Torrealdairen grabitate indarra

Iñigo Astiz / 2015-09-29 / 720 hitz

Joan Mari Torrealdaik jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Euskal kulturaren alde egindako lana eta lan horren maila saritu ditu erakundeak.

Badira grabitate indarra duten izen propioak. Adibide bat: Jakin aldizkariko zuzendari ohia, euskararen historia sozialaren ikertzailea, Soziologiako eta Zientzia Politikoetako doktorea, Elkar argitaletxearen sortzaile taldeko kidea, Gizarte eta Informazio Zientzietako lizentziaduna, Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari izandakoa, euskal liburugintzaren aztertzailea, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari ohia, frankismo garaiko zentsuran aditua, Anaitasuna aldizkariko zuzendari izana eta euskaltzain osoa; euskal kulturgintzan murgiltzen den orok egiten du tupust ezinbestean Joan Mari Torrealdairen izenarekin (Forua, Bizkaia, 1942). Eta, hain zuzen ere, horregatik saritu du Eusko Ikaskuntzak haren ibilbidea: euskal kulturan «eredugarri» eta «erreferente» izateagatik. Manuel Lekuona saria emango diote ikerketa lanengatik bai, baina baita eragiletza lanagatik ere. «Manuel Lekuonaren kezka ez zen bakarrik izan euskara eta euskal kultura ikertzea, baizik eta biziaraztea, hau da, gizartean merezi duten lekua ematea, eta horrekin bat egiten du Torrealdaik».

Torrealdai saritu du Eusko Ikaskuntzak, izen eta abizen, erreferente; baina saria jende gehiagorena ere badela uste du berak. Euskalgintzan aritzeko modu bat ere bada saritutakoa, Torrealdairen iritziz. Euskadi Irratian eman du azalpena: «Gure garaiko lan mota, herri ekimenetik eta gizarte zibiletik sortutako lana izanik, eta elkarrekin egindakoa izanik, uste dut saria ez dela niretzat bakarrik». Saria konpartitua dela ere sentitzen du horregatik. «Taldean egin izan dut lana, eta horrela banatu nahi nuke saria ere». Baina aitortu du bere poz pertsonala ere. Izan ere, orain hilabete batzuk jakinarazi zuen minbizia zuela hezur-muinean, eta halako egoeran saria «pizgarri» zaiola esan du horregatik. Euskaldunon Egunkaria itxi zuen polizia operazioan sufritutako torturen eta epaiketaren zain emandako urteen ondorio da minbizia, dioenez.

Saritik eta zigorretik

Bietatik du Torrealdairen ibilbideak: saritik asko, eta zigorretik ere bai, beste hainbeste. Bitan jaso du Zilarrezko Euskadi Saria Euskal kultura gaur eta El libro negro del euskera liburuengatik, esaterako; ohorezko aipamena jaso zuen 2007ko Rikardo Arregi kazetaritza sariketan; Lauaxeta saria eman zion Bizkaiko Foru Aldundiak 2010ean; Dabilen Elea saria ere jaso zuen, 2011n, eta sorterrian haren izena darama kultur etxeak. Egindako lanagatik guztiak, baina zigorrik ere jasan behar izan du horregatik beragatik. «Kalbario» hitza erabilita deskribatu ditu, adibidez, Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta haren osteko inkomunikazio aldia, eta prozesu judiziala. «Prozesu guztia izan da tortura: fisikoa eta psikologikoa. Eta horren guztiaren ondorioak orain ari naiz pairatzen».

Zentsura ezagutua zuen lehenago ere. 1967an Jakin aldizkariaren zuzendaritza hartu eta handik bi urtera, argitaratzeko eskubiderik gabe utzi zuen argitalpena Francoren erregimenak. Azaldua du Torrealdaik ere beren helburua zein zen: «Hasieratik, Jakin-ek kultura eta euskara ezkondu nahi izan ditu. Orain hori ez da harrigarria, baina garai horietan, bai. Zeren garai hartan euskara euskarari buruz hitz egiteko eta poesia egiteko erabiltzen zen. Edonola ere, kultur gaiak zientzia, filosofia, teologia ez ziren euskaraz egiten, hori ez zen arrunta». Baina hori egin nahi haiek, eta horregatik sariak, eta horregatik zigorrak.

«Euskaldun gazteak ez du aintzat hartzen Euskal Herriaren aurka frankismoak egindako kultur genozidioa. Aintzat hartu ez eze, ezagutu ere ez du egiten». Hitz horiekin hasi zuen Torrealdaik Euskararen zapalkuntza 1936-1939 artikulua (Jakin, 1982), eta, hain zuzen ere, genozidio hori ikertzea izan da bere ibilbideko gai nagusietariko bat. Hari buruzkoa izan zen bere soziologia tesia, adibidez, eta hari buruzkoa da Susa argitaletxearekin kaleratutako Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura liburua ere. Euskal kulturak eta liburugintzak jasandako kaltea aztertzen du zehatz lan horretan, eta azken kapituluan dator ondorioa: «Ondare nazionalaren aurka egindako atentatutzat har daiteke zentsura, desegin duenagatik eta jaiotzen utzi ez duenagatik. Ez dago kalkulatzeko modurik zenbat lan gelditu den publikatu gabe, zenbat ekoitzi gabe, idatzi gabe. Isiltasunaren belaunaldiaz mintzo denik bada: belaunaldi isila, mutua».

Etorkizuna, handiagoa

Uztartuta doaz Torrealdairen kasuan biografia eta bibliografia. Ikertzea beste, eragitea izan da haren erronka. Sakon ikertu du liburugintza, sakon euskara batua, sakon kazetaritza… 2007an izendatu zuten euskaltzain oso; 2012an utzi zuen Jakin aldizkariko zuzendaritza, eta izen bereko fundazioko lehendakari da geroztik. Eraldaketa garaian deskribatu zuen euskalgintza orduan, eta ordukoa da Hamaika Telebistari utzitako titulua ere, erdiz aldizkariari buruzkoa, erdiz euskalgintzari buruzkoa: «Gure etorkizuna iragana baino handiagoa izango da».

Lau ziren sarirako hautagaiak: Torrealdai bera, Ricardo Zierbide linguista eta historialaria, Ana Etxaide linguista eta euskaltzalea, eta Saturnino Ruiz de Loizaga paleografoa. «Euskal komunitate globalarentzat» egindako obra osoa hartzen du kontuan Lekuona sariak, eta Torrealdai saritzea erabaki dute azkenean. 1983an sortu zuen saria Eusko Ikaskuntzak eta, besteak beste, Jorge Oteiza, Justo Garate, Bernardo Estornes, Jose Maria Jimeno Jurio, Eugene Goienetxe,Menchu Gal eta Manuel Lekuona dira sarituetako batzuk. Remigio Mendiburuk eginiko brontzezko eskultura bat da saria, eta datorren urtean egingo da hura banatzeko ekitaldia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.