«Erreminta bat da dirua, ez helburua»

Oihan Vitoria / 2015-12-22 / 718 hitz

Jeniotzat eta iraultzailetzat jotzen dute batzuek; zoro, ameslari edo inozotzat beste zenbaitzuek. Christian Felberrek (Salzburgo, Austria, 1972), ordea, bestelako kontuei esker lortu du sona: Vienako Unibertsitateko irakaslea, idazlea, filologoa, enpresaria eta ondasun komunaren ekonomiaren bultzatzaileetako bat da. Harena da kapitalismoaz gaindiko urteotako proposamen interesgarri eta polemikoetako bat. Hautsak harrotu ditu sistemaren zirrikituetan arakatzen duen best seller batekin: La economía del bien común (Deusto, 2010).

Gaur-gaurkoz, hamar herrialdetako ia bi mila erakundek egin dute ekonomia eredu horren aldeko apustua: etekin ekonomikoekiko obsesioa alboratu, eta «guztion onuran» jarri dute mira. Kapitalismoaren eta komunismoaren erdibideko «alternatiba etiko» gisa du filosofia hori Felberrek. Donostian egon zen iragan astean, gaiaz hizketan.

Eskuzabal izateaz, elkartasunaz, duintasunaz, zintzotasunaz, askatasunaz, konfiantzaz eta justizia sozialaz mintzo zara. Nola lor daiteke hori gero eta indibidualistagoa den gizarte batean?

Erakundeen esfortzu eta eraginkortasun etikoak modu ugaritan neur daitezke. Galdetegi bat prestatu dugu jakiteko enpresek zer jarrera duten ingurumenari dagokionez, nolakoak diren beharginen arteko harremanak. Denon ongizatean pentsatzea da gakoa. Nahi bada, ahal da. Horixe falta dute erakundeek: borondatea.

Zure teorian, dena dela, diruak diru izaten segituko luke, ezta?

Diruak hor jarraituko luke, noski, baina ez helburu gisa, erreminta gisa baizik. Zergatik? Enpresa baten edo inbertsio baten arrakasta zehaztutako helburuaren arabera neurtu behar delako, inoiz ez medioaren arabera. Alde horretatik, hutsegite larri batean oinarrituta dago gaur egungo eredua: enpresen arrakasta baliabide eta etekin finantzarioen menpekoa da, eta horrek desorekak areagotzea baino ez dakar. Finean, funtsak erabiltzea ontzat jotzen dugu, betiere xedearekin nahasten ez badira.

Iritzi kontrajarriak eragiten ditu zeure teoriak: ideia aparta dela diote batzuek; beste zenbaitentzat, berriz, utopia hutsa da. Zergatik gertatzen da hori?

Ideia berritzaile orok bezala, muturreko erreakzioak sortzen ditu. Zenbaitzuek deritzote etorkizuneko ernamuina dela; kontserbadoreek, aldiz, amildegira garamatzala. Ausardiaz aritzeko garaia da.

Dirua eta etekin ekonomikoak herritar guztien zerbitzura jarri beharreko erremintatzat dituzu, ez xedetzat. Zelan bihur daiteke ondasun pribatu bat publiko?

Politika ekonomikoak gidatzeko banku zentral demokratiko bat sortuta. Bai ordainketa elektronikoak eta bai eskudirutan egiten direnak kudeatu beharko lituzke, eta herritarren eskariei men egin beharko lieke. Bitartekariek, gainera, derrigortuta egon beharko lukete ondasun komuna errespetatzera. Espekulazioa ere debekatu beharko litzateke. Horrela, dirua bakarrik ez, maileguak ere ondasun publiko bihurtuko lirateke: herritarrei kalterik eragiten ez dieten eta ingurumen arloan zintzoak diren inbertsio errealek jasoko lituzkete soilik maileguak.

Aberastasuna banatzeko, bankuen tamaina mugatzea, lanegunak murriztea eta hamar urtean behin beharginek urte sabatikoa hartzea proposatzen duzu.

Desorekari mugak jartzea defendatzen dugu, egun mugagabea delako bai ondareetan eta bai diru sarreretan. Askatasun ekonomikoak mugatu beharko genituzke; besteak beste, litekeena baita nire gehiegizko askatasunak besteena ere murriztea. Ez legoke sobran gehiegizko soldatak mugatzea.

Nola egin dakioke aurre horri?

Ez da erraza. Badira enpresak milioi askoko diru sarrerak eduki eta handiegiak direnak demokratikoki kontrolatzeko. Hala ere, premiazkoa da esku hartzea: egungo aberastasun eta botere banaketa ez da aski zoriona eragiteko.

Eta eredu horrekin krisialdi ekonomikoa eta austeritate politika zorrotzak saihets zitezkeen?

Bai, dudarik gabe. Arduragabekeriak eraman gaitu erroko krisi honetara, eta ekonomia herritar guztion zerbitzura balego, pentsaezinak ziratekeen austeritate politiken tankerako neurriak. Bankuei espekulazioa galarazita, bermatua egongo litzateke herrialde bateko finantza sistemaren egonkortasuna. Ondasun komuneko sistemak, horrenbestez, estualdiak eragotziko lituzke.

Zeri deitzen diozu ondasun?

Egungo merkatuaren gardentasunik ezarekin apurtu eta harago jo nahi duen alternatiba etikoari. Kapitalismoaren eta komunismoaren ertzak gainditzen ditu, irabaziak ongizatera bideratuta.

Barne produktu gordin klasikoaren ordez ondasun komuneko produktua sortu beharko litzatekeela diozu. Zehazki, nola?

Herrialde bati buruzko datu baliagarri eta errealak ematen ditu BPGak, baina ez nahi bezain argigarriak. Informazio asko ezkutatzen du, ez baitakigu zehatz-mehatz herrialde batek zer-nolako bidea egin duen kopuru jakin batzuk lortzeko. Zenbakiek, beren horretan, ez dute esanahirik; hutsalak dira. Hala, behetik gorako egitura proposatzen dugu: herritarren zeregina da premien arabera zehaztea zeintzuk diren aintzat hartu beharreko balio horiek.

Ekonomistek entzunez gero…

Hori egozten didate askok: ofizioz ekonomialaria ez naizela, deus ez dakidala, finantza ikasketak egin ez ditudalako. Hori baliatzen dute sarritan nire ideien aurka egiteko. Ez dira ohartzen, ordea, hutsune bat betetzera natorrela, orain arte inori otu ez zaion mugimendu bat martxan jartzera. Zenbaki artean ez itsutzea eta diruan hainbeste ez pentsatzea da gure abiapuntua.

Posible al da joko arauak aldatzea epailearen oniritzirik gabe?

Tresna propioak sortu eta inertziak irauli behar genituzke arauak moldatzeko; ahalegintzea dagokigu, galduak diruditen balioak berreskuratzeko. Eta ari gara: hazten ari da eredu kapitalistaren alternatiba ekonomiko global bat sortu beharra. Horren isla da Euskal Herrian ziztu bizian ari direla zabaltzen ideia horiek garatzeko elkarteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.