“The Leftovers”: aireratzen ari diren telesailen artean, onena

Gaizka Izagirre / 2015-11-18 / 514 hitz

Bat-batean munduko biztanleriaren %2a desagertu egiten da. Inork ez daki non dauden eta zer gertatu den. Telesail honen hasierako premisa hori sinplea dirudi bai, baina pixkanaka, pantaila txikiak azken urteetan eman duen ustekaberik handienaren aurrean gaudela frogatzen ari da. Hori bai, gauza bat argi izan, berdin dio desagerturiko pertsonak horiek non dauden, garrantzitsuena bertan gelditu direnak dira, gainerako %98 horiek alegia. Nola birmoldatuko dute bizitza, maite dituzten pertsonak ondoan izan gabe. Lehen denboraldiaren hasieran, gutxik uste zuten, hain urrun iritsiko zenik. Gutxika, harrokeriarik gabe eta zarata gutxi ateraz, guztiz harrapatu nauen telesaila bihurtuz. Momentu honetan aireratzen ari diren telesail guztien artean, onena bihurtuz. (Fargo II-rekin batera).

Zer eskaintzen digu?

Batez ere,  ikusleak bi mutur ezberdinetan banatzeko gaitasuna duen istorio horietako bat. Zein muturretan kokatuko ote zarete? Telesaila, gorroto ala maitatu? Hori bai, garrantzitsua, telesailean sinestea eta barruraino murgiltzea. Intentzioa, hasieratik gillotina eskuartean dugula ikustea bada, hobe ez gerturatzea. Bestalde, HBO-ren zigilu hori ikuste hutsarekin, gerturatzeko argudio nahiko indartsua dirudi,  baina egin dituen ekoizpen mordoen artean,  gutxi batzuk dute honen anbizio, ausardia eta originaltasuna. Istorio bitxi eta erakargarri batean bilakatuz, misterio eta suspensez gainezka. Interesgarria atal bakoitzetik atera daitezkeen eztabaidagai eta irakurketa guztiak. Hainbat uneetan Lost datorkit burura, misterio ulertezin batez inguratua dagoelako guztia. Ez da kasualitatea beraz, sortzaileen artean, Damon Lindelof aurkitzea, Lost telesailaren gidoilarietako bat.

Nabarmentzekoa telesailaren sendotasuna, oso tinko mantenduz, ahultasun sintomarik erakutsi gabe. Bigarren denboraldi zoragarri bat eskaintzen ari direlarik, lehenengoa gaindituz.  Aipaturiko elementu guzti horiekin gainera, mina, bakardadea eta desorientazioa bezalako gaiak, maisutasunez islatzen jakin izan dute.

Liburu batean oinarritua

Telesaila, Tom perrota-ren liburu batean oinarriturik dago. Lehen denboraldian, liburu horren eduki oso moldatu zuten arren,  bigarren denboraldiari beste ikuspuntu interesgarri eta bikain bat eskaintzen jakin izan dute. Gezurra dirudien arren, lehen denboraldiaren maila gaindituz eta telesaila hobetuz.

Aktoreak eta pertsonaiak

Telesail honek eskaintzen dizkigun, pertsonaia horien aurkezpena eta garapena bikaina da, zoragarria. Aipaturiko min, bakardade eta desorientazio guzti hori ezin hobeto itsatsirik ageri direlarik pertsonaia bakoitzean. Horietako batzuk, transformazio brutal bat jasaten dutelarik. Aipagarria jakina, aktoreen lana.

Guztien gainetik nabarmentzekoa, Nora Durst (Carrie Coon) aktore erraldoia dela frogatuz. Pertsonaia suntsitu baten bitartez une ahaztezinak utziz.

Kevin Garvey (Justin Theroux). Atalak pasa hala indarra hartuz doan pertsonaia eta hainbat misterioren giltza bihurtzen ari dena. 

Beste ezinbesteko pertsonaia ,Christopher Eccleston aktore handiak antzeztua, Matt Jamison apaizarena. Biziko dituen hainbat uneetan,  Lost telesailaren Desmond datorkit burura. Ikaragarria eta latza emaztearekin bizi duen istorio hori.

Gainerako pertsonaiak

Meg Abbott (Liv Tyler), Tom Garvey (Chris Zylka), Laurie Garvey (Amy Brenneman), Jill Garvey (Margaret Qualley), Patti Levin (Ann Dowd), Mary Jamison (Janel Moloney), Erika Murphy (Regina King), John Murphy (Kevin Carroll)

Musika eta atmosfera

Aktoreen lan horretaz gain, bi euskarri nagusiei esker mantentzen da tinko istorioa. Alde batetik, Todd McMullen-en argazkia, bikaina, ikusgarria. Eta batez ere Max Richter konposatzaileak, soinu banda zoragarri bati esker, eskaintzen duen erakustaldi paregabea. Abesti zerrenda ezagunak ere ageri dira, ikusgai ditugun irudiekin tartekatuz sekuentzia brutalak sortuz.

Beraz, badakizue, istorio desberdinak eta batez ere ausartak gustuko badituzue, zalantzarik ez izan eta murgildu. Hiru atal besterik ez dira falta bigarren denboraldia amaitzeko eta erabat harrituta jarraitzen dut, maiteminduta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude