Hegazkinetako akatsak aurrez atzemateko

Ainhitze Ruiz / 2014-04-22 / 525 hitz

Donostiako CEIT-IK4 eta Madrilgo Integrays enpresek hegazkinetan jartzeko sentsore sistema berri bat osatu dute. Hegazkinaren hutsegiteak goizago detektatzeko balio du.

Une oro pasatu behar dituzten kontrolak direla eta, muturreko segurtasuna dute hegazkinek. Baina, hegazkin batek huts egin eta hondamendiren bat gertatzen denean, zalantzan jartzen dira hegazkinen segurtasun protokolo guztiak. Zenbaitetan, bat-bateko matxurak izaten dira, eta pilotuek ez dute denbora izaten garaiz erreakzionatu ahal izateko. Hori horrela, hegazkinen hutsegiteak garaiz atzemateko Wildcraft izeneko sentsore sistema berritzailea sortu dute Donostiako CEIT-IK4 zentro teknologikoko elektronika eta telekomunikazioen saileko ingeniariek, Madrilgo Integrasys enpresarekin elkarlanean. «Hegazkinaren egiturak izan ditzakeen akatsak antzemateko, hegazkinaren egituran bertan joango den haririk gabeko sentsore sistema sare bat da», azaldu du Marcos Losadak, CEIT-IK4 zentro teknologikoko elektronika eta telekomunikazio saileko ingeniariak.

Kutxa beltz moduko sentsore sistema bat da, baina haren helburua ez da hegaldian gertatzen diren akatsak detektatzea, hegaldiaren aurreko akatsak garaiz detektatzea baizik. «Hegazkinaren egituran gerta daitezkeen akatsak gertatu aurretik detektatzen ditu», azaldu du Losadak. Sistema horrekin jakin daiteke hegazkinaren osagarriren bat matxuratu egingo dela, matxuratu baino aste batzuk edo hilabete batzuk lehenago. Eta ez minutu batzuk lehenago.

Hegazkingintza sektoreko segurtasun hutsuneei jarraipena egiteko sortu dute Wildcraft sentsore sistema. Batez ere egituraren egoera, barruko kableen egoera, hegalen funtzionamendua eta hegazkinaren fuselajearen egoera aztertzen ditu Wildcraft sentsore sistemak. Sentsore horien bidez azter daiteke, adibidez, bibrazio jakin batzuk bateragarriak ote diren hegazkin modelo jakin batekin.

Sentsore sistema modu estrategikoan kokatuko da hegazkinaren egituran, baita mekanikarientzat hain eskura ez dauden guneetan ere. Wifi bidez konektatuko dira hegazkineko nodo zentral batekin eta lurreko beste nodo zentral batekin. «Akatsen bat izanez gero, nodo zentralak abisua pasatzen du».

Losadak azaldu duenez, oraindik ez dute zehaztu sentsore horiek hegazkinaren zein gunetan jarriko dituzten, baina, adierazi duenez, «hegazkinaren leku kritikotan jarriko ditugu sentsoreak, hau da, hegazkina apurtu daitekeen lekuetan».

Sentsore horiek ezkutuan eta modu estrategikoan kokatuta joango dira, eta, besteak beste, honako kontu hauen jarraipena egingo dutela azaldu du CEIT-IK4 enpresako ingeniariak: tenperatura, deformazioa, azkartasuna eta hezetasuna.

Proba saioak Grezian

Sentsorearen diseinua eta funtzionamendua egin ondoren probak egiteko garaia iritsiko da maiatzean. Greziako industria militarrak dagoeneko azaldu du Gipuzkoako zentro teknologikoaren sistemarekiko interesa, eta Grezian egingo dituzte sentsorearen lehen probak laster.

HAI (Helenic Aerospace Industry) basean egingo dituzte probak. Greziako aire industriak proiektuaren %50 finantzatu baitu. Beste erdia, berriz, Europako Batasunak finantzatu du.

CEIT-IK4 enpresak diseinatutako softwarea eta Intergrasys enpresak egindako hardwarearekin desmuntatutako hegazkin batean egingo dituzte probak, eta horrekin, sentsorearen baliotasunaren lehen datuak lortuko dituzte.

Horren ondoren, produktuaren zehaztapenak egingo dituzte, eta, azkenik, komertzializatu egingo dute. Oraindik, hala ere, bide luzea geratzen da sentsore sistema horiek hegazkinetan instalatuta izateko.

Sentsoreak hegaldiaren une jakin batzuetako datuak jasotzeko programatuta daude. Hegaldiaren iraupenaren momentu gehienetan kargatzen joango dira sentsoreak. Oraindik ez da sentsoreen erabilerako protokolo zehatzik ezarri, baina hegaldiak irauten duen tarte guztian aktibo mantentzeak gehiegizko kontsumoa ekarriko luke.

Sistemaren helburuetako bat hegazkinaren mantentze lanen kostuak murriztea ere bada. Hegazkinen mantentze gastuak handiak izanik, mantentze lanen kostuaren kopuru bat aurreztu ahal izango da Wildcraft sistemaren bidez. «Hegazkinek une oro mantentze kontrolak pasatu behar izaten dituzte, eta hori oso garestia da. Sistema horrekin, ohiko mantentze kontrol batzuk saihestu daitezke, eta gastua murriztu. Horrekin ez dut esan nahi hegazkinaren kontrol guztiak saihestu behar direnik», gehitu du Losadak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.