Zaindariak aurkitu ez dituenak

Iñigo Astiz / 2013-11-29 / 558 hitz

Mikel Antzaren liburu bat, Jokin Urainen beste bat eta 23 presoren lanak biltzen dituen bilduma kaleratu du Ataramiñek.

Joseba Sarrionandiaren aipu bat dakar gogora Oier Gonzalez Ataramiñe argitaletxeko kideak. Galtzetan gordetzeko koblak poemako lerro bakar bat. «Zaindariak paper bila ari dira zeldetan». Azaltzen du bere hautua Gonzalezek. «Poemak dio zaindariak paper bila dabiltzala. Ez dabiltza dinamita edo arma bila, eta aipu horrek oso ongi laburbiltzen du zein den espetxean sorkuntzak duen balioa, zaindariak paper bila aritzeraino». Eta zaindariek aurkitu ez dituzten horiek dira Ataramiñek argitaratzen dituenak. Hiru nobedade kaleratu dituzte aurten. Mikel Antzaren Z2 antzezlana, Jokin Urainen Agurra eta ohorea. Euskal militanteen heriotzaren kronika saiakera eta 23 presok idatzitako testuak batzen dituen bilduma.

Espetxerik espetxeena da Antzaren lanaren abiapuntua. Zigor ziega. Eta hortik dator piezaren titulua ere, Antzak liburuaren hitzaurrean azaltzen duenez. «Aspaldian Jean Geneten Haute Surveillance itzuli nuen. Susak argitara eman zuen Zaindaritza zorrotza izenburupean. Antzezlan honetako pasarte batzuek badute haren oihartzunen bat. Eta izenburuak ere horri egiten dio erreferentzia: Zaindaritza Zorrotza: zaindaritza ber bi: Z2 ». Baina ez da hori bakarrik. Bere eskutitzetan ere hala izendatzen baitu Antzak Zigor Ziega: Z2. Eta hori da bere antzezlanaren erdigunea.

Autoreak espetxeari begiratzeko gramatika berri bat bilatu duela dio Gonzalezek. Eta adibide bat ere jarri du hori frogatzeko. Zigor zelda deskribatu beharrak hizkuntza behartzera baitarama une batean antzezlaneko pertsonaia: «Nor etzan zen ni baino lehen lastaira honetan? Atzo. Nor etzango da ondoren? Bihar. Gaur, ni, gu gara. Hire gorputzaren kontra estututa, hire azala jantzita besarkatzen naut, harriduraz, gramatika ausartzen ez den lurraldetan, aditz laguntzailearen konbinatoriak etsi duen zingiran, maite gaitut».

Estrasburgoko auzitegiak Parot doktrina bertan behera utzi, eta astebete darama kalean Jokin Urainek. 27 urte egin ditu espetxean, ordea. Kartzelan zegoela idatzi ditu aurrez bere liburu guztiak, eta han idatzi du Agurra eta ohorea. Euskal militanteen heriotza kronika saiakera ere. «Harribitxi bat da lan hau», adierazi du Mitxel Sarasketa Ataramiñe argitaletxeko kideak. Heriotza, hiletak eta dolua ditu gai nagusi Uriainek, eta hildako hainbat euskal militanteren senideen testigantzak jaso ditu. Azken hamarkadetakoak dira bildu dituen testigantza gehienak, baina atzera ere egiten du zenbaitetan. 1936ko gerran hildakoen senideen bizipenak biltzerakoan, kasu.

Errespetuzko isilunea

Doluaren beharraz ere mintzo da idazlea. Hitzaurrean azaltzen du zergatik. «Ondo ikasi dugu euskal militante abertzaleen hiletak eta hilobiak, oroitarriak eta omenaldiak jo puntu lehenetsiak direla (…). Hileta horiek baliatu izan dituzte sarritan senideak areago mindu eta umiliatzen saiatzeko». Ahanzturaren isiltasunaren kontra, errespetuzko isiltasuna sortu nahi du idazleak, argitaletxeko arduradunen hitzetan.

Espetxean sorkuntzak duen garrantzia azpimarratu du Karlos Apeztegiak. 21 urte egin ditu preso, eta aurreko astean gelditu zen aske. Bera da Ataramiñeren aurtengo testu bilduman parte hartu duen sortzaileetariko bat. Barruan idatzitakoez aritu da kanpoan. «Beharra bihurtzen da barruan dagoenarentzat sorkuntza espetxean, barruak husteko modu bat». Kronika bat idatzi du bildumarako, baina orotarikoak dira liburuan bildutakoak. Badaude poemak, badaude ipuinak, marrazkiak… «Euskal preso politikoen kronika intimo bat da liburua», azaldu du Gonzalezek. Besteak beste, Ekaitz Samaniego, Ekhiñe Eizagirre eta Ibon Muñoaren lanak batu dituzte, eta baita jadanik kalean diren Teresa Toda eta Txomin Troitiñoren piezak ere. Datorren astean kaleratuko duten Mikel Zarrabek egin ditu, gainera, hiru azalak.

Nobedadeez gainera, Mikel Orbegozoren Preso nago 2 komiki liburua argitaratu dute berriz. Durangoko Azokan egongo dira salgai guztiak, eta baita dendetan ere. Sakoneko helburua, baina, liburu gehiago ez ateratzea dela diote argitaletxeko kideek. «Guk ez dugu argitaletxe bokaziorik. Guk presoak kalean nahi ditugu, eta halako libururik argitaratu behar ez izatea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude