Hitzekin jositako istorio sorta

Ane Urrutikoetxea / 2014-04-10 / 346 hitz

Pello Salaburuk ‘Errateko nituenak’ liburua argitaratu du, Cuscora egindako bidaian oinarrituta.

Pello Salabururen (Arizkun, Baztan, 1951) azken liburua ez da nobela, ez autobiografia, ez poesia liburua, ez fikzioa. Eta ez da kronika, azalak hori badio ere. Erein argitaletxeak kaleratutako Errateko nituenak liburuak ez ditu genero bakar baten arauak betetzen, guztiak biltzen ditu. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohi eta Euskaltzaindiko Euskara Batuko Batzordearen buruak Cuscon (Peru) astebete igaro zuen 2012ko udazkenean, eta han bizitakoak inspiratu du liburua idazteko.

Salabururen arabera, orain arte egindako lanik pertsonalena da, eta Cuscora egindako bidaia «surrealista» izan da liburuaren abiapuntua. «Miren Azkaraterekin batera Perura joan nintzen, bertan hizkuntza planifikazioaren inguruko masterra egiteko. Urteak eman ditugu master hori martxan ipintzeko, eta bertatik sortu dira liburuko hainbat istorio». Datu autobiografikoak ere baditu liburuak, zenbaitetan fikzioarekin nahastutakoak. Azaleko armarriaren istorioa, esate baterako, nahasketa horren adibideetako bat da. «Cuscotik Baztanera egindako bidaian gertatutakoak bildu ditut, eta, tartean, Parisen, Amsterdamen, Arizonan (AEBak) eta Txilen bizitakoaren inguruko hausnarketak bildu ditut».

Bizipenen puzzlea modu ulergarrian osatzeko, Salaburuk arreta berezia jarri dio idazteko moduari, Baztango lexikodun euskara batua erabiliz. Hala, generoen nahasketa modu ulergarri eta txukunean egitea lortu du, Anjel Lertxundi idazlearen esanetan. «Pio Barojak zioen nobelaren zakuan denetarik sartzen dela, eta, beraz, Salabururen lanak ere badu bere tokia». Generoen artean saltoka ibiltzea ez da erraza Lertxundirentzat, baina Salabururen lanak «arintasun handiz» egiten ditu salto horiek, hizkuntzaren antolamenduak eta istorioak ehuntzeko moduak funtzionatzen dutelako.

«Izenburutik hasita, zertan ari den esaten digu Salaburuk». Lertxundiren arabera, euskara batua aberasten du Salabururen idazteko moduak, eta Baztango hizkerak hitzei balio erantsia eman die. «Margolariarentzat margoa bezala, idazlearentzat hitzak dira esaten dugunaren oinarri, eta tresna soila baino askoz gehiago dira. Hitzen erabilera da, hain zuzen ere, liburu honetatik gehien erakarri nauena. Euskal literaturaren egoeraren inguruan hausnartzeko tresna baliotsua da». Hizkuntzaren inguruko hausnarketa egiteko, hizkera zaintzea garrantzitsua da Lertxundirentzat. «Gehiago da beti hizkuntza eman digutenetik jasotzen duguna, hizkuntzari egiten dizkiogun ekarpenak baino».

Hizkuntza aberastuz

Historian idazle gutxik egin dizkiote ekarpen esanguratsuak hizkuntzari, eta, Lertxundiren esanetan, gainerakoek ekarpen xumeak egin behar dituzte: «Salaburuk marraz kanpo egin du lan zentzu horretan. Espero dut errateko dauzkanak erraten segitzea».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude