Lokatzetan sartu ditu

Igor Susaeta / 2013-11-29 / 694 hitz

Aspaldiko lau lagunen harremana haietako baten semea atxilotzean nola aldatzen den azaldu du Xabier Montoiak ‘Azken afaria’-n.
Adiskidetasuna, leialtasuna eta gizakiaren hauskortasuna dira nobelaren gai nagusiak.

Aspaldiko lau lagun elkartu ditu Xabier Montoiak Azken afaria (Susa) haren azkeneko nobelan, zazpigarrenean. Haietako bat, egun Kalifornian bizi den idazle laudatua, omentzeko aitzakiarekin egin dute hitzordua Bilboko Zazpikaleetako soziedade batean. Deustuko Unibertsitatean egin zituzten Zuzenbide ikasketak 60ko hamarkadaren amaieran, 70ekoaren hasieran, eta Mario Conde, Jose Maria Bergaretxe eta Joaquin Almunia izan zituzten ikaskide — «oligarkia espainolaren semeak»—, esaterako. Elkarri zirika hasi, eta harrituta gogoratu dituzte gazte zireneko garaiak. Bakoitza bere ideologiarekin, baina eroso eta ustez lasai bizi dira egun. Asentatuta. Bazkariaren ondoren, ordea, lagunetako baten, Felix Goñi abokatuaren, semea atxilotuko du Ertzaintzak bortizki. Gertakariak haien arteko harreman berez konplexua zailduko du, eta konturatuko dira haiek ere hauskorrak direla. Pertsonaiak lokatzetan sartu dituela iruditzen zaio Montoiari, eta hori aprobetxatu du adiskidetasunaz, leialtasunaz eta ahuldadeaz hitz egiteko, besteak beste.

Haien ezinikusiak gorabehera, azaroako egun euritsu bateko bazkaria alaia da, Gorka Arrese Susako editorearentzat. «Bidaia ilun eta luze baten hasiera da». Gero etorriko dira atxiloketa, torturak eta kartzelatzea. Azken afarira heltzen direnerako, egoera zeharo aldatuko da.

Jon Benitoren iritziz, inoiz baino «esplizituagoa» izan da Montoia, eta haren lanik politikoena dela uste du. Hain zuzen, Benitoren galderak erantzun zituen Azken afaria-ren egileak atzo, Donostian, aurkezpen ekitaldian. Pentsatzen du nobela guztiak eta baita gizakien ekintzak ere, izan pribatuak izan publikoak, politikoak direla derrigorrean. «Ez nuen pentsatu zerbaiten aldeko edo kontrako eleberria egitea. Oinarrian benetako istorio batzuk daude, eta horiek harrapatuta eta behartuta idatzi dut».

Aspaldi hasi zen lana ontzen, baina Golgota (Elkar, 2008) idatzi zuen tartean, eta ordura arte egina zuena tiraderan gorde. Heldu zion atzera, eta orain kaleratutako liburuaren «halako hiru» idatzi zuen. «Hura bukatutakoan, ikusi nuen ez ninduela asebetetzen. Orduan istorio bera beste modu batean kontatzea erabaki nuen».

Pertsonaiek, Goñi eta Juanjo Rodera abokatuek, Samuel Salaberria idazleak eta Kosme Astoreka EAJko politikari kargudunak, «harreman konplexuak» dituzte, eta hori bera adierazteko, idatzitakoak eleberriaren forma hartu behar zuela deliberatu zuen. Lau kapitulu ditu, eta «hiru osagai», pertsonaia bakoitzari bere ahotsa emateko. Batetik, gertakizunak, hirugarren pertsonan eta lehenaldian, «ahalik eta objektiboen», emandakoak. Bestetik, «iritziena» dago; bakoitzaren ideologia eta bizitzeko era azaldu du. Eta azkenik, «alderdi subjektiboa», bakarrizketa introspektiboa, sentimenduen atala lantzeko.

«Jeltzalekoen ingurukoa»

Eta atal hori, liburu osoa bezala, Goñik ardaztuko du. Shock egoeran geratuko da semearen atxiloketarekin, eta bat-batean amesgaizto bat biziko du. «Bazekien gertatzen zirela halako gauzak, baina ez zuen uste bera bezalakoei ere tokatzen zitzaizkienik; pentsatzen zuen ezker abertzalekoei-eta gertatzen zitzaizkiela». Jeltzaleen ingurukoa da Goñi, «boto- emailea eta…». Gertatutakoaren ondorioz, ordea, aldatuko da haren pentsatzeko era, eta baita haren harremana lagunekin, emaztearekin eta jendearekin orokorrean ere, bide batez.

Halere, bazkari alaiaren ostean etorriko denak denei eragingo die. «Pentsatzen dute bizitza gorabehera handirik gabekoa izango dela, eta konturatuko dira uste izan duten guztia hauskorra dela». Izan ere, ustekabean iristen dira zauritzen gaituztenak, Montoiaren esanetan, «gure bizitzak katramiltzen dituztenak». Edozein belaunalditako jendearen bizitzak.

Eta eleberrirako bera baino apur bat zaharragoak aukeratu ditu —1955ean jaiotakoa da liburuaren egilea—. «Kronologikoki ongi zetorkidalako egin dut hautua». 30 bat urte egin dute atzera bazkaritan lau lagunek, eta ohartu dira ez dira leialak izan orduan pentsatzen zutenarekin. «Nobelaren beste auzietako bat da hori, hain zuzen ere; eta ez, gehienak ez dira leialak izan». XXI.aren hasieran garatu du istorioa egileak, eta 2012an itxi. «Bururatu zitzaidanean, krisi ekonomikoaren aurretiko garaiak ziren. Beraz, geroago egin izan banu, oso ezberdina litzateke». Bilbon kokatzea erabaki kontziente bat izan da, «noski». Zazpikaleetako soziedadeko bazkaritik lokaztuta iritsiko dira azkeneko afarira.

——————

Liburua aurkeztu du, bere buruaz ematen den irudiarekin aspertuta dagoelako

Xabier Montoiak ez du inoiz haren liburuen sustapenik egin, baina oraingoan, aurkezpenera joatea eta «hiru elkarrizketa» ematea erabaki du. Horri buruz galdetuta, erdi txantxetan erantzun zuen galdera horren esperoan zegoela, eta esan beharrekoa ondo hausnartuta ekarri zuela etxetik.

Susarekin argitaratu nahi zuen, eta argitaletxekoek aurkezpenera joatera «behartu» zuten. «Baina nik erraz amore eman dut», bota zuen, umorez. Gainera, bere estereotipoarekin «nazkatuta» zegoela aitortu zuen. «’Montoia, inoiz elkarrizketarik ematen ez duena’. Ikusten nuen neure burua pertsonaia barregarri bat bezala. Horrekin bizi beharra pixka bat astuna da». Gainera, bere liburuak ez dira lehen beste saltzen, eta argitaletxearen mesedetan «ahalegin bat» egin beharra daukala pentsatu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.