Zapo, kuia txiki eta txanpiñoi brotxetak

Iker Martinez / 2016-01-23 / 180 hitz

OSAGAIAK

Itsas zapo bat.
Kuia txiki bat.
200 g txanpiñoi.
Hiru baratxuri ale.
Cherri motako zortzi tomate.
Gatza.
Oliba olioa.
Ozpina.
Perrexila.
Brotxetak egiteko lau makil.

NOLA EGIN

1.Lehenik, zapoa garbitu, eta hezurra kenduko diogu. Behin hori eginda, lau zatitan banatu dugu; eta, gero, zati bakoitza beste lau zatitan moztuko dugu.

2. Kuia txikia ere lau zatitan banatu, eta, ondoren, zapoaren tamaina bertsuko hainbat zatitan moztu.

3. Txanpiñoi bakoitza erditik edo hiru zatitan moztu, tamainaren arabera. Jarraian, frijitu aurretik, brotxetak osatuko ditugu, ondoren azalduko den moduan.

4. Lehenik, txanpiñoia jarri; ondoren, zapoa; eta, gero, kuia txikia. Horrela hiru aldiz egin makil bakoitzean.

5. Tomateak garbitu, eta erditik moztu.

6. Zartagin batean oliba olio zurrusta bat bota, eta gehitu baratxuri aleak. Gorritzean, tomateak gehitu, frijitu eta ontzi batera atera.

7. Ontzira, ozpin pixka bat, gatza eta oliba olio zurrusta bat bota, baita perrexil xehatua ere.

8. Brotxetak frijitzeko, zartagin zabal bat edo plantxa erabiliko dugu. Garrantzitsuena ondo-ondo berotzea da. Beraz, oso beroa dagoenean, brotxetak jarri, gatza eta olio zurrusta gehitu, eta hiru bat minutuz eduki alde bakoitzetik.

9. Ondoren, erretilu batera atera, eta tomate oliozpinez ongi busti. On egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude