Astronomian ere, babiloniarrak lehenak

Juanma Gallego / 2016-01-31 / 532 hitz

Babiloniako astronomoek uste zen baino hamalau mende lehenago erabili zituzten kalkulu geometrikoak Jupiter planetaren mugimendua igartzeko, ‘Science’-k argitaratu duenez

Zapatari, Dendarikale, Tejeria… ohikoak dira Euskal Herriko hirietako alde zaharretan lanbide zehatzei eskainitako kaleak. Iraganean izandako jardueren lekukoak dira izen horiek. Horregatik ez da harritzekoa astronomiaren sorlekutzat jotzen den Babilonian astronomoen auzo bat egon izana, Estrabon geografo greziarrak idatzi zuenaren arabera. Auzo horretako biztanleen ezagutzak, ordea, orain arte uste zen baino sakonagoak izan ziren, aste honetan Science aldizkarian ezagutzera eman duten ikerkuntza baten arabera.

K. a. 400-50 urteren inguruan kuneiformean idatzitako testuetan egindako interpretazio berria izan da aurkikuntzaren abiapuntua. Horren arabera, antzinako babiloniarrek geometria erabiltzen zuten planeten ibilbidea igartzeko. Orain arte uste zen kalkulu aritmetikoak baino ez zituztela erabili, eta astronomiari aplikatutako geometria hori XIV. mendean asmatu zela Europan. Aurkikuntza horrek, berriz, zientziaren historia berridaztea ekarriko du. Londresko Britainiar Museoan dauden bost oholtxoei esker egin du aurkikuntza Mathieu Ossendrijver astrofisikariak. Antzinako Zientziaren Historia irakasten du Ossendrijverrek Berlingo Humboldt Unibertsitatean, eta Babiloniako astronomia eta matematika ikertzen ditu bereziki. Hamalau urte inguru eman ditu testu horiek aztertzen.

2014. urtera arte Jupiter planeta aipatzen zuten lau oholtxo baino ez zituen izan eskura, eta horiek interpretatzea oso zaila izan zen. Urte horren amaieran, ostera, bosgarren oholtxoa agertu zen: buru-hausgarria osatzeko gakoa.

Era horretan jabetu zen Ossendrijver Jupiterrek zeruan egiten duen ibilbidea deskribatzeko prozeduraren berri ematen zela oholtxo horietan. Bi trapezio irudikatzeko argibideak agertzen dira bertan. Horietan, 60 egunetan zeruan Jupiter non egongo zen azaltzen da, eta geometria erabiliz, planeta hori urtebetean une bakoitzean non egongo den kalkulatzeko aukera ematen du oholak. Jupiter garrantzi handiko planeta izan zen babiloniarrentzat, haien panteoiaren jainko nagusi Marduk ordezkatzen baitzuen.

Babiloniarrak planeta baten mugimendua igartzeko geometria erabili zuten lehenak izan zirela agerian gelditu da horrela, gutxienez orain arte uste zen baino 1.400 urte lehenago, alegia.

Astrofisikariak Science aldizkarian azaldu duenez, denbora eta abiaduraren irudikapen abstraktua dakar teknika hori erabili izanak.

Mendeetako isiltasuna

Ossendrijverrek egin duen aurkikuntza oso garrantzitsutzat jo du Espainiako CSIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko Barbara Boeck asiriologoak. «Planeten mugimendua ezagutzeko Babiloniako astronomoek teknika geometrikoak erabili izanak bi ondorio dakartza. Lehenik, abstraktutasun maila handi bat lortu zutela, gaur egungo zientzian erabiltzen dugun metodologiaren parean egon daitekeena. Bigarrenik, babiloniarrak jabetzen zirela aljebra eta aritmetika akatsak egon zitezkeela, eta hori ekarpen garrantzitsua da antzinako zientzia pentsaera ulertzeko orduan».

Juan Antonio Belmonte Kanaria uharteetako (Espainia) Astrofisika Institutuko ikertzaileak azaldu duenez, antzinatean uste den baino askoz gehiago zekitela berretsiko luke aurkikuntza horrek. Astroarkeologian aditua da Belmonte, eta, nagusiki, Egipton izandako astronomia du bere ikerketa lerroaren ardatz. Ezagutza hori hamalau mendeetan galdu izana posible ote den galdetuta, zalantzak agertu ditu: «Agian ezagutza honek asko nabarmendu gabe iraun zuen denbora luzean». Adituak antzinako Grezian izandako beste aurrerapen bat jarri du adibidetzat: «Ptolomeok astrolabioa deskribatu zuen lehen aldiz, baina lehen tresna eraiki arte zortzi mende igaro ziren».

Babilonia eta Uruk hirietako 450 bat oholtxok osatzen dute Babiloniarren astronomia corpusa. Gehienetan garai horretan ezagutzen ziren bost planeten eta ilargiaren inguruko datuak agertzen dira.

Planeten itxurazko mugimendua ikusi, eta horren arabera iragarpenak egiten zituzten lehen astronomoek garai urrun haietan. Eta doitasun handiarekin neurtu zituzten hainbat fenomeno. K. a. VIII. mendean ilargi hilabetea zehaztu zuten zenbait minuturen doitasunarekin, eta eklipseak igartzeko, hamazortzi urtean behin izaten den Saros zikloa ere identifikatzeko gai izan ziren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.