Fikzioan sinetsarazi zidan idazlea

Pako Aristi /2014-04-22 / 440 hitz

Ezertan fetitxista edo mitomanoa ez den honek gauza bat soilik gordeko du urrezko zapitan bere bizitza osoan: idazlearen dedikatoria pertsonala eskuz niretzat propio idatzia daukan Cien años de soledad liburuaren ale bat. Ez naiz iritsi inoiz berarengandik metro batera egotera, baina nire zaletasuna ezagutzen zuen lagunmin batek eskatu zion niretzako Cartagena de Indiasen. Liburuaren barruan, sinaduraren egiaztagarri, argazki bat ageri da, non Gabo eskuetan daukan liburu hori bera sinatzen ari den. Ondoan bere emaztea ikus daiteke.

Literaturari garrantzi handia ematen genion nerabezaroan, eta ez dakit nork bideratuta iritsi zen nire eskuetara hain izenburu liluragarria zeukan nobela. Gogoan dudan gauza bakarra da irakurtzen hasi orduko abduzituta sentitu nintzela, orri haietan bizitzen hasi banintz bezala. Uda euritsu zihoan Urrestillan, eguneroko bizitza nahiko grisa iruditzen zitzaidan, 16 urteen urduritasunean abenturak nituen desio, gertaera harrigarriak bizitzea, pertsona gogoangarriak ezagutzea, eta hara non, hura guztia eskaintzen zidan liburu miragarriak, protagonisten izenetatik hasita: Aureliano, Arcadio, Ursula Iguaran, Remedios la Bella, Melquiades…

Kapitulu bat amaitu ostean ametsetara biltzen nintzen, begiak itxi gabe gauzatzen diren horietara. Liburu hura hantxe ondoan, Nuarben, edo Beizaman edo Albizturren idatzia izan zitekeela otutzen zitzaidan, begian aurrean neukan errealitateari beste kontakizun batean oinarrituriko egiazko historia bat ezar bageniezaioke bezala. Zein modu ederra nazio baten historia kontatzeko! Zein modu sakona agerian funts handirik gabeak diruditen bizitzak kontatzeko! Zelako inspirazioa esaldi haiek idatzi zituenarena!

Laster leienda bilakatu zen liburu hura, leienda bere egilea, Gabriel Garcia Marquez. Fikzioak bazeukala funtzio katartiko bat ulertu nuen, fikzioak balio zuela bizitza bere handitasun guztian agertzeko, nerabe haren bihotz sumindua baretzeko, frustrazioarekin bakea egiteko. Kalera ateratzen nintzen, jendeari begiratzen nion, eta pentsatzen nuen: «Hauek ez dakite zer ari naizen irakurtzen! Ez dakite zer ari naizen deskubritzen!». Idazle izan nahi nuela ari bainintzen deskubritzen. Fikzioaren arauak, askatasunaren aukerak, edozer gauza modu egokian idatziz gero sinesgarri suerta zitekeela, bazirela liburu bakarrak bizitza osoan irakurtzen egoteko modukoak, neskak ziren bezala bizitza osoa haiei begira igarotzeko modukoak.

Literaturaz maitemindu nintzen, ez ordea idazleaz, horregatik geroztik ez dut tratu gehiegirik eduki nahi izan haren ondorengo izkribuekin, dezepzioa delako mirespen larregiaren beste aldea, izkinan zai daukaguna.

Gero jakingo nuen, Gabok berak elkarrizketa batean esanda, bere amonak izan zuela errua, egun batean garbi ikusi zuela amonak istoriorik harrigarrienak kontatzeko zeukan naturaltasunarekin idatzi behar zuela. Eta bere amona kontalaria galiziarra zela. Gauzak zuzen eta lehor, euskaldunon gisan, kontatu ordez, kontestualizatu egiten zituela, itzulinguruka ibiliz gertakariekin. Oso ondo ulertu nuen hori nire bizitzaren erdia Galizian igarotzen hasi nintzenean.

Hau burua nirea, ia nobelako ahanzturaren garaietara lerratua: amaitzera nindoan Gabok egin zidan eskaintza ipini gabe. Honela dio: «Cien años de buena compañía para Paco, el escritor». Bedeinkapen horrekin ez naiz gehiago bakardadearen beldur izan, ezta ehun urte irauten baditu ere

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.