Adblocker teknologia: hedabide digitalen etsai ofizial berria

Sustatu / 2015-11-05 / 375 hitz

Hedabide batek Interneten bi negozio-iturri nagusi dauzka eskura: iragarkiak saldu edota edukiak irakurtzearren kobratzea. Duela hamabost-hogei urte hedabide gutxik egin zuten paywall edo harpidetza-ordainsarien alde, eta iragarkiak bilakatu ziren diru-iturri nagusia. Hasieran banner arruntak agertu ziren, mugimendu epilekpsioekin. Ondoren zorionez ia ahaztuak ditugun pop-up gorrotagarriak. Eta egun sarri topatu ditzakegu bere kasa hasten diren bideo edo audio iragarkiak.

Remarketing-arekin, iragarki intrusiboagoak

Bestalde, bannerrak berak eboluzionatu egin du. Orain atzetik segika daukagu. Denda batean azken mugikorra ikusten egon bazara, litekeena da mugikor hori eskaintzen duten iragarkiak atzetik segika izatea beste edozein webgune bisitatzerakoan. Remarketing-a da teknika honen izena, eta begi-bistan ikusten ez ditugun tracking edo jarraipen kodeak erabiltzen dira horretarako.

Iragarkiak astunago eta intrusiboagoak bilakatzen joan ziren heinean erabiltzaileak haserretzen eta soluzio bila hasi ziren. Horrela sortu ziren iragarki blokeatzaileak, ad blocker-ak ingelesez. Blokeatzaile hedatuenak gure nabigatzailean instalatzen ditugun gehigarriak dira, eta izenak dioena egiten dute: iragarkiak ezkutatu egiten dizkigu.

Iragarkiak blokeatzen ditugunean nabigazio esperientzia garbiagoa daukagu, enbarazu gutxiagorekin, eta apur bat pribatuagoa ere bai, gure web nabigazioa jazarriko duten tracking koderik gabe. Mugikorrean badute onura garrantzitsu bat erabiltzailearentzat: iragarkiak eta tracking-a ez dugunez jaitsiko, datuen kontsumo txikiagoa izango dugu.

Urteak dira soluzio hau merkatuan dagoela. Gehien zabaldurik dagoen gehigarrietariko bat, Adblock Plus, 2006koa da. Baina irailetik bueltan sona handiagoa lortu dute, izan ere, Apple-en iOS 9 berriak iragarki blokeatzaileak baimenduko ditu. Eta jakina da Apple-en erabakiek teknologia munduan sortzen duten inertzia.

Ikerketa baten arabera, ia 200 milioi erabiltzailek blokeatzen dituzte iragarkiak aktiboki. Gero eta gehiago zabalduko diren blokeatzaile hauek eragin handia izango dute iragarkien merkatuan eta hedabideen negozio ereduan. Time komunikabideak dio

Apple erabiltzaileen gaineko datu-bilketa baten arabera, iragarki blokeatzaileengatik, hedabideek %4 eta %11 artean galduko dute aurreikusitako diru-sarreretan.

Eta orain, zer gertatuko da iragarkiekin Interneten?

Hedabideek ez badute dirurik jasotzen iragarkietatik, eta ez badute harpidetza sistemarik jartzen, zer gertatuko da? Hainbat aukera irekitzen dira. Batetik, iragarki onargarri eta atseginagoak eskaintzeko aukera izan daiteke, ez horren intrusiboak. Honen harira, iragarki blokeatzaileek baimendutako iragarleen zerrendak egingo omen dituzte, teorian publizitate onargarria egin edo eskaintzen duten hedabideetan. Baina honetan iskanbila sortu da, izan ere, Adblock Plus gehigarri ezagunak zenbait iragarki onartzen dituelako, diruaren truke.

Bestetik, zenbait hedabidek, The Atlantic-ek adibidez, mezu bat erakusten dute iragarki blokeatzailea martxan duen erabiltzaileari, gehigarria desaktibatzea eskatuz edota euren lana bestelako moduetan babesten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.