Kutsatzaileenen multzoan

Iñaki Petxarroman / 2015-11-29 / 1.465 hitz

Europako Batasuneko CO2 isurketen %0,5 inguru eragiten dituzte euskal herritarrek. Herritar bakoitzak egindako kutsadurari erreparatuta, baina, herrialde kutsatzaileen pare dago, Europako Batasuneko batez bestekoaren gainetik.

Txikia da Euskal Herria, eta klima aldaketa bezalako mundu mailako arazo batean txikiak dira, oro har, haren eragin globalak. Horrek ez du esan nahi, ordea, ondoriorik ez duenik bertako energia, garraio, hondakin kudeaketa eta kontsumo ereduak. Izan ere, 2013an 8,6 tona CO2 isuri zituen atmosferara herritar bakoitzak, Europako Batasuneko herritar bakoitzak baino pitin bat gutxiago (8,9).

Alabaina, Kyotoko Protokoloa erreferentzia hartuta, 1990etik 2013ra %20 handitu dira Euskal Herrian berotegi efektuko gas isurketak. Konparazio baterako, Europako Batasunak %11 gutxitu ditu isurketak denbora berean.

Gainera, Euskal Herriaren kasuan, azken urteotan dezente gutxitu dira isurketak, baina Gorka Bueno EHUko irakasle eta klima aldaketan adituak garbi dauka murrizketa hori ez dela izan aurrera eraman diren politiken ondorioa, baizik eta krisiaren eraginez. «Printzipioz, agintarien asmoa zen krisia gaindituta energiaren kontsumo maila berera itzultzea».

Azken urteotan elektrizitate kontsumoa gutxitu da, eta, besteak beste, 2000ko hamarkadan martxan jarri ziren ziklo konbinatuko gas bidezko zentral termiko gehienak nahiko geldirik daude. Horrek ekarri du isurketen murrizketa.

Uztailean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Klima 2050 Programa, eta hor hainbat neurri agertzen dira helburu zehatz baterako: 2050erako %65 gutxitu nahi dituzte EAEren isurketak 1990ekoekiko. Programa «guztiz kosmetikoa» iruditzen zaio Gorka Buenori: «Europak dio mende erdirako %80 gutxitu beharko direla isurketak, eta, agian baita gehiago ere. Horrek esan nahi du ekonomia karbonoz gabetu behar dela, erregai fosilen kontsumotik askatu». Ez du Jaurlaritza ikusten norabide horretan: «Neurriek ez dute sinesgarritasunik. Adibidez, aipatu dute energia berriztagarriak bultzatzea, baina orain arte ez dute ezer egin energia fotovoltaikoa eta eolikoa bultzatzeko». Oso adierazgarria iruditzen zaio Buenori EAJk bat egin izana Espainiako Gobernuak egindako Espainiako sektore elektrikoaren erreformarekin. Izan ere, horren helburuetako bat izan da energia berriztagarrien autokontsumoari atea ixtea. «Une honetan oposizioko alderdi asko ados jarri dira horri aurre egiteko, baina EAJ hortik kanpo geratu da».

Tatiana Tuño Espainiako Greenpeaceko Klima Aldaketaren Aurkako Kanpainako arduradunak gogor kritikatu du EAJren jarrera, Espainiako Gobernuak klima aldaketa geldiarazteko martxan ipinitako politiken «aliatutzat» duelako. «Gobernuak energia berriztagarrien hazkundea blokeatu egin du, energia berriztagarrien autokontsumoa arautzeko legean izandako jarreran ikusi denez». EAJk lege horren alde bozkatu zuen Espainiako Kongresuan, PPrekin batera.

Erregai fosilen alde

Espainiako Gobernuak erregai fosilak ustiatzen jarraitzearen alde egindako apustu horrekin bat egin du Jaurlaritzak. Eta hala erakusten dute bi kontuk, Greenpeaceko Tatiana Nuñok dioenez: «Oso teknika kutsagarri eta arriskutsua den haustura hidraulikoaren gas erauzketa, fracking-a, ikertzeko eta bilatzeko baimenak eman ditu, eta ontzat jo du Kantauri itsasoan hidrokarburoak bilatzeko prozedurari». Izan ere, Espainiako Gobernuak 2014an eman zien Shell eta Capricorn Spain Limited konpainiei Bizkaiko kostatik 100 kilometrora prospekzioak egiteko baimena. Eusko Jaurlaritzak ontzat jo du prozedura.

Fracking-ari dagokionez, baina, Eusko Legebiltzarrak eskatu du debekatzeko teknika hori, baina Jaurlaritzak baimena eman du hainbat tokitan ikerketak egiteko. 2016ko aurrekontuetan fracking-a beharrezko duten hainbat prospekzio jasoak zituzten, baina PSErekin aurrekontua itundu eta gero, haiek kentzea erabaki du Jaurlaritzak. Ez, ordea, ustiatze konbentzionalekoak izango diren beste egitasmo batzuk. Haiekin jarraitzekoak dira, eta ez da segurua haietan ere haustura hidraulikoa erabili behar ez izatea.

Iñigo Leza Arabako Fracking Ez taldeko kidearen iritziz, Jaurlaritzak ez du egiazko apustua egin klima aldaketari aurre egiteko: «Kontuan eduki behar da CO2 isurketak gutxitzeko aurkeztutako estrategiak 2005. urtea hartzen duela erreferentziatzat, eta Europak ezarritako bide orrian 1990. urtea aipatzen dela. Kontuan izan 1990etik 2005era %20 handitu direla isurketak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hori ez da serioa».

Aldi berean, fracking-aren alde egindako apustuak ere ez du bat egiten norabide horretan: «Fracking-a sustatzeak erregai fosilen menpekotasuna areagotzen du. Klima aldaketa saihesteko denbora eta baliabide gutxi dauzkagu. Beraz, fracking-a sustatzea kontrako norabidea hartzea da».

Horri dagokionez, Jaurlaritza kontraesanetan ari dela uste du Lezak: «Gauza bat esaten du, eta beste bat egin. Azken egun hauetan agerian gelditu da. Izan ere, hurrengo urteko aurrekontuetan fracking-a sustatzeko dirua aurreikusi du. Eta, bestalde, PPko legebiltzarkide Mari Carmen Lopez de Okarizek jakinarazi du, Eusko Legebiltzarrak haustura hidraulikoa debekatzeko eskatzen zuen legea onartu eta biharamunean, Eusko Jaurlaritzak eskatu ziola Espainiako Gobernuari lege horri helegite bat jartzeko». Iñigo Lezaren ustez, Jaurlaritzak «errespetatu egin behar du herritik sortutako lege hori. Are gehiago, kontuan eduki behar du herri ekinaldi legegileak eskatzen duena: fracking-a debekatu egin behar du. Herriak ez du nahi, eta Jaurlaritzak bertan behera utzi behar ditu egitasmo guztiak».

Garraioa eta AHTa

Gorka Buenok gogoratu du Euskal Herria Europaren gainetik dagoela adierazle energetikoetan, isurketetan eta garraio kontsumoan. «Jaurlaritzaren plan honetan ez dago neurririk horri aurre egiteko. Hemengo garraio kontsumo handiena ibilbide motzeko mugimenduetan egiten da, auto pribatuan». Bada, horretan neurriak proposatzeak, esate baterako —autoa partekatzea sustatzea edo autoa ez erabiltzeko erraztasunak ematea—, ahalmen handia luke CO2 isurketak murrizteko. «Baina horri buruz ez da ezer planteatzen, ez bada AHTa». Alegia, Jaurlaritzaren arabera, AHTa izango da garraio bidezko CO2 isurketak murrizteko bidea, baina Gorka Buenok salatu duenez, «ez dago azterketa zehatzik». Areago, Roberto Bermejo EHUko irakasleak egindako azterketa baten arabera, soilik eguneroko bidaien %1 egiten da hiriburuen artean. Horixe ohartarazi du Buenok: «AHTaren garraio zerbitzua oso mugatua da, eta haren eragina oso txikia izango da».

Bide batez, ez dute aztertu AHTaren obra erraldoi horretan zenbat CO2 isuri den. Gorka Buenok salatu duenez, harrigarria bada ere, «eraikuntza lanak ez dira kontuan hartzen isurketei buruzko erakundeen kalkuluetan».

Jaurlaritzak ez, baina Gorka Bueno, David Hoyos eta Iñigo Capellan EHUko irakasleek egindako azterketa baten arabera, Euskal Y-a egiteko ia hiru miloi tona CO2 (2,97 milioi tona) isuriko dira atmosferara —esaterako, Zabalgarbi errauste plantak hamahiru urtean edo Muskizko Petronorrek findegiak urte eta erdian isuriko dutena bezainbeste—, eta, hain kopuru handiak izanda, irakasleek uste dute ez dela inoiz amortizatuko obra erraldoi horren eragina. Irakasleek prest dute azterketa bat horren inguruan, eta berehala aurkeztuko dute, baina argi dute ondorioa: beste garraio batzuen isurketak kendu ez, gehitu egingo ditu AHTak.Bestalde, AHT alde batera utzita, 1990etik %97 handitu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan garraioaren gas isurketak, Jaurlaritzaren datuen arabera.

Zabalgarbi eta Zubieta

Zabalgarbirena oso adibide ona iruditzen zaio Gorka Buenori energia eta ingurumen arloetan dagoen politika azaltzeko. «Jendeak ez daki ziklo konbinatu bat dela eta hark sortzen duen energia gehiena gas naturaletik datorrela». Kasu bitxia da Bizkaiko erraustegiarena; Espainiako Gobernuak egindako erregimen bereziaren azken aldaketarekin planta fotovoltaikoak, hidraulikoak, eolikoak eta bestelakoak laguntzarik gabe geratu dira, baina Zabalgarbik hobetu egin du bere egoera.

Alabaina, Zabalgarbik sortzen duen energia gehiena —%70etik gora- gas naturala erretzetik dator, eta gehienez %15-20 da zati berriztagarriari dagokiona. «Gogoratu behar da balioztatze materiala energetikoa baino askoz hobea dela. Egia da errauste planta batean energia berreskuratu ahal duzula, baina askoz ere gehiago berreskuratzen duzu hondakin horietatik materiala berreskuratuta», adierazi du Buenok.

Eta, klima aldaketari dagokionez, ez dira inongo eredu errauste plantak, haren ustez. 2013an 235.000 tona CO2 isuri zituen Zabalgarbik atmosferara, enpresak emandako datuen arabera. Hala, Euskal Herrian CO2 gehien isuri zuen enpresetako bat izan zen. Kontuan edukita Zubietako errauste planta —neurriz aldatzen ez badute, behintzat— Zabalgarbiren tamaina bertsukoa izango dela, etorkizunean Gipuzkoan CO2 gehien isuriko duen enpresetako bat izango da.

Buenoren iritziz, hondakinak kudeatzeko onena da birziklatzea bultzatzea eta jatorrizko sorkuntza murriztea, «berrerabilpena eta prebentzioa landuz». Zati organikoa konpostatu egin behar da, ez erre. «Karbono biogenikoa fosila ez izan arren, horren eskala handiko plantetan zaila da isurketaren eragin netoa zero izatea. Gainera, karbono hori lurrean finkatuta, konpostaren bidez, isurketa negatiboa lortzen da».

Gorka Buenok garbi dauka benetako aldaketa baten oinarria zein den: «Helburua da energiaren kontsumoa, termino absolutuetan jaistea, eta, horrekin batera, isurketak jaistea». Alabaina, EHUko irakasleak ez du ikusten horretarako borondaterik: «Europako Batasunak dio 2050erako %80 jaitsi behar direla isurketak, eta, horretarako, energia arloko azpiegiturak prestatzen hasi beharra dago. Baina ez dago halako ezer». Nafarroan, energia berriztagarrien ekarpena %25 da, eta EAEn, %6 bakarrik. Baina gizartea karbono gabetu behar bada, %90era pasatu beharko da. Eta, gaur-gaurkoz, ez du horretarako bide orririk ikusten.

Eredua «aldatu beharra»

Bat dator Iñigo Leza ere: «Argi dago ez garela benetako ahaleginik egiten ari erregai fosilak baztertzeko. Erregai fosilek munduaren energiaren %90 sortzen dute, eta energia berriztagarriek ezin dituzte ordezkatu. Bestalde, egungo sistema ekonomikoak BPGaren hazkundea behar du, eta hura urtetik urtera handitzeko, energiaren kontsumoa handitu behar da. Beraz, sistema ekonomikoa aldatu gabe, ezinezkoa da klima aldaketa saihestea».

Azken batean, Tatiana Nuñok dioenez, «politikak kutsatzen dutenen alde» egin beharrean, herritarren eta planetaren alde egin behar dira. Aldiz, zantzu guztiek kontrakoa erakusten dute oraindik, haren irudiko: «Wolkswagenen isurketen eskandaluan, adibidez, Europak handitu egin du isur daitekeen oxido nitrosoen kopurua. Eta gauza bera egiten ari dira ikatzezko zentralekin». Azkenean, hidrokarburoen lobby-ek agintzen dutela salatu dute ekologistek.

Hala, ikusita dozenaka ziklo konbinatuko zentral termiko ia geldirik daudela —tartean Castejon, Zornotza eta Santurtzikoak—, erreforma elektrikoa bultzatu du enpresa elektrikoen lobby-ak, energia berriztagarrietan oinarritutako «autokontsumoaren aurka». Horrek izan du ondoriorik, herritarren faktura elektrikoan ageri den isurketa handitu egin baita: 2012an, 211 kilowatt ordukoa zen, eta, gaur egun, 270. «Zer ari gara arautzen, eta norentzat? Klima aldaketa gelditzeko, edo kutsatuz dirua irabazten dutenek berdin jarraitzeko?», galdetu du Nuñok. Buenok ez du uste esparru hori aldatuko denik Parisen. «Egoera oso larria da, eta ez naiz oso baikorra».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude