Hegoi Garitaonandia, CERNeko ikertzailea: «Teknika bera ere ikerketa bihurtzen da proiektu honetan»

Amaia Portugal / 2014-04-10 / 1.327 hitz

EHUn Telekomunikazioa ikasten ari zela, Garitaonandia ingeniariak ez zuen inola ere pentsatuko Higgs bosoia aurkitu duen proiektuaren parte izango zenik; Antzuolan izan da hitzaldi bat ematen, Jakiundek gonbidatuta.

Higgs bosoiaren aurkikuntzari buruz argitaratu zituzten artikuluetako batean, Hegoi Garitaonandiaren izena ageri da (Bilbo, 1981) ehunka egileren artean. 2004an, Higgs bosoia zer zen ere oso ondo ez zekiela hasi zen Atlas partikulen detektagailuarentzat lan teknikoak egiten, Bartzelonan. CERNek Genevan duen Hadroi Talkagailu Handiko tresna hori (LHC) funtsezkoa izan da fisikaren gaur egungo eredu estandarrari zentzua ematen dion partikula identifikatu ahal izateko.

Orain, Amsterdamdik egiten dizkio ekarpenak Atlas esperimentuari, Fisika Subatomikorako Institutu Nazionaletik (NIKHEF). Jakiundek gonbidatuta, hitzaldi bat eman zuen Antzuolan lehengo ostegun eguerdian. Bergaran erantzun zituen galderak, arratsaldean Pedro Migel Etxenikek han eman zuen hitzaldi batean izan ondoren.

Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zenuen. Zer dela-eta zabiltza oinarrizko fisikan murgilduta?

Bosgarren maila Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin nuen, Seneca beka batekin, eta bukatu nuenean lan bila hasi nintzen. Unibertsitatean euskarri tekniko lanetarako norbait behar zuten. Zer zen ikustera joan, eta, hara non, Atlasen eraikuntzan parte hartzen ari zen unibertsitateko institutu batean (IFAE) aritzeko zen. Punta-puntako hainbeste gauza garatzen diren proiektu batean, teknika bera ere ikerketa bihurtzen da. Orduan, artikuluak argitaratzen hasi nintzen; mundu hori gustuko izaten hasi nintzen. Jakin-min handia nuen: Higgs bosoiari buruz hizketan entzuten nituen, gauzak zertarako ziren galdetzen nien… Eta horrek guztiak doktorego bat egitera eraman ninduen, Herbehereetara. Partikulen fisikan egin dut doktoretza. Oso pozik nago.

Top quarka aztertu duzu. Zer da?

Nagusiki, hiru partikula mota daude: leptoiak, quarkak eta bosoiak. Top quarka da quark mota bat, eta badu beste partikuletatik bereizten duen ezaugarri bat: guztien artean astunena da; Higgs bosoiak berak baino masa gehiago du. Oso denbora gutxiz bizi da, eta gero desintegratu egiten da. Masiboa denez, desintegratzean partikula askotan zatitzen da. Orduan, garrantzitsua da top quarka ondo aztertzea, zarata baita, oztopoa beste partikula batzuk bilatze aldera. Adibidez, Higgs bosoia lau elektroitan desintegra daiteke, eta top quarka ere bai, antzeko egoera batean. Orduan, nahastu egin daitezke. Top quarkak ondo ulertzeak laguntzen du zarata hori murrizten, eta hori kenduta Higgs bosoiarekin topo egin dezakezu, adibidez.

Amsterdamen Atlasekin zabiltzate. Zergatik aurkitu zuen detektagailu horrek Higgs bosoia?

Atlasek detektatu zuen, baina CMSk ere bai, ia aldi berean. Izan ere, ez da egun bateko kontua. Estatistika azterketak egin behar dira, datu asko metatu, ondorioztatzeko ea Higgs bosoia aurkitu dugun benetan. Datuak metatu ahala, konfiantza handiagoa genuen, eta hori modu paraleloan gertatzen ari zen bi esperimentuetan. Atlasek eta CMSk egun berean argitaratu zuten Higgs bosoiaren aurkikuntza. Badu gauza on bat bi detektagailu egoteak: batetik, azterketak egin daitezke bien datuak baliatuta, eta orduan estatistika gehiago dago, eta konfiantza handiagoa Higgs badagoela; bestetik, bata bestea egiaztatzeko erabil daiteke. Atlas eta CMS ez daude optimizatuta partikula mota jakin bat bilatzeko. Edozertarako balio dute, edo ezertarako ez. Hadroi Talkagailu Handian beste bi esperimentu ere badaude: LHCb eta Alice. Beste fisika mota bat aztertzeko eraikita daude.

Atlasen eta CMSren ezaugarrietan ba al da desberdintasunik?

Nor bere aldetik eraiki dira, baina kontuan izan da bata bestea diseinatzeko. Zilindroka daude eraikita, eta biek dute partikulen argazki sistema bat. Zilindroaren lehen detekzio geruza 3D argazki kamera bat da. Bigarren geruzan kalorimetroak daude, eta elektroien moduko partikulak geldiarazteko ahalmena dute. Hirugarren geruzak muoi izeneko partikulak detektatzen ditu. Atlas eta CMS, biak daude horrela eraikita, baina desberdintasun batzuk dituzte: adibidez, CMSn, muoien sistema —azeleragailuaren azken geruzan— eremu magnetiko batean dago. Hau da, zilindro bat dago, eta intentsitateak, korronte elektrikoak bira egiten du han. Horrek eremu magnetiko bat sortzen du zilindroaren barruan. Detektagailu guztia dago hor.

Zein da CERNeko Amsterdamgo ikertzaileen eginkizuna Atlas proiektuan?

Lehenik, detektagailua eraikitzen parte hartu zuten; batez ere, lehen geruzan dagoen argazki kameran. Muoien sistema eraikitzen ere aritu ziren, bai eta Atlasen datuak lortzeko sisteman ere. Fisikaren alorrean egindako ekarpenei dagokienez, parte hartu dute top quarken analisian, eta orain Higgs bosoiaren analisietan dabiltza oso murgilduta. Nire institutua, NIKHEF, beste esperimentu batean ere badago sartuta: LHCb. Materia eta antimateriaren arteko asimetriak aztertzen ditu detektagailu horrek.

Zure eginkizunak zeintzuk dira?

Hainbat izan ditut. Hasieran, datuak hautatzeko algoritmoak sortzen lan egiten nuen. Izan ere, Atlasen berrogei milioi partikula talka jasotzen dugu segundoko. Detektagailutik iristen diren datu guztiak prozesatu behar dira denbora errealean, eta saiatu hor zer gertatzen ari den ulertzen. Behin ulertuta, erabaki dezakegu ea baliagarria zaigun edo ez. Orduan, horretarako algoritmoak garatzen aritu nintzen hor. Gero, neure burua eskaini nuen oinarrizko fisikari buruzko analisi bat egiteko, eta top quarkekin lanean hasi nintzen. Orduan zegoen gauzarik erakargarriena zen, baina aldatuz doaz. Hurrengoa Higgs bosoia izan da. Egunen batean, hori aztertzeko dagoen materiala bukatuko da, eta materia iluna sortzen hasiko dira ikertzaileak. Materia horrek unibertsoa osatzen duela badakigu, baina ez dugu ikusten, ez eta harekin interakziorik lortzen ere.

Orain etenaldian dago LHC. Martxa berean lan egiten al duzue?

Ez da gauza bera; ez du zerikusirik. Azterketa garrantzitsuenak datu egokiak eduki eta berehala ateratzen dira. Datuak metatzen dira, eta, batzuk bildutakoan, adibidez, top quarka azter daiteke; datu gehiago ditugunean, Higgs bosoia; are datu gehiago izan, eta hor supersimetria azter daiteke, agian… Horrela funtzionatzen du, mailaz maila. Orduan, datuek zerbait zehatza egiteko balio dutenean, ikerketa talde asko aritzen da lehiatzen analisirik onenak argitaratzeko… Gero, gainera, maite dugulako lan egiten dugu honetan, diruagatik baino gehiago. Horregatik, Higgs bosoiaren moduko gauza zirraragarri bat tartean denean, jendea berotu egiten da, eta denbora gehiago ematen dio lanari.

2014a bukatzerako LHC berriz ere martxan egongo dela uste da, eta inoiz baino energia handiagoarekin. Iragarpenik egingo al zenuke, ikerketak nondik nora joko duen?

Ez daukat arrastorik ere. Gainera, teoria da nire alderik ahulena, ingeniaritzan bainaiz ni trebatua, azken finean. Oso ondo moldatzen naiz estatistikarekin eta alderdi esperimentalarekin, eta ulertzen dut eremuen teoria, kromodinamika, indarrak… Baina handicap txiki bat daukat, honetan hasieratik trebatu diren beste batzuekin alderatuta. Batzuetan oztopo da, eta beste batzuetan ez hainbeste. Izan ere, nire ezagutza teknikoa izanik, horrek lagundu egiten dit irtenbideak lehenago aurkitzen, gauza gehiago automatizatzen eta beste batzuek baino azkarrago lan egiten.

————————

Antzuolan egindako piezak ditu Hadroi Talkagailu Handiak

Garitaonandiak hitzaldi bat eman du Elay enpresan, han egindako lanaren garrantzia azaltzeko

Hegoi Garitaonandiak egindako lana ez da Euskal Herriko zientzia eta teknologiak Higgs bosoiaren aurkikuntzari egin dion ekarpen bakarra. Hadroi Talkagailu Handiak Antzuolan egindako sei milioi piezatik gora dauzka. Elay da horiek ekoitzi dituen enpresa, eta han izan zen CERNeko ikertzailea ostegun goizean, langileei hitzaldi bat ematen.

Fisikaren alorreko azken hamarkadetako albiste garrantzitsuenetako bat izan da Peter Higgsek eta enparauek duela 50 urte proposatutako partikula badela egiaztatu izana. CERNek Genevan duen Hadroi Talkagailu Handiko Atlas eta CMS detektagailuek topatu zuten teoria berretsi zuen aztarna. Hala, Garitaonandiak aurkikuntzari tamaina hartzen lagundu zien entzuleei, haien ekarpenak zertarako balio izan duen uler zezaten.

Hadroi Talkagailu Handiak hamazazpi kilometroko perimetroa du. Partikulak azeleratu, ikaragarrizko energia eman eta elkarren artean talka egin dezaten sortutako instalazio erraldoi bat da. Oinarrizko fisikaren inguruan erantzuteko dauden askotariko galderei azalpenak bilatzea du helburu. Han, Elay taldeak eremu magnetikoa osatzeko tresneriari egin dio ekarpena. Tamaina eta materialei dagokienez, oso kondizio zehatzak bete behar dituzten sei milioi piezatik gora ekoitzi dituzte. Manganeso asko eta karbono gutxi duten eta altzairu herdoilgaitzez eginda dauden piezak dira. 500 milimetroko diametroa dute, asko jota.

Hain zuzen ere, Jakiundek gonbidatuta izan zen Garitaonandia Antzuolan. Zientzia Arte eta Letren Akademiak Krisiak 2014 izeneko proiektua martxan jarri du, gaur egungo egoerak eman ditzakeen aukeren inguruan hausnartzeko. Ostegunean egin zuten lehen jardunaldia, eta Garitaonandiak eguerdian hasitakoa borobildu zuen Pedro Migel Etxenike fisikariak arratsaldean, Bergarako udaletxean eman zuen hitzaldi batekin.

————————–

Telekomunikazio ingeniari bat, oinarrizko fisikari buruzko doktore tesi bat egiten

Hegoi Garitaonandiak Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Azken horren parte den Goi Energien Fisika Institutuan (IFAE) ingeniari lanetan aritu zen karrera bukatutakoan, hiru urtez, 2004tik 2007ra. Atlas esperimentuan parte hartzen duten zentroetako bat da IFAE, eta hortik etorri zitzaion aukera Amsterdamgo Unibertsitatearen parte den NIKHEF zentroan doktoretza egiteko. Hor ere Atlas detektagailuan lanean dihardu, eta CERNeko bertako ikertzailea ere bada, aldi berean. Telekomunikazio ingeniaria izanagatik, oinarrizko fisikarekin eta Higgs bosoiarekin zerikusia duen gai baten inguruan egin du tesia: top quark izeneko partikulak. Lana entregatuta, tesia defendatzeko eguna zehaztu zain dago orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude