Memoriari harriak ekartzen

Nora Arbelbide / 2014-04-11 / 343 hitz

Emilio Lopez Adanek ‘Biolentzia politikoaren memoriak’ argitaratu du, eta Xipri Arbelbidek, ‘Gogoetak’.

«Beste harri bat gure memoria historikoa zementatzeko», hori luke xede Biolentzia politikoaren memoriak 1967-1978 (Maiatz) liburuarekin Emilio Lopez Adan idazle ikerlariak. Ez dela historia liburu bat zehaztu du autoreak. Bere oroitzapen politiko pertsonalek marraztu diotela liburuaren bidea, barnetik «ikusiak, entzunak eta ondorioztatuak».

Egoera konkretu batean jende konkretu batzuk ekarri ditu liburura. Gorpuztuz garaiak. Baina idazlea bera kontziente dela oroitzapenen bidez gertakariak deformatu daitezkeela, horren saihesteko oroitzapenak «konfrontatu» nahi izan ditu orduko dokumentuei. Liburuaren erdia osatzen dute orduko dokumentuek. Federiko Krutwig, Txillardegi, Henri Lefebvre eta Mark Legasseren idatziez gain, ETA edo beste talde batzuen zenbait agiri ere elkartu ditu bertan.

Liburua dozena erdi bati irakurriarazi die Lopez Adanek. Gauza faltsuak zuzentzeaz gain, «errepresioari pasta» ez ematea ere izan baitu arrangura nagusietakoa. Lan mardula, ETAren 1967ko bosgarren biltzar nagusian hasi eta 1978an bururatzen duena. Zerbitzu sekretu espainolek Angelun Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala hil zuten arte. Garaikoak garaian kokatzeko gonbita bat, nonbait: «Problema da garaian egiten zena konprenitu nahi dela gaur egunean, eta botereak sakatzen duen ideologia unilateralaren bidez. Hau da, biolentzia politikoa ez dela inoiz zilegi. Terrorismoaren krimenak beti denak direla humanitatearen kontrakoak. Humano ez direnen gaiztakeriak. Hori testuinguruan ez zen horrela, batere. Garaian garaiko eztabaidan eta balioen arabera obratzen genuen».

Artikulu bilduma

Xipri Arbelbidek Gogoetak liburuan hainbat komunikabidetan agertu diren artikuluak biltzen ditu. Elizari, fedeari eta sinesteari lotu gaiak dira anitz. Ipar Euskal Herriko Elizaren azken 50 urteen historiaren laburpenaz edo Eliza tradizionalistaz. Baditu bi artikulu ere, argitaragabeak. Hauetako bat Bereber izenekoa da. «Eliza batek behar lukeela bereber ibili eta ez besten peko egon haur ttipi bat bezala». Herrian argitaratzeko idatzia. Baina ez zioten publikatu. Emile Larrek idatzi zion gutun bat, eza esplikatzeko: «Egia handiak! Baina publikoan erran behar direa hala diren guziak? (…) Horrek kalte egin baiezake Elizari, guk zerbitzatu nahi dugun Elizari».

Maiatzek dakarren azken liburua, Andre Peesena da. Baionako Exaugetatik Euskal sinboloak eta matematika. Matematikaren ikuspegitik euskal kulturaren interpretazio berezia ematen du liburuak. Maiatzek bere 58. aldizkaria ere ekarriko du Sarara. Lehen Mundu Gerra izanen du gai nagusi.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude