzen [Espainiako] Konstituzioak mugatzen duen estatutu honen baitan soluzio miresgarriak aurkitu nahi izan dituztenei». 1984

«Indar harremanak erabat irauli arte jai dugu. Hauekin lortutako kontsentsuak bide estuak uzten dizkio euskarari. Heriotza leun batera garamatza». 1984, ‘Argia’-n, Leo Bastida sinaduraz

Xabier Mendiguren Bereziartu

«Egia da hasieran amets egiten genituen helburu guztiak ez direla lortu eta oraindik Euskal Herri osoari begiratuz gero hutsune eta gabezia gehiegi ageri zaizkigula. Baina horiek guztiak gorabehera, erreferente bihurtu gara hizkuntza berreskuratzeari dagokionez, eta gaur egun Hego Amerikako eta munduko beste zenbait herrialderentzat gure ibilbidea jarraibide gertatu da». 2013

Xalbador

«Izaite bat ez daike hezur hutsez osa / herria da gorputza, hizkuntza bihotza / bertzetik berextean bitarik bakotxa, / izaite horrendako segurra hil hotza»

Kontxi Erro

«Euskara ofiziala da; lortu du ofizialtasuna EAEko hiru herrialdeetan eta Nafarroako zati batean, baina oraindik bigarren mailako hizkuntza da»

Kontxi Beitia

«Lan isila, iluna eta zaila zen aurreneko ikastoletan egin genuena. Adin desberdinetako jendea ginen. Zerbait berezia baldin bazegoen, edo zerbait jakin nahi baldin bagenuen, Elbira Zipitriarengana joaten ginen». Ikastolen sorreraz: 2013

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude