«Adimen batzuk ez dira lantzen eskolan»

Iker Tubia / 2015-09-29 / 626 hitz

Madrilen ikasitakoa Iruñera ekarri, eta Hegan&Dream sormen espazioa sortu zuen 2012an. Jolas tailerrak dituzte 3 urte bitartekoentzat, eta sormen tailerrak 8 urte artekoentzat.

Iruñeko Kale Nagusiko 50. zenbakiko lokalean sartuta, jazz musikaren doinuak inguratzen duen gunea dago. Han, Erkuden de Andres dago (Iruñea, 1982), haurrez inguraturik. Ez da haur eskola bat, sormen gune bat baizik. Bestelako metodologia erabiltzen dute. Harekin Liz Barrett egoten da, baina hark ingelesez egiten du. De Andres aktorea eta hezitzailea da, eta txoko honetan bi alor horiek uztartzen saiatu da.

Haurrek hegan egin dezakete hemen?

Bai, noski. Espazioa oso xumea da, etxe baten antzera: sofa bat dago, piano bat, lanparak… Ez da dena kolore-molore. Gure filosofiaren arabera abiatzen gara: maitasunetik, estimulazio goiztiarretik eta arte proiektu guzietatik. Nire bi pasioak artea eta hezkuntza dira, eta hemen bi aspektu horiek batzen dira. Umeak badu askatasun handia parte hartzeko; ez dugu dena zuzentzen.

Nahiago izan duzu zure espazio propioa eraiki. Hezkuntza sisteman gabeziak ikusten dituzu?

Nik uste geroz eta hutsune txikiagoak daudela. Duela 20 edo 30, [hezkuntza] beti mota batekoa eta berekoa zen, ez zegoen aukera askorik. Orain, geroz eta proiektu interesgarriagoak daude. Hezkuntza sisteman bertan ere hasi dira beste metodologia batzuk ikusten, edo beren burua birziklatzeko ikastaroak eginez. Baina oraindik gauza asko dago egiteko, noski. Betiko ikasgaiak daude. Adibidez, Howard Gardnerren adimen multipleen teorian zortzi inteligentzia bereizten dira. Eskolan haietako batzuk ez dira lantzen.

Arte eszenikoetako Batxilergoa jarri zuten.

Azken hamar urteetan, gobernuak aldatzean hezkuntza legea aldatu da. Hezkuntza artistikoa sartu zuten, baina sartu zuten sartzeagatik, eta ez zuten ongi egin; gero kendu zuten eta arazoak izan ziren.

Hau ez da haur eskola bat. Zein dira ezberdintasun nagusiak?

Guk talde heterogeneoekin egiten dugu lan; ez ditugu adinka banatzen. Bestalde, murgiltze metodoarekin egiten dugu lan. Proiektua ingeles batek, Lizek, eta biok egiten dugu. Niri ura eskatzen didate, eta hari water. Beste ezberdintasuna estimazio goiztiarretik abiatzearena da: proiektu sentsorialak ditugu, beti talde dinamikan eta arte proiektuekin zerikusia dutenak. Musikak garrantzi handia du. Azkenik, parte hartzeko aukera dago. Haur eskola batean egunero joan behar duzu, baina hemen ez.

Zein metodologia nahiago duzu haurra hezteko?

Hainbat erreferentzia ditugu, Waldorf, Montessori, Pikler… baina ez gara batekin ehuneko ehunean lerratzen. Horrek ez nau aske izaten uzten. Waldorfen talde mistoak gustatzen zaizkit, Piklerrek haurrari ematen dion protagonismoa ere… Libre izan nahi dut; beraz, nahiago dut korronte ezberdinetatik hartu, eta gure metodologia propioa egin.

Sormenari bidea ixten zaio?

Umeak oso tolesgabeak dira. Txikitan denetarik egiten dugu, baina momentu batetik aurrera, jolastean harresiak jartzen dizkiogu geure buruari. Umeek ez dituzte gauza horiek planteatzen; ehuneko ehun haiek dira. Sormenarekiko pertzepzio handikoak dira; oso irekiak daude, eta haiekin modu naturalean ateratzen dira gauzak.

Eta hori nola lantzen duzue?

Lehen orduan jolas librea da. Musika eta psikomotrizitatea egiten dugunean, zuzendu egiten duzu. Baina musikarekin haiek mugitzen dira, eta esploratzen dute haien espazioa. Ekintza zuzentzen duzu, bai; zu gidaria zara, baina uzten diezu denbora haiek esploratu dezaten.

Helburua ez da Mozart edo Picasso txikiak sortzea, ezta?

Beti ari gara sortzen. Egunero gitarra jotzen dudanez, umeek erlazioa dute harekin eta maite dute, haien inguruko objektua delako. Handitzen diren heinean, gitarra eskatzen dute etxean. Ez da Paco de Lucia izanen, baina bere burua irekiago dago. Etorkizunean sentsibilitate handiagoa izanen duela uste dut, jaso izan dituelako estimuluak. Baina gure helburua ez da Mozart izatea.

Nafarroan, batzuek ingelesa eta euskara kontrajartzen dituzte. Hemen dena da bi hizkuntzetan.

Gauzak modu naturalean egiten badira, aurrera; baina inposatzen direnean, gaizki. Madrilen sei urtez bizi izan nintzen, eta han ingelesa sartzen hasi ziren. Ez zuten modu naturalean egin, bat-batean natur zientzietako irakasleak gaia ingelesez eman behar zuen, baina ez zen ingelesa.

Zuenean modu naturalean ikasten dituzte hizkuntzak?

Ume askok ez dute hitzik egiten ere, baina gurea estimulu bat da; etorkizunerako ikaskuntza prozesuan lehen harria jartzen ari gara. Lehen urteetan oso garrantzitsua da ahoskera eta belarritik sartzen den hizkuntza, horrek gero hondarra uzten duelako. Helburua ez da euskara eta ingelesa menperatzea, baina edukiko dute ulertzeko gaitasuna modu natural batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.