Mendizaletasuna irakasgai

Unai Ugartemendia / 2015-11-17 / 809 hitz

Euskal Herrian badira mendia ikasgelara, mendiko jarduerak akademiara, eramateko egitasmoak, jendea prestatzeko edota lan aukerak eskaintzeko. Durangoko Kirolene ikastetxe publikoan, mendiko ikasketak irakasten dituzte. Horrez gain, UEUk graduondoko bat abiatu du aurten.

Urte batzuk badira Durangon mendiari lotutako ikasketak ematen dituztela. Ikastetxeak Kirolene izena du, eta 2006an sortu zen kirolari buruzko ikasketei balio profesionala eta akademikoa emateko asmoz. Garai haietan dena berria zen. Zalantzak zituzten, ea lehen ikasle haiek zertan hasi behar zuten, baina azkar batean uxatu zituzten hurrengo urteetan. Kirolene aitzindaria da Euskal Herrian kirolaren esparruan jorratzen diren ikasketetan. Bertan ematen duten kirol irakaskuntzak aukera ematen du tituludunek lan egiteko jarduera fisikoaren eta kirolaren esparru zabalean. Mendiari dagokionez, mendiko jarduerei lotuak dauden kirol modalitate eta espezialitate garrantzitsuenak eskaintzen dituzte Kirolenen: mendiko kirolak eta eskalada (mendi ertaina, goi mendia, arroilak eta eskalada) eta neguko kirolak (snowboard eta eski alpinoa).

Ikasketa burua da Alvaro Ortiz Tasio (1970, Bilbo). «Urte batzuk badira mendiko ikasketei ekin geniela», dio. Hainbat ikasketa eskaintzen dituzte. Lehen ziklo bat dute, gradu erdikoa, goi mailako titulurako sarbidea ematen duena. Gradu horretan lan egiten dute erdi mailako mendiko titulua, eskalada, arroilak eta goi mendietako erdiko gradua atera nahi dutenekin. Azkeneko horiek beste hirugarren maila bat ere izaten, dute eta prestakuntza hori ere eskaintzen dute.

Unibertsitatera begira jarrita, UEU Udako Euskal Unibertsitateak aurten antolatu berri du mendizaletasunari buruzko graduondokoa. Ikastaroa hasi dute jada. Mendiaren ikuspegi zabal eta integratu bat aztertzeko ikasketa prozesu bat izan nahi du, mendiaren esparru oso ezberdinak jorratuz, oinarri akademiko sendo batekin. Sei moduluk eta graduondo amaierako proiektuak osatzen dute graduondokoa.

Jorratzen ari diren gaien artean daude honako hauek: mendizaletasunaren gunea, mendiko jarduera fisikoak, mendiko jardueren patologiak, tratamenduak eta erreskate oinarriak, mendiko jardueren planifikazioa, mendiko jardueren hedapena eta mendizaletasuna gizartean.

Helburu asko

Ikastaroaren koordinatzailea da Gaizka Mejuto (Bilbo, 1978). Irakasle lanetan ere ari da. «Gure helburu nagusia ikasleei tresna akademikoak ematea da, haiek mendiarekin zerikusia duen esparru profesionalean garatzeko», zehaztu du. Beste helburu batzuk ere badituzte: «Euskal Herrian mendiarekin lotuta dauden profesionalen sarea osatzea, edo arlo akademikoan sakonago sartuta, ikasleei graduetan ematen ez diren jakintza atalak eskaintzea».

Itzal handiko irakasleak dituzte, mendiarekin lotutako hainbat arlotan adituak eta arituak: tartean daude, besteak beste, Ibai Rico glaziologoa, Borja Ruiz, Iñaki Moro, Gaizka Mejuto koordinatzailea, Julio Calleja irakaslea eta prestatzaile fisikoa, Jordan Santos, Axier Oiarbide soziologoa, Josetxo Aramendi, Maitane Zabaleta, Xabier Erro mendizalea, Eneko Pou eskalatzailea, Luix Mari Zulaika, Ramon Olasagasti kazetaria, Jabi Baraiazarra Bilboko Mendi Film Festibaleko zuzendaria, Jildou van der Kaaij, Joseba Zulaika, Antxon Iturriza idazle eta mendizalea…

Denetarik dago Kiroleneko ikasleen artean, bai adinari dagokionez, bai helburuei dagokienez, Ortizek zehaztu duenez. «Ikasleen artean dagoen urteen tartea oso zabala da; denetarik daukagu: badira 20 urte inguruan dabiltzanak, zerbait ikasi behar, eta mendiari begirune pixka bat diotenez, hemen amaitu dutenak. Gero beste talde bat badugu, 30 urte inguruan dabiltzanak. Horiek beren etorkizuna nahiko bideratua dute mendiaren inguruan: federazioetan lanean ari direnak, autonomo gisa dabiltzanak… Talderik egonkorrena dira». Badago beste talde bat: lanean ari direnak baina titulurik atera ez zutenak.

Antzeko erantzuna eman du Mejutok UEUko ikasleei buruz ere. Ikastaroa berria izaki, sortutako ikusmina ere handia izan zen. «Jende askok zeukan interesa, eta izena eman zuen. Graduondokoekin gertatzen den moduan, betebehar batzuk daude eta berezitasun batzuengatik murriztu egin ziren matrikulazioak. Ikasle izan zitezkeen batzuek ezin izan dute parte hartu».

Ostiral arratsaldeetan eta larunbatetan elkartzen dira UEUren Eibarko egoitzan, Markeskoa jauregian. Bertaratzen direnetako bat da Ion Iraola andoaindarra. Egunerokoan irakasle lanetan aritzen den arren, mendiarekiko duen maitasunak bultzatuta ekin dio graduondokoari. Gustura joaten da. Talde giro onean aritzen direla dio. Asteburuaren zati handi bat kentzen die, «baina ilusio handiz hasi dugu ikasturtea ikaskideok, eta garapen pertsonalerako balioko digula uste dugu, bakoitzak oso harreman ezberdina baitaukagu mendiarekin».

Ikasle kopuru handia daukate egunero Kiroleneko egoitzan, Durangon. «Lehen mailan, berrogei ikasle inguru ditugu; mendian, hogei; eta arroiletan, eskaladan eta goi mendietan, zortzi ikasle taldeko. Oso teknikoak diren ikasgaietan, askotan, irakasle bat izaten dute bi ikasleko. Talde handienak zortzi pertsonakoak izaten dira», zehaztu du Ortizek.

Talde txikiagoarekin dabil lanean, berriz, Mejuto UEUko graduondokoan. «Sei lagunek ekin diote ikastaroari, denak gazteak, 22 eta 38 urte artean dituztenak. Oso gogotsu ikusten ditut».

Titulazioak ere ematen du zeresana horrelakoetan. Ezberdinak dira Kirolenekoa eta UEUkoa. Kirolenekoak gradu erdiko titulua duten teknikariak izango dira, bai eskaladan, bai arroiletan edo goi mendietan. Goi mendietako teknikariek, berriz, goi mailako titulua lortzen dute.

Ikasleek oraindik ez daukate oso garbi ea UEUko ikastaroak zer-nolako ondorio edo aukera profesionalak eragin ditzakeen. «Oraindik ez daukagu oso argi zertarako balioko digun gure ibilbide profesionalean eta baliteke aurrerago beste ikasketa batzuekin osatu behar izatea», azaldu du Jon Iraola ikasleak.

UEUren graduondokoa hurrengo ikasturtean ere eskaintzeko asmoz sortu dute. «Bai, noski, ez dugu hau sortu behin bakarrik eskaintzeko», azaldu du Mejutok. «Mendiek hor jarraituko dute eta guk ere ezagutza berriak sortzeko eta zabaltzeko jarraituko dugu lanean». Bi proiektu ezberdin dira Kirolenerena eta UEUrena, baina helburu bakarra dute: mendia.

Mendiko ikasketei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero:

Kirolene

www.kirolene.hezkuntza.net

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude