Mingainak isilarazteko kateak

Garikoitz Goikoetxea / 2013-11-26 / 1.569 hitz

Nola mendez mende ipini dituzten kateak euskara zokoratzeko. Nola aurre egin dioten euskaldunek jazarpen horri. ‘Euskararen kate hautsiak’ liburuan jaso du lekukotasuna Euskal Memoriak. Bihar aurkeztuko dute lana.

Agindu bat zen. «Trebeziaz saiatu behar duzue herri horietan gaztelania sartzen… Arreta handiena gaztelania txertatzen jarriko duzue, eta, horretarako, ahalik eta probidentzia epelenak eta disimulatuenak emango dituzue, eragina nabari dadin errezelorik sortu gabe». 1717ko agindua zen, korrejidoreei igorria. Izan da gehiago ordutik. Eragin nabarmena izan dutenak, disimuluz aritu beharrik gabe egin dituztenak. Sokan etorri dira neurriak, eta kate bihurtu dira euskaldunentzat. Euskararen kate hautsiak. Liburu batean egin dute horien bilana.

Euskal Memoria fundazioaren altzoan, Dabid Anautek taxutu du liburua. Mardula da: baditu ia mila orrialde. Jaso ditu jazarpena jasan duten euskaldunen lekukotasunak, euskararen jira-bueltan aritu direnen artikuluak eta aditu batzuekin eginiko elkarrizketak. «Ariketa kolektibo baten emaitza» da. Memoriaz hainbeste hitz egiten den aldiotan, euskaldunek pairaturikoa ere jaso nahi izan dute. Hori du bigarren izenburu liburuak: Hizkuntza zapalkuntzaren memoria. Bihar aurkeztuko dute, Donostian, Aieteko jauregian.

Aurreko mendeetan hasitako sokari begiratuta, katea estutzen joan da, eta euskara bera, itotzen, zokoratzen, ahultzen. «Euskarak aldeko eta aurkako indarrak izan ditu oso aspalditik. Balantzea, neurri batean bederen, gurera etorri diren erdaren aldekoa da, gurean nagusitu direlako eta gaurko argazkia utzi digutelako».

Geografiari erreparatu diote, mendez mende nola egin duen atzera euskarak. Eta hiztunen kopuruari erreparatu diote, mendez mende nola joan den galtzen. Adibide baterako: euskal herritarren %52k euskaraz bazekiten 1866an; %30 eskas dira gaur egun. Gipuzkoa bera hartuta, euskaldunen portzentaje handiena duen herrialdea, are nabarmenagoa da: %96,6 ziren 1866an; %51,5 orain.

Tartean, euskararen aldekoak

Zerbaitengatik gertatu da. Indar handiagoa hartu dutelako erdarek, estatuek horiek lehenetsi dituztelako. Ez dira oraingoak hizkuntzari lotutako gorabeherak. Liburuan, Erdi Aroan kokatu dute hizkuntz eskubideen aldeko borrokaren hastapena. Eliza. Iruñeko gotzaindegia. Botere guneetako hizkuntza gaztelania zen ordurako, baina apezpikuak agindu zuen zeregin batzuetan euskaraz jakitea ezinbestekoa zutela apaizek. Ibargoitiko abadetza hartzeko, adibidez, euskaraz ongi jakin behar zela agindu zuen. 1376a zen. Han-hemen baziren gisa bereko arau gehiago; Nafarroa Behereko Foruan (1611), adibidez, notario izateko behar zen euskaraz jakin.

Baina pixkana erdarak nagusitzen hasi ziren. «Aitortza eta betebehar horiek gorabehera, Aro Modernoan erakundeen euskararekiko izan zuten praktikaren balantzea ez da euskararen aldekoa, inondik ere». Batzarretan-eta parte hartzeko erdaraz jakitea eskatzen hasi ziren. Inperioak. Nazio bat, hizkuntza bat. Gutxiespenak. Mugak. Debekuak. Eta lurraldeak galduz joan zen euskara.

Zapalkuntza areagotzera jo zuten, eta agerikoagoa zen. Aurreko mendearen hasierarako hasiak zeuden oso pauso irmoak ematen. Euskara erabiltzea debekatu egin zuen Madrilek 1901ean; Iparraldeko apaizei euskara erabiltzea galarazi egin zien prefetak 1903an. «Gaztelania edo frantsesa ziren hizkuntza nagusi eta bakarrak. Estatuen hizkuntza politikak mendeetan barna gauzatuz zihoan hizkuntza ordezkapenaren prozesua lagundu eta bultzatu zuen. Ñabardurentzako toki handirik ez zegoen, zoritxarrez».

Hegoaldeko erakundeetan zenbait asmo agertu ziren. «Sumatu liteke, une jakin batzuetan, euskararekiko interesa eta aldeko jarrera, baita diskurtso aski sutsuak ere, baina ez hainbeste horrekin etorriko zen praktika jakin bat». Hezkuntzan, bi urrats nabarmendu dituzte: auzo eskolak, Bizkaian, eta gerra aurreko ikastolak —lehenengoa, Donostian—.

«Benetako politika genozida»

Gerrarekin moztu ziren guztiak, eta gerra ondorenarekin. Francoren tropek Hegoaldea hartu orduko gogor ekin zioten euskarekiko jazarpenari. «Euskara desagerrarazi egin behar zen, bizitza publikotik eta pribatutik. Espainiak hizkuntza bakarra behar zuen, espainola, eta gainerakoak soberan zeuden». Lege, bando, agindu eta ohar, etenik gabekoa izan zen soka, katea. «Benetako politika genozida bat egin zuten, euskararen zapalkuntza sistematikoa, inoiz ezagutu gabeko neurri batekoa». Oldarraldi indartsuena frankismoko lehen urteetakoa izan zen.

Eremu guztietara iritsi ziren. Euskarazko hedabideak itxi egin zituzten, kalean euskaraz aritzen zirenei jazarri zieten, haurrei euskarazko izenak jartzea edo horrela deitzea debekatu zuten, tx eta k erabiltzea galarazi zuten… «Euskara bizitza publikotik desagerrarazteko asmoz emandako aginduen eta hartutako erabakien soka luzeak ez zuen etenik izan urte askoan». Irakaskuntzan irmo jokatu zuten. Ikastola batzuk zabaltzeko ahaleginak izan ziren han-hemen, eta lortu zuten batzuetan. Ez zuten bide erraza izan. Bilbon, Iralaberrin, gertatu zen: komentuan eskola ematen ari zirela, sartu zen ikuskatzaile bat, esanez ez zitekeela «separatismorik» egin, eta euskarazko liburuak eraman zituen. Polizia joan zen berehala, eta bi irakasleak atxilotu zituen. Biharamunean beste bi irakasle joan ziren eskolak ematera, eta preso eraman zituzten haiek ere. Gurasoei isun handia jarri zieten.

Adibide bat da. Soilik adibide bat, baina gertatu zenaren bidea erakusten duena. Horrelakoekin osatuta dago gaur arteko euskararen historia. Zapalduen historia. «Deigarri da gure historiaren kontakizunari zapalkuntzaren zama arindu nahia. Hizkuntza ordezkapenak ez dira historiaren produktu solteak izaten». Gaur ere ez. Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko buruak eman du gaur egungo egoeraren berri. Ondorioa: «Euskaldunak menpekotasun egoeran bizi dira, askotan eta askotan makurtu eta amore eman behar izaten dute».
———————–
Egunkariak, tresna

«Euskadiren eta Espainiaren arteko lazoak indartzeko, euskarak desagertu egin behar du derrigorrez. Espainiako sozialistentzat euskal hizkuntzak ez du tokirik gizarte modernoan. Gainera, ez al da berez galtzen ari?»

LA LUCHA DE CLASES, 1911
«Min ematen du, zinez, ume bati oihu betean Imanol! edo Joseba! deitzen diotela entzuteak. Haurrak ez du inongo errurik, eta ez du deliturik egin bere amak berak harrika dezan volapukeko fonetika horrekin, etxean espartinekin eta alkandora hutsean ibiltzeko «eminensias o así» zirelakoan zenbait separatistak «asmatua». Ez dugu Herodes etortzea eskatzen, baizik eta bizirik dirauten emakumeak ohartzen has daitezela badirela per omnia secula seculorum bukatu diren gauzak eta izenak. Ez al da nahikoa bizirik irautea? Bizirik irauteak ez du esan nahi gainetik bizitzea, e?»

SIRIMIRI, EL DIARIO VASCO, 1937KO EKAINAK 2

—————–
Lau adibide

Euskaraz, goiz meza soilik.
Mezetan euskaraz egiteko muga zorrotzak zituzten apaizek. 1937an Tolosako komandantetza militarretik Villabonako udalera bidalitako gutunean argi dio: goizeko lehen mezan soilik egin liteke euskaraz. Atxilotu zituzten apaiz batzuk; Nemesio Etxaniz, kasurako, gaztelaniaz egin eta gero, sermoia euskaraz egin zuelako.

Euskaraz hots egin, semeari ere ez.
Areetako komandantetzak 500 pezetako zigorra jarri zion gizon bati 1938an, kalean semeari Jontxu esaten ziotelako. Francori «desobedientzia» egitea leporatu zioten gizon hari, semeak izen «separatista» zuelako.

Hil ondoren ere ez.
Euskarazko izenen aurkako eginahalak hilerriei ere eragin zien. Gernika-Lumoko alkatetzak, adibidez, horrelako gutun bana igorri zien senideen hilarrietan euskarazko izenen bat zeukaten familia guztiei. Ohartarazi zien legearen arabera ezin zela eduki euskarazko izenik inon, eta, beraz, hilarriak aldatu egin beharko zituztela. Euskarazko plakak eta horrelakoak kendu, eta erdarazko izena jartzeko agindu zieten gutun horien bidez herritarrei. 1949a zen.

Itzulpenik ere ez.
Kooperatiba batzuetan agiriak euskaraz eta gaztelaniaz egiten zituztela ikusirik, horren kontrako agindu bat argitaratu zuten, esanez «erabat debekatuta» zegoela gaztelania ez beste hizkuntza batzuk erabiltzea enpresen izenetan eta agiri guztietan.

Testigantzak

CONCHI OTEGUI (Eugi, Nafarroa)

Dena euskaraz egiten zen, dena euskaraz. Eta gure amaren baserri horretan, banituen bi lehengusu, haien artean bi urteko aldea zutenak, eta eskolara sei urterekin etorri ziren, eta ez zekiten gaztelaniaz. Eta orduan guardiakoak… Gainera harriak ere botatzen zizkieten! Gauza arraroa balira bezala. Gauza arraroa balira bezala, hara! Baina esaten dutenez, horixe, ez zutela euskaraz egiten uzten edo ez dakit zer. Niri ez zitzaidan gustatzen, egia esateko ez, eta horregatik zen, begitan hartu genuelako.

TOMAS OSOROZ (Bergara, Gipuzkoa)

Kastigua izaten zan anillua. Bestiak burla eitten eben gero «anillua hik dakak» eta. Beste batek euskeraz ein arte. Besten batek euskeraz eitten baeban, hari anillua. Ta hola izaten zan, trukatzen anilluori. Zapatuan geratzen jakonak astelehenerarte erabili bihar izaten eban. Astelehenian beste batek euskeraz eitten ebanian, hari. Iñok nahi ez haura eruatia. Ta erderaz iñok jakin ez! Hortxe euan jokuori

MARIA JESUS LOPEZ DE BERGARA (Legutio, Araba)

Ba ni, neskatxua, ba ez dakit zenbat urte euko neban, zazpi-zortzi urte edo, ta ikastolara, ez? Baserriti, hemen, baserria, herriti apur bat kanpora, ta amak esan usten: «Ume, ekarriko ostazu lejia botilla bat burgalesen dendati?». Hemen plazan, aoen denda bat, ta esaten utsien «el burgalés», han auzenak, ez? Ta klaro, zelan hor, ikastola onduan auen, ba ipini eusten paiñolotxo baten erriela edo ez dakit zer, da, nik urten nebanien eskolatik hartu… jun nintzen hartzen lejia-botilla, ta esan notsen: «lejia-botilla bat». Bueno, ba, emun usten, ta han auzen… Ze kuartela orduen zegoen herrian, herrian, hemen, herri erdian. Guarda Zibillena. Ta klaro, horren emazteak ba, dendara, hara barriketan, haik ez aukien lanik nire ama modun jorran, ta zolora, ta horti ta hemeti, ba han eoten ziren hiru edo lau, gogoratzen naz auzela hiru edo lau emakume han, ta esan eutsien batek esaten dio dendakueri: «Oye, ¿quién es esta… esta chiquilla?», y dice: «Esta es de unos vascos de allá, de allá fuera, de más arriba del pueblo», y dice: «¿Vascos? ¡Fíjate! ¡Pues son más tontos!, ¿Éstos cómo pueden ser vascos, cómo pueden hablar…?». Kritiketan euskalduneiri auzen auren artien! Juan nitzenien etxera, lelengoko lana ein nebana esan nutsen: «Ama, niri ez ein euskera, e! Niri ez, ze burgalesenien esan daubie euskaldunak garela tontuak!». Amak begitu nusten goiti behera ta esan nusten: «Zer esan dozu? Aurok agintzen daubie kalien, ta etxien agintzen dut nik! Ta kalean ingo dozu erderaz, ta etxien ingo dogu euskeraz!». Ta holan mantendu dugu euskera!

JEANNE ARKONDEGI (Donibane Lohizune, Lapurdi)

Ordian, sekula uskaraz ai baginen, baginien makila ttipiño bat, eta hua pasatzen ginien, gue madam errientsak emaiten zion bati, eta jainkoak begira eta haik atzemaiten bazien lagun bat uskaraz, hari pasatzen zien, eta orduan hua punitia zen. Ordian haik entsaiatzen zien beste baten atzemaitea, puni izan gabe, beste lagun bat behatzen zen uskaraz aiko zenez. Eta ez bazen frantsesez ai, behar luke hartu hoi. Eta errekreazione finitzean zeinek baitzien, eta puni edo xarta, hola zen. Xarta merke zen geo. Oai ez da hunki behar haurrik bana leno hunkitzen zien.

ELOY ZILBETI (Odieta, Nafarroa)

Ez ziguten erakutsi nahi izan euskaldunak Iruñera joaten zirenean denek barre egiten zietelako, hitz egiten zutelako, bada, modu nahasi samarrean, eta horregatik ez ziguten erakutsi nahi izan, euskara orduan gutxietsia zegoelako. Bestela, berehala ikasiko genuen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.