‘Podcast’ edo harpidetza bidezko emanaldi digitalak

Aitor Aretxaga Agirre / 2013-12-18 / 569 hitz

Aurretik grabatuta dauden emanaldiak dira ‘podcast’-ak. Internet bidez harpidetuta entzun daitezkeen saio segidak. Norberaren jakintza hedatzeko baliabideak dira; denen eskura daude, eta norbere ahotsa sarera igotzeko aukera ematen dute.

Interneten kargatzen den emankizuna da podcast bat, ondoz ondoko kapituluak dituena. Harpidetza bidez jaso daitezke, ordenagailuan nahiz edozein gailu eramangarritan. Entzun, ikusi edo irakurtzekoak izan daitezkeen arren, hasieratik, aurrez grabatutako irrati emankizunen eskutik irabazi zuten ospea. Hortik dator podcast-ak Internetez hedatzen diren irratsaio edo programa gisa ezagutzea. Izena ere ahoz ahokoaren bidez ezarritakoa da; musika entzuteko iPod gailuen hitza eta broadcast edo emanaldiak batzean ateratakoa, hain zuzen.

Zuzenekoak baino gehiago, nahi denean entzuteko grabazioak

Hainbat edukitakoak aurki daitezke: besteak beste, musika, informazioa, elkarrizketak, mahai inguruak eta eztabaidak dituzten aurrez grabatutako programak izaten dira entzungai: hizkuntzak ikasteko programetatik, hainbat hiztun eta konexio dituzten solasaldietaraino. Zuzenekoak izan gabe, gai freskoak jorratzen dituzte.

Saioen kapituluak zerrendatan antolatzen dira. Hodeian edo urrutiko zerbitzarietan dauden fitxategi multzo gisa.

RSS teknologia ahalbidetua dutenek harpidetzeko aukera ematen dute. Horrekin, ale berri bat dagoen bakoitzeko, norbere telefonoan edo ordenagailuan bakarrik kargatzea lortzen da. Bestetik, zuzenean fitxategi gisa saio soltea deskargatzeko aukera duenik ere bada.

Entzuteko, aurrena jaitsi

Entzun ahal izateko, RSS bidez podcast-ak irakurtzeko gai den Appleren iTunes edo antzeko ordenagailuko aplikazioak behar dira. Azken horiek, gutxienik, aukeratu zerrendei jarraipena egiteko ardura hartzen dute.

iTunesen kasuan, podcast-en biltegi bezala funtzionatzen du iTunesek, eta harpidetzea sinplifikatzen. Bertan eskegita dauden podcast-en webak eta jatorriak ezagutu beharrik gabe erabiltzaileak leku beretik bilaketa egin eta harpidetza egin baitezake. Beste programetan, erabiltzailea da RSS jariodun weba aurkitzeko arduraduna. Lista eguneratzen denetan abisua emateko edo, nahiago bada, automatikoki deskargatu eta ordenagailura zein iOS gailuetara bidaltzeko ezar daiteke.

Batera zein bestera, deskargak ordenagailuan gorde daitezke, eta sare konexio gabeko gailuetan entzuteko erabili. Internet bidezko streaming teknikatik bereizten du horrek. Sare sarbiderik gabe, ez dago streaming jasotzerik, eta podcast-ak ez dira inoiz zuzenekoak.

Hedabide horizontala dela esaten da podcast-a. RSS teknologia ez denez inoren jabegoa, ez dago eragozpenik edukiak entzuteko zein propioak sortzeko.

‘Podcast’ propioak nola publikatu

Kazetariez gain, zale asko dago podcast-ak egiten dituena. Saio xume bat sortzeko aurreneko pausoa ahotsa grabatzea da. Ondoren, zerbitzari batean kargatu beharko da fitxategia. Era honetako fitxategiak gorde eta partekatzeko doako zerbitzuak daude. Horietako bat da iVoox audio kioskoa, http://www.ivoox. com/ lekuan dagoena. Grabatutako fitxategia kargatu, azaleko irudia, deskribapena, egilea eta halako datuak bete eta publika daiteke. Ondoren, webean bertan edo beste batean helbidea erreferentziatuz erakuts daiteke.

iTunesen agertzeko

Podcast komunitate handiena iTunesen dago. Hor ere publikatzea komeni da, beraz, gehiengoak kutunena duen bilatzailean erakustearren. Plataforman, baina, ez dago zuzenean biltegiratzerik. Zirkuitu itxia da, kanpoko iturriak erakusten dituen esteka biltegi bat bezalakoa.

Komunitatean sartzeko, baina, norbere esteka eta Apple ID kontua izatea besterik ez da behar. Hau da, ahotsa edo bideoa hodeiko zerbitzu batean gorde daiteke, eta iTuneseko biltegian norbere kanalaren jarioa gordetzea eskuragarri jartzeko.

Kasu honetan, iVoox erabiltzearekin ez da nahikoa. Harpidetzak ahalbidetzeko, aurrena, RSS jarioak gaitu behar dira podcast-ean. Googleren Feed Burner (http://feedburner.google.com/) tresnak, Internet helbide bat RSS ale bihurtzen du. iVoox-eko fitxategiaren URLa itsatsi eta I’m a podcaster! aukeratuta, bizkor egiten du. Itzultzen duen helbidea da iTunesen sartu beharko dena.

Aski da iTunes aplikazioko Podcasts ataleko eskuin menuan Send Podcast aukeratuta agertzen den leihoan helbidea sartuta. Automatikoki kargatuko dira norbere podcast-aren datuak. Gogoan izan, daturen bat aldatu nahi izanez gero, jatorrizko zerbitzuan egitea; gaurko honetan, iVoox lekuan. Publikazioa agertzeko gutxienez egun bat itxaron beharra dago, Applen berrikusten duten artean. Posta bidez abisatzen dute direktorioan eskuragarri dagoenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.