Konplizitatearen bidetik

Igor Susaeta / 2013-12-18 / 457 hitz

‘3L’ musika eta poesia emanaldia liburu-DVD bihurtu dute Antton Valverdek eta Anjel Lertxundik.

Xabier Lete 2010eko abenduaren 4an zendu zen. Handik gutxira, zenduberriaren kantuetako batzuekin emanaldi bat egiteko eskatu zioten Iruñeko Hizkuntza Eskolako kideek Antton Valverderi. Hura prestatzeko, pianoan eserita interpretatuko zituen kantuen sarrera egiteko eta, laguntza eske jo zuen Anjel Lertxundi lagunarengana. Hark ere, gainera, adiskide zuen Lete. Eta emanaldi hartan «konplizitate artistiko bat» loratu zen bien artean, idazlearen esanetan. Horregatik, Leteren beraren, Xabier Lizardiren eta Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren poemekin 3L kontzertu-errezitaldia atontzea otu zitzaien. Emanaldietako bat, joan den irailaren 3an Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko klubean emandakoa, DVD-liburu bihurtu dute orain.

Pamielak argitaratu du Littera&musika bildumaren barnean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren sostenguarekin. Poeta bakoitzaren musikatutako hiruna testu dauzka lanak: Lauaxetaren Mendigoxaliarena, Langile eraildu bati, Neguko gaba; Lizardiren Oia, Baso itzal eta Asaba zaarren baratza; eta Leteren Herri zahar hontan, Bianditz eta Amaitu da bidaia. Valverderen poeta «kutunak» dira hirurak, maiz musikatu dituenak, baina Neguko gaba, Bianditz eta Amaitu da bidaia estreinakoz erregistratu ditu. Addendako poema, Autobusetik, Rikardo Arregi Diaz de Herediak idatzi du —Lizardiren Bultzi-leiotik-en oinarrituz—, eta Valverdek musikatu.

Poemen aukeraketa egiteko orduan, «tonuen desberdintasunari» erreparatu diote, Lertxundiren hitzetan. «Ugaria izan zedila bai poesien moldeagatik, bai musikatzeko moduagatik, eta baita testuen edukiagatik ere». Kontu umoretsuenak zein lirikoenak entzun, ikusi eta irakur daitezke lanean, eta poeta bakoitzaren «momentu gailurrak», bete-betean zeudenekoak, hautatu dituzte horretarako.

Valverdek hiru poetak musikatu izan ditu, baina Lertxundik ere maite du haiek egindako lana, eta bai poetikoki eta baita kulturalki ere haiek testuinguruan kokatzea izan da haren egitekoa emanaldietan. «Literatura irakaslea, idazlea eta irakurlea naiz, eta hiruretatik zerbait dute idatzi ditudan testuek», azaldu zuen Lertxundik atzo Donostian, liburu-DVDaren aurkezpenean. Betidanik interesatu izan zaio Valverderen musika, pentsatzen baitu musikatzen duen poema bakoitza «erritmo barnekoienetara» iristen den musika dela. «Poesia onak badu erritmo bat: errimak, silabeoa… Gero badago beste erritmo bat, fisikoaz eta soinuaz harago doana, erritmo espirituala deituko nukeena. Eta Antton [Valverde] maisua da horretan». Sentsazioa dauka irakurle batek poema batekin daukan sentipen bera eduki dezakeela entzule batek Valverderen musikarekin. «Oso eroso sentitu naiz. Afinitate sentimental, kultural eta estetiko batzuk elkartu ditugu». Valverdek nabarmendu zuen, hain zuzen, lanak eman diola gehien estimatzen dituen poetak «uztartzeko» aukera. «Anjeli [Lertxundi] esker izan da. Poz handia hartu dut lan honekin».

Elkarlanean jarraituko dute

Eta badute elkarlanean jarraitzeko asmoa. «Tanteatzen ari gara», aitortu zuen Lertxundik. Gainera, kulturan ez adinik ez mugarik ez dagoela iruditzen zaio. «Geroz eta argiago daukat hori. Zernahi egiteko gogoa da behar dena». Oraingoz, argitaratutakoa defendatzen jarraituko dute. Datak ez daude zehaztuta oraindik, baina urtarrilean eta otsailean, emanaldi bat egingo dute Gasteizen, eta beste bat Iruñean.

Pamielak eta aldundiak Littera&musika bildumaren barnean elkarlean argitaratutako hirugarren lana da, Negua izan zen (2009) eta Paradisua eta katua-ren (2012) ondotik. Guztira hamar erreferentzia dauzka bildumak, 2000n abiarazi zutenetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.