Zaindu zure lorea

Imanol Mercero / 2015-09-13 / 132 hitz

Izenburua: Bihotzak dun-dun. Idazlea: Miren Agur Meabe. Ilustratzailea: Enrique Morente. Argitaletxea: Elkar.

Eleberri labur bat izateko osagaiak dituen narrazio hau irakurle ez oso arituak literaturara erakartzeko amu ona izan daiteke. Bere 90 orrialdeak 30 ataletan banatuta daude, eta testu mota ugari eskaintzen ditu: poemak, jolaserako mikro-ipuinak, aldarrikapenak, prentsa oharrak, kantak, asmakizunak… Irakurketa arina eta jostaria ziurtatuz.

Istorioa lehenengo pertsonan idatzia dago, eta eguneroko baten ezaugarri asko ditu. Protagonistak urtebetez bizitzen dituenak ezagutzen ditugu, eta, maila apalagoan, bere inguruko senide eta lagunenak.

Irakurleak, protagonistarekin batera, misterio bat argituko du: zergatik izaten ditu lore bati buruzko ametsak? Zer esan nahi diote ametsek «lorea aurkitu eta zaindu» behar duela esaten diotenean?

Misterioa argitzean, protagonistari ez ezik, irakurleari ere mezu bat helarazten zaio, bizitzaren funtsari buruzkoa, eta narrazioaren katebegi guztiek bat egiten dute.

Morenteren ilustrazioek marrazki bizidunetakoak dirudite, eta idatziz esandakoa errepikatzen dute, tarteka informazio osagarriren bat erantsiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.