Norbere etxebizitza, aldaketaren abiapuntua

I. Maruri Bilbao / 2015-12-06 / 1.191 hitz

Ipar Amerikan sortu zen ‘Housing first’ metodologia. Etxegabeei bizilekua eman eta mantentzen laguntzea da oinarria. Filosofia horretan oinarrituta, 38 etxe ditu Rais fundazioak. Euskal Herrira 2016an iritsiko da, Bizkaiko Diputazioak ekarrita.

Housing first; aurrena etxea, ingelesez. Kanadan eta AEBetan sortutako metodologia da. Etxegabeak gizarteratzea du helburu. «Kalean bizi direnen artean okerren daudenei etxebizitza ematen diegu. Ez dute ez baldintzarik bete ez helbururik lortu behar. Ez diegu eperik jartzen. Etxe hori mantentzen laguntzen diegu, eta apurka-apurka eurek aldatzen dute euren bizitza, etxe horri eusteko». Rais fundazioak iazko udan ipini zuen martxan Habitat izeneko programa, metodologia horretan oinarrituta. Madrilen, Malagan (Espainia) eta Bartzelonan, orotara, 38 etxe dituzte egun. Horietako bakoitzean, etxegabe bat. Iaz hasi ziren 28rekin, eta balantzea egin berri dute. «Oso arrakastatsua» izan dela dio fundazioko zuzendariorde Alejandro Lopezek: «Urtebete igaro da, eta parte hartzaile guztiek egokitu zitzaien etxea mantentzen dute oraindik. Sekulako lorpena da». Datorren urtean etxe gehiago ipiniko dituztela iragarri du.

Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak babestutako programa da Habitat. Hain zuzen ere, joan den hilean, azaroaren 6an, onartu zuen Ministroen Kontseiluak etxegabeak gizarteratzeko estrategia berria. Plan horren oinarrietako bat Housing first metodologia dela iragarri zuen Alfonso Alonso ministroak. Sistema horretan oinarritutako proiektuak diruz lagunduko ditu Espainiako Gobernuak.

Habitat programan parte hartu duten pertsonek ezaugarri jakin batzuk dituzte: denak kalean bizi dira, eta ia-ia ez dute harremanik eurei arreta emateko ipintzen diren zerbitzu publiko eta baliabideekin. Gutxienez kalean hiru urte zeraman jendea gura zuten. Eta erraz lortu dute: 28 gizon-emakume horiek, batez beste, bederatzi urte daramatzate kalean. Badira duela 40 urtetik etxegabe daudenak ere. Era berean, honako hiru arazoetako bat edo gehiago izan behar zituzten: buruko eritasuna, drogekiko edo alkoholarekiko mendekotasuna, edo elbarritasunen bat. Arazo horiek kalean egotearen ondorio izan behar direla zehaztu du.

Beste programa batzuetan ere badira etxegabeentzako etxeak. Baina haiek partekatu egin behar dira, eta bertan jarraitzeko epe zehatzetan helburu batzuk bete behar dituzte. Adibidea ipini du Lopezek: urtebetean alkohola utzi behar izaten dute, eta denak ez dira gai epe horretan. «Habitat programan parte hartzen dutenen kasuan, ostera, eurak dira euren bizitza aldatu gura dutenak. Hainbeste baloratzen dute etxe propioa edukitzea, ezen horri eusteko behar diren aldaketak egiteko prest egoten diren».

Etxean bizitzen jarraitzeko hiru baldintza bete behar dituzte. Batetik, diru sarreren %30 eman behar dituzte, diru sarrerarik baldin badute. Kasu gehienetan ez dutela izaten zehaztu du. Era berean, etxepeko bizilagunekin hartu-eman adeitsua izan behar dute. Eta, azkenik, gutxienez astean behin talde hezitzaileko kideen bisita onartu behar dute. «Hezitzaile horien lana bestelakoa da, ohikoekin alderatzen badugu. Etxera joaten dira, eta eguneroko zereginak egiten laguntzen diete. Adibidez, erosketak egiten, hozkailuan jakiak ordenatzen edo garbigailua martxan jartzen. Bien bitartean, berba egiten dute, euren artean lotura bat sortzen da, eta hezitzaileak sotiltasunez egin behar dituen aldaketak zein izan daitezkeen iradokitzen dio».

Berehala hasi ziren aldaketak nabaritzen. Erosketak aipatu ditu Lopezek: «Lehen egunetan kalean zeudenean jaten zituzten gauza bertsuak erosten zituzten: Donuts, litxarreriak… Hilabete igaro zenerako, barazkiak eta fruta ere sartu zituzten euren dietan, eta bakarren batzuk erregosia prestatzen hasi ziren».

Etxean sartzearekin bat, etxegabeak erroldatu egiten dira. Bizilekuak horretarako aukera ematen die. Izan ere, kalean daudenek ezin dute izenik eman, erroldan bizilekua ipini behar delako. «Herritar legez dituzten eskubideen jabe egiten ditu erroldak. Adibidez, gutxieneko errenta eskatzeko aukera aitortzen zaie edo etxebizitza publikoa eskuratzeko zerrendetan eman dezakete izena. Era berean, osasun txartela ere egin dezakete. Txartel barik, larrialdi zerbitzuak baino ezin dituzte erabili».

Epe ertaineko erronkak

Programan sartu aurretik 28 etxegabe horien %60 zeuden erroldatuta, baina gehienak beste hiri batzuetan. Izan ere, etxegabeen artean ohikoa da hiriz hiri ibiltzea. Urtebete igaro denean, %82 daude bizi den hirian erroldatuta. Ohiko osasun zerbitzuak erabiltzen dituztenen zenbatekoa ere, %42tik %80ra igaro da. Eta senide eta lagunekin harremana dutenen kopurua bikoiztu egin da. Kasu bitxiak daudela dio Lopezek. Badute hogei urtean etxekoekin hartu-emanik izan ez, eta Habitat programan sartu eta hilabetera arreba etxera ekarri duen partaide bat. Txekiar Errepublikako andre batek hamar urte daramatza Bartzelonan bizitzen, kalean. Oraintsu sorterrian dituen alaba eta biloba ekarri ditu: «Amaren etxean hartu dute ostatu eta astebetez hiria ezagutzen ibili dira hirurak elkarrekin». Bizilagunekin ere bizikidetza adeitsua dutela dio. Partaideetako batek, berbarako, irailean etxea hartu eta Gabon gaueko afaria auzokideen etxean egin zuen.

Habitat programaren helburua ez da lana aurkitzea. «Kalean zeudenean zuten egoera ikusita, enplegua ezin da izan lehentasuna. Badira aurretik konpondu beharreko beste arazo larriagoak. Egia da epe ertainera euren kasa bizitzeko diru sarrerak beharko dituztela». Hala ere, Habitat programan badira dagoeneko beharrean hasi diren bi. Eta beste bi prestakuntza ikastaroak egiten ari dira, lanean hasteko: bat garabi gidari izateko ikasten ari da, eta bestea, arotz lanetan hasteko.

Europako beste herrialde batzuetan, Housing first metodologian oinarritutako programetan etxegabeen profil zabalagoa erabiltzen dute. Hau da, ez dituzte soilik egoerarik larrienean daudenak hartzen. Lopezek baztertu egin du aukera hori. Eta datuak eman ditu erabakia argudiatzeko. Egoerarik larrienean dauden etxegabeekin lan egiten denean, arrakasta %80 eta %85 artekoa izaten da. Baldintza hobeetan daudenekin lan egin denean, ostera, tasak handia izaten jarraitzen badu ere, %50era jaisten da. «Okerren daudenek gehiago baloratzen dute euren etxean kafea gosaltzea edo dutxatzea. Kalean oraintsuago daudenek ez dute hainbesteko aldaketarik egiten».

Programaren arrakasta aztertzeko kontrol programa bat dute. Etxegabe talde bi dituzte: batzuk etxeetan daudenak dira, eta besteek orain arteko egoeran jarraitzen dute. Denek profil eta arazo bertsuak dituzte, alderaketa egin ahal izateko. «Hartara, badakigu bi metodologietako zeinekin lortzen diren aurrerapauso handiagoak eta sendoagoak». Dena den, Lopez ez dago aterpetxeen ereduaren aurka. Haren esanetan, hiri edo herri bakoitzak lortu behar du oreka, bere errealitatearentzat egokiena.

Bizkaian, datorren urtean

Euskal Herrian ez dago Housing first metodologian oinarritutako programarik. Oraingoz. Etxegabeen arazoari konponbide integral bat emateko plangintza prestatzen ari da Bizkaia. Joan den azaroaren 19an Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak eman zuen bere sailaren asmoen berri, Bizkaiko Batzar Nagusietan. EH Bilduk eskualdeko talde batzuen aldarrikapena eroan zuen: Ezkerraldean etxegabeentzako aterpetxe iraunkor bat nahi dute. Baina diputazioak ez du halako azpiegiturarik zabaldu nahi, aurrera begira erabili gura duten metodologia beste bat izango delako. Laespadak Bizkaiak Housing first metodologiaren aldeko apustua egingo duela iragarri zuen. Horretarako, datorren urterako aurrekontuan 160.000 euro gordeko dituzte.

Oscar Seco Bizkaiko Gizarteratze zuzendariak BERRIAri azaldu dio zer duten esku artean. «Nire ustetan, eredu zuzena da, oso egokia. Baina herrialde bakoitzak moldatu egin du. Ipar Amerikako gizartea eta gurea ez dira alderagarriak. Han konplexuagoa da, euren komunitatea saretuago dago. Horri esker, Housing first proiektu batean parte hartzen ari den etxegabea inguruak ere babestuko du. Gurean, berriz, indibidualistagoak gara. Komunitatearen indarra galdu dugu». 2016ko abenduaren 31rako martxan egoteko konpromisoa hartu dute. Laespadak aurreratu du etxebizitza publikoak erabili nahi dituztela, diputazioarentzat merkeagoa izateko. Buruko eritasun larria duten etxegabeekin hasiko dira.

Proiektua kudeatuko duten eragileekin eta elkarteekin bilera teknikoak egin dituzte. Tokiko administrazioekin ere adostu behar dute zer eta zelan egin, eskumen talkarik ez izateko. Oraingoz, Bilboko Udalarekin izan dute hartu-emana. Aurki, Barakaldo, Getxo eta lurralde historikoko erdi mailako beste udalerri batzuetako agintariekin elkartuko dira.

Secoren ustetan, aterpetxeen eredua «erabat zaharkitua» dago. Ordutegi eta arautegi zorrotzak dituztela iruditzen zaio. Diputazioak norbanakoa oinarri hartuta egin nahi du lan: «Asko kezkatzen gaitu hotzak. Otorduak egin ditzatela nahi dugu. Baina batez ere egoera aldatzeko prozesu bat izan dezatela gura dugu. Gure eredu berriaren funtsa pertsonak berreraikitzea izango da, eta hori ez da lortzen aterpetxeekin. Horretarako, sufritu duten pertsonekin zuzenean egin behar da lan».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.