Tiroideentzat, dieta berezia

Cristina Perez / 2014-04-22 / 818 hitz

Tiroidea lepoan dagoen guruin bat da, T4 tiroxina eta T3 trioiodotironina hormonak ekoizten dituena; horiek gorputzeko funtzio askotan parte hartzen dute, eta metabolismoa erregulatzen. Tiroideak ongi ez badabil, komenigarria da dieta egokia egitea eta elikagaiak ondo zaintzea.

Tiroideak T4 tiroxina eta T3 trioiodotironina hormonak era aproposean ekoizteko, iodoa ezinbestekoa da. Iodoa dietaren bidez hartzen da. Tiroidea ongi badabil, ez dago dieta berezirik egin beharrik, nahikoa da dieta orekatua eta denetarikoa egitea; baina tiroideak ez badu egoki funtzionatzen, endokrinologia tratamenduaz gain, oso garrantzitsua da dieta berezia egitea. Tiroidean bi nahaste izan daitezke: hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa.

Hipertiroidismoa

Tiroideak gorputzak behar dituen baino hormona gehiago ekoizten baditu azaltzen da. Ondorioz, gorputzean katabolismo egoera gertatzen da, eta pisu eta gihar masa galtzen da.

Kasu horietan, dieta hiperproteiko eta hiperkalorikoa egin behar da, galdu den pisua eta gihar masa berreskuratu ahal izateko. Dietan dauden kaloriak gehitu behar dira; horretarako, elikagai batzuen anoak eta kontsumitzeko maiztasuna handitu behar dira.

Anoak handiagoak izango direnez, eta elikagaiak gehiagotan jan behar direnez, garrantzi handia du egun osoan ondo banaturik egotea; horretarako, kontuan izan behar dira bakoitzaren bizi erritmoa, ordutegia eta jarduera, eta, horren arabera, bost edo sei otordu egin beharko dira.

Hori guztia lortzeko, honako gomendio hauek bete behar dira:

Esnekiak: egunean 4-5 aldiz jan behar dira. Esne osoa edo jogurta gosaltzeko, meriendatzako, hamaiketakoan eta postre moduan. Gazta pastan, entsaladan, arrozarekin edo barazki pureetan gehi daiteke, baita ogitartekoan ere.

Arrautza: astean lau aldiz jatea komeni da, edozein eratan: egosita, frijitua, tortilla era askotarikoetan…

Arraina: (zuria eta urdina) astean lau aldiz bigarren plater moduan, edo lehenengo plateraren lagungarri —paella edo pasta arrainarekin, esaterako—.

Haragia: 3-4 aldiz astean izango da aproposena. Edozein motatako haragia: oilaskoa, txahala, txerria, untxia… Arraina bezala, bigarren plater moduan edo lehenengo plateren lagungarri jan daiteke.

Lekaleak: astean 2-4 aldiz jan beharko dira, lehenengo plater moduan.

Zereal integralak: egunean sei ale jan behar dira: gosarian, meriendan, hamaiketakoan, bazkariaren eta afariaren lagungarri. Egunero ogi zati handi bat (60 gramokoa) edo horren baliokideren bat, arroz edo arto tostak esaterako. Astean 2-4 aldiz, arroza, pasta, kina… lehenengo plater moduan; horiek, lehen esan bezala, haragia, arraina edo arrautzak izan ditzakete lagungarri.

Fruitu lehorrak: astean 4-7 aldiz jan behar dira; bazkaltzeko, plateren lagungarri; edo meriendan eta hamaiketakoan jan ahal dira.

Barazkiak eta entsaladak: egunero jan behar dira, lehenengo eta bigarren plateren lagungarri, bai bazkaltzeko eta bai afaltzeko.

Fruta: egunero 2-4 ale hartu behar dira, postre moduan edo beste hiru otorduetan. Ahuakatea fruta bat da, baina nutrizio aldetik dituen ezaugarriei esker, oso interesgarria da gihar muskulua eta pisua irabazteko; beraz, hipertirodismo kasuetan, interesgarria da astean hiru-lau aldiz hartzea entsaladetan.

Gantz aldetik, gomendagarria da oliba olioa erabiltzea, egunean sei koilarakada inguru.

Gainera, ondo hidratatuta egon behar da; beraz, egokiena da egunean 1.5l-2l ur edatea.

Hipotiroidismoa

Tiroideak gorputzak behar duen baino hormona gutxiago ekoizten badu azaltzen da. Horren ondorioz, gorputzean anabolismo egoera gertatzen da, eta pisu eta gantz masa igotzen da.

Kasu horietan, dietak hipokalorikoa izan behar du, irabazi den pisua eta gantz masa galdu ahal izateko. Dietan dauden kaloriak gutxitu behar dira; horretarako, elikagai batzuen anoak eta kontsumitzeko maiztasuna jaitsi behar da.

Kasu honetan ere, garrantzi handia du egun osoan ondo banaturik egotea jaten diren elikagaiak eta mantenugaiak. Gutxiago jaten denez, gosea eta jateko antsietatea salbuesteko. Beraz, bakoitzaren bizi erritmoa, ordutegia eta aktibitateak kontuan izanda, lau edo bost otordutan banatuko dira eguneko janari guztiak.

Hori guztia lortzeko, honako gomendi hauEk bete behar dira:

Esnekiak: egunean 2-4 aldiz jan behar dira. Esne gaingabetua edo jogurta gosaltzeko, meriendatzeko, hamaiketakoan edo postre moduan egokia da. Gazta salbuetsi behar da, eta, jatekotan, kantitate txikian eta light edo freskoa jan behar da.

Arrautza: astean 2-3 aldiz jan daiteke, egosita, nahasia, barazki tortillan…

Arraina astean 2-3 aldiz bigarren plater moduan, edo lehenengo plateraren lagungarri —paella edo pasta arrainarekin, esaterako—.

Haragia: 1-3 aldiz izango da aproposena, edozein motatakoa: oilaskoa, txahala, txerria, untxia… Arraina bezala, bigarren plater moduan edo lehenengo plateren lagungarri jan daiteke.

Lekaleak: astean 2-3 aldiz jan beharko dira bigarren plater moduan, aurretik barazkiak edo entsalada janda.

Zereal integralak: egunean lau ale jan behar dira, gosari, bazkari eta afariaren lagungarri. Egunero ogi zati txiki bat (20 gramokoa) edo horren baliokideren bat, arroz edo arto tostak, esaterako. Astean 1-2 aldiz arroza, pasta, kina… bigarren plater moduan, haragiaren, arrainaren edo arrautzen lagungarri, eta aurretik barazkiak jan, lekaleekin egiten dugun bezala.

Fruitu lehorrak: egokia da noizean behin jatea, oso nutritiboak baitira, baina kontuan izan behar da kalorikoak direla eta kantitate oso txikitan jan behar direla, 10-15 gramo, esaterako.

Barazkiak: egunero jan behar dira, lehenengo plater moduan eta bigarren plateren lagungarri, bai bazkaltzeko eta bai afaltzeko.

Fruta: egunero 2-3 ale hartu behar dira, gosarian, hamaiketakoan, meriendan edo postre moduan.

Gantz aldetik, gomendagarria da oliba olioa erabiltzea, baina ezin dira hartu egunean 2-3 koilarakada baino gehiago.

Kasu honetan ere, ondo hidratatua egon behar da; beraz, egokiena da egunean 1,5 litro ur edatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude