Eskopetarien jomugan

G.Goikoetxea / 2015-10-23 / 947 hitz

Urte eta erdi besterik ez zeukan. Iazko maiatzean, Ondarroan (Bizkaia) jarri zioten eraztuna, artean habian zegoela. «Gipuzkoara mugitu zen gero; seguruenik, datorren urtean kumeak izateko ari zen leku bila», azaldu du Aranzadi zientzia elkarteko ornitologia arduradun Juan Arizagak. Iazko maiatzean Ondarroan eraztuna jarritako belatz handia larri zaurituta aurkitu zuten ostiral goizean Ormaiztegin (Gipuzkoa); tirokatu egin zuten. Arrano Etxera eraman zuten, baina arratsaldean hil zen. Espezie babestua da belatz handia, eta irmo salatu du hilketa hori Aranzadik. Ohartarazi du ez dela salbuespena: aurreko zortzi urteetan, Gipuzkoan soilik, tirokatutako 421 animalia heldu dira babes zentroetara. Ia guztiak, legez kanpoko ehiztariek tirokatu eta gero.

Ehiza denboraldi betean, usoen esperoan daude milaka ehiztari Euskal Herrian —Gipuzkoan bakarrik, 18.000 lagun inguru—. Legean zehaztuta daude zein hegazti klase ehiza ditzaketen, baina ez da berria ehizatu ezin ditzaketenei ere tiro egitea. «Gipuzkoan gertatzen dena ez da salbuespena», nabarmendu du Arizagak. Azaldu du, hala ere, ezin dela orokortu eskopetarekin dabiltzan guztien jokabidea: «Gutxi batzuek erabakitzen dute tiroka hastea espezie babestuei ere. Baina herrialde osoan gertatzen da hori, ez eskualde jakin batean».

Gehiengoa ez dela horrelakoa nabarmendu du Mikel Barriosek, Adecap ehiztarien elkarteko ordezkariak. «Leku guztietan daude ardi beltzak». Aitortu du, hala ere, ehiztari guztiei kalte egiten dietela horrelako jokabideek: «Gure irudia txarrera egiten ari da pixkanaka horrelakoak gertatzen direnean». Bidenabar, kexu agertu da komunikabideekin ere, «zerbait txarra» gertatzean bakarrik aipatzen dutelakoan ehiza.

Oso espezie gutxitua

Ormaiztegiko kasua bereziki larria dela ohartarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien zerbitzuburuak, Iñigo Mendiolak: «Belatzak oso-oso gutxi dauzkagu Gipuzkoan». Aranzadi elkartea ari zen jarraipena egiten; eraztun bat jarria zion hegaztiari, «nortasun agiri gisako bat», eta, horri esker, bazituzten haren datuak: «Badakigu emea dela, urtebete pasatxo zuela, eta Bizkaitik Gipuzkoara etorri zela». Arizagak azaldu du zer gertatu den salatzeko gutunak bidali dituztela Eusko Jaurlaritzara, Gipuzkoako Diputaziora, Gipuzkoako Ehiza Federaziora eta Ormaiztegiko Udalera.

Azken hilabeteetan gisa bereko beste kasu bat izan dute. «Bi miru gorriri geolokalizatzaile bana jarri genien otsail erdialdean. Martxo amaieran ikusi genuen haietako baten seinalea ez zela mugitzen. Basozaina joan zen, eta hila zegoen. Nekropsiaren zain gaude, baina itxura du tiroz hil zutela». SEO BirdLife elkarteko ordezkari Ramon Elosegik egin du kontakizuna. Idiazabalen (Gipuzkoa) topatu zuten hilda mirua, martxoan, ehiza denboraldia bukatu ostean.

Harrapariak dira legez kanpoko hildako hegaztietako asko —tamaina handikoak dira gehienak, eta, beraz, ia ezinezkoa da ehizatu daitezkeen espezieekin nahastea—. Ormaiztegikoa ere hala zen. Arizagak dio halako hegaztiak hiltzea bereziki dela kaltegarria: «Urtean kume gutxi izaten dituzte, batzuetan batere ez, baina luzaro bizi dira. Heldu bat hiltzeak kalte handia eragiten du». Urte eta erdiko belatza zen. «Habiatik ateratzean, ehizan hastean izaten dute garai kritikoa. Hori igarota, hamar bat urte bizi dira». Fase kritikoa igaroa zuen belatz horrek.

Elosegik adierazi du tiroka hiltzea ez dela babestutako espezieen kontrako jokabide bakarra. Nafarroa hegoaldean, beste sistema bat ikusi dute: pozoia. «Erriberako ehiza barrutietan erabiltzen dituzte pozoituriko amuak». Hegazti txikiagoak izaten dituzte ehizagai barruti horietan —eperrak, adibidez—, eta harrapariek ere hegazti horiek ehizatzen dituztenez, hil egin nahi izaten dituzte. «2013an Nafarroako bi barruti handi salatu genituen: Europako hegazti harraparien hilketarik handiena izan zen». Tuterako eta Cintruenigoko bi barrutitan jartzen zizkieten amu pozoituak. Arduradunak inputatuta daude.

Erantzuleak ezin aurkitu

Nafarroako bi barruti horien kasuan lortu dute auzibidea hastea, baina gehienetan zigorrik gabe geratzen dira horrelako hilketak. Ormaiztegiko kasuarekin ere esperantza gutxi du Aranzadi elkarteak. «Itxaropenik ez dugu. Ez da lehen aldia: urtero dozenaka izaten dira, eta inoiz ez dira erantzuleak aurkitzen. Oso zaila da». Gipuzkoako Diputazioak ikerketa martxan jarri du zer gertatu den jakiteko. «Ez dakigu zer gertatu den: ez nork egin duen, ez non». Mendiolak jakinarazi du belatza agertu den tokian ez dagoela ehiza posturik. Federazioarekin harremanetan jarriak dira, hala ere.

Zorrotz babestutako espeziea da belatz handia. Europako Batasunak SPEC 3 mailan sartua dauka; esan nahi du Europatik kanpo ere badela espezie hori, baina Europako populazioa mehatxaturik dagoela. Belatz handia ageri da Bernako Hitzarmenean eta espezie mehatxatuen Espainiako katalogoan ere. Haren hilketak, beraz, larritasun berezia du lege aldetik. Mendiolak azaldu du Ertzaintzarekin jarriak direla harremanetan, belatz handia hiltzea delitu baita. Bi urte arteko espetxe zigorra jar dezake epaileak.

Erantzulea aurkitzea da zailtasuna. Dei bat egin du Mendiolak: «Laguntza eskatzen dugu, batez ere ehiztarien kolektiboari, halakoak egiten dituztenak harrapatzeko». Kasu batzuetan lortzen dute. Orain hurrena belatz handi bat hil zutenean, Añorgan (Donostia), lortu zuten egilea atzematea. Auzitegietan dago kasua.

Zaindariak falta

Ehiztariek horrelako kasuak salatu behar dituztela, bat dator horretan Barrios. Aipatu du, adibidez, Adecap taldea kanpaina bat egiten ari dela oilagorrak leku jakin batean zain egonda ez ehizatzeko —legeetan erabat debekatua dago horrela oilagorrak harrapatzea—: «Ehiztariei eskatzen diegu basozainei deitzeko, eta esateko non egoten den jendea horrela».

Baliabideen gaia atera da mahai gainera. «Nik neuk faltan sumatzen dut basozain gehiago egotea. Gehiago ibiliko balira, horrelako kasu gutxiago gertatuko lirateke, eta gertatzean errazago atzemango lirateke», adierazi du Barriosek. Ehiztariak eta ekologistak bat datoz. Elosegik Arabako adibidea aipatu du: «Aldundiko basozainak oso kualifikatuak dira, baina oso gutxi daude: asteburuetan bat bakarrik egoten da». Iritsi ezinik.

Poliziaren egoerari ere erreparatu dio SEO/BirdLifeko ordezkariak. «Ertzaintzaren taldea oso txikia da, eta burokraziaz betea». Uste du Ertzaintzak behar duela Guardia Zibilaren Seprona taldearen gisako bat —Ingurumena Babesteko Zerbitzua da Seprona—. «Ez dut esaten behar denik errepresioa egiteko, baizik eta jendeak ikus dezan hor daudela. Horrek ere atzerarazten du jendea».

Zer zuzendua badagoela diote datuek. Aranzadik oraintsu egindako ikerketa batek dio tiroa jasotako 421 animalia heldu direla babes zentroetara azken zortzi urteetan. 53 espezietakoak. «Asko, galtzeko arriskuan daudenak», ohartarazi du Arizagak. Uste du «erantzun irmoagoa» beharko luketela halako kasuek. Zigorgabetasuna ere badago. Mendiolak dio «ahal denean» zigortzen dituztela erantzuleak, baina frogak behar direla horretarako. Baliabide faltarekin lotuta, zigorgabetasuna salatu du Elosegik: «Organo publikoek jazartzen diete? Ez. Edo ez behintzat behar bezala». Kontrolaren alde egin du Barriosek: «Legearen barruan dabilenak ez du beldurrik eduki behar».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.